Kim Ki-duk: 'negarra eta barrea beste ezer baino adierazkorragoak dira'

Zigor Aldama 2011-05-09 15:48   Bidaide
Hegokorear zinemagilea

Hegokorear zinemagileak ez dau inor epel ixten. Film bakotxak belarrondokoa emoten deutso ikusleari gitxien uste dauenean. Kutxilokadea lepotik, ukabilkadea surrean edota ostikada bat hankatartean. Edozerk balio dau erritmo lasaia, nihilistea apurtzeko. Haren historiak barru-barrukoak eta aldi berean basatiak dira. The isle (2000) filmako protagonisteak bere burua zauritzeko erabilten dauen amuak dardarizoagaz, zur eta lur itxi gintuan. Hortik aurrera, Kim Ki-duk jn.ak gizakiaren alderik ilunenak aztertu eta jorratu ditu eta sari garrantzitsuak irabazi ditu, besteak beste, Zilarrezko Hartza, Berlinen, 2004an, Samaritan Girl filmagaz; Donostiako 2005eko Zinemaldiko FIPRESCI Saria, 3-Iron filmagaz; eta Urrezko Plamondoa Canneseko 2007ko jaialdian, Breath filmagaz.

Hegokorear zinemagilerik ezagunenak irudi gogorrak, sano deigarriak sortzen ditu, ikusleen erretinan luzerako geratzen diran irudiak, hain zuzen. Hobe holan ze Hego Koreako sortzaileerik emonkorrena izan arren, azken hiru urteotan ez dau pelikularik estreinau. Zine independentearen ikur dan sortzailearen erretiro espiritual horretan, Kim Ki-duk jn.ak gure galderei erantzun deutse.


1.- Zure pelikulek muturreko sentimenduak eragiten ditue. Edo maitatzen dozuz edo gorrotatu, Zergaitik ez dago tarteko jarrerarik?

Gure munduan alde bi dagoz. Naturala da, gaua eta eguna bezela, zuria eta baltza dagozan moduan; gizakion kasuan, bakotxaren osoketan, portzentaje desbardinak nahasten dira nortasun indibiduala sortzeko. Holakoak gara gizakiak. Niri muturreko jarrera horreekaz jolastea gustetan jat, bakotxak bere nortasuna dauen arren, sakonean danak garelako bardinak. Uste dot zuria eta baltza oinarrian kolore bera dala. Akaso, batzuei kosta egiten jake onartzea eta euren burua erasotua sentiduten dabe gorrotatzen dituen personaiakaz bat egiten dabenean.


2.- Bitxia bada be, zure personaiek kontraesanen mundu hori eta muturreko jarrera horreek bikain erakusten ditue ia berbak erabili barik. Zergaitik?

Sinistuta nago negarra eta barrea beste ezer baino adierazkorragoak dirala. Eta isiltasunean ez dagoala sekula guzurrik.


3.- Zure pelikulak askoz arrakastatsuagoak dira zure jaioterri Hego Koreatik kanpo. Atzerrian hobeto ulertzen dira zure filmak?

Ez dakit zergaitik pasetan dan hori. Beharbada zeuk jakingo dozu neuk baino hobeto. Egia da, atzerrian gehiago disfrutetan dau jenteak nire filmakaz baina horren arrazoiak ez deustie burukominik eragiten. Nik bizi esperientziak eta sentimenduak adierazoten dodaz eta nori, non, zergaitik eta antzeko galderei erantzunak emoten saiatu be ez naz egiten.


4.- Azken 15 urteotan 13 film zuzendu dozuz. Baina 2008. urtetik ez da erraza zugaz bat egitea. Erretirau egin zara ala deskantsua behar zenduan?

Bai. Aitatu urte horretako zezeiletik ezin izan dot pelikularik egin. Triste nago. Bimong (Dream) haretatik ez daukat seguridaderik eta bildur naz nire pelikulak zentzunezkoak ete diran gaur egungo ikus-entzuleentzat. Nire burua ez dot kapaz ikusten jentearen arteko ika-mika edo matraka eta horreen osteko bakea lako egoerak kontetako; momentu emozionanteak sortzeko ezintasuna sentiduten dot. Urteetan aurrera joan ahala, bizitza ederragoa dala pentsetan dot baina aldi berean tristeago sentiduten naz eta horrek ez deust sortxen ixten. Barriro sortze prozesu horretara bueltetea gustauko litxakit baina horretarako bihotzak agintzen dau, bizitzaren sekretua deskubridu eta orduantxe izan daiteke momentu egokia... Orain zoriontsu bizi naz natureagaz bat eginik, artisau lanetan, niretzako jatekoa eginaz.


5.- Bien bitartean, zure herrialdeko industria zinematografikoa geroa eta ezagunagoa da munduan. Hego Korea herri txikia, Espainia baino txikiagoa izan arren, hango zinemak indar handia hartu dau. Zergaitik?

Zinemaren historiaren testuinguruan, ez dot uste zinema hegokorearra hain arrakastatsua danik; edozelan be, XX. mendearen amaieratik indar handia hartu dau, batez be, Asian. Hori bai, gure herrialdaren historia oinarri-oinarrizkoa da zergaitia ulertzeko. Lehenengo eta behin japoniarren inbasinoa izan genduan eta 36 urteko agintaldia ezarri eben. Gero, Koreako Gerreak peninsulea erdibitu egin eban. Herritarrek gogor egin eben burrukan herrialdea berregiteko eta ongizate materiala eta hezkuntzea obsesino bihurtu ziran; horren ondorioz, kulturearen eta moralaren aldetik belaunaldi ezegonkorrak etorri ziran eta oraindino be gosearen bildurra eta orduko egoera ezin izan ditue ahaztu. Horregaitik, lehiakortasuna gehiegizkoa be bada gaur egun. Nik neu be nire aitak bizitako gerra baten eraginpean bizi nazela igarten dot. Esangura horretan, hegokorear zinemak aitatu obsesino horreeek islatzen ditu eta munduari nahitaez ikuspegi berezia eskaintzen deutso.


6.- Zelan eragiten deutso herrialdearen isolamenduak sormenari?

Isolamendu horrek goitik behera eragiten deutso sormeari. Bizi dogun tensino eta tragedia osogai dira sortzaileentzat. Horreek oinarri hartuta pelikula bizi eta emozino handikoak sortzen doguz eta, bien bitartean, aitatu osogaiakaz Hollywood-ek entretenimendua egiten dau. Produkzino horreetan ona eta txarra ondo zehaztuta dagoz eta jenteak tiro egiten dau ezelako duda barik.


7.- Europan ez bezela, Hego Korean pelikula desbardinak produziduten dira, aurrekontu gitxiko film independenteak zein zientzia fikzinoko blockbusters erraldoiak...

Nire pelikulak atzerriko diruagaz egin dodaz beti eta ikus-entzule kopuru ikaragarrien bila dabilzan produkzino-etxe korearrak ez dira sekula nigaz ibili. Sarritan enpresa horreek egile-pelikulak egin behar izaten ditue derrigor duintasunari eusteko baina gaur egun diruak agintzen dau eta besterik ez da gogoan izaten. Askotan modu independentean arrakastea lortu daben zinemagileei presinoa egiten jake produkzino erraldoietan parte hartu deien. Atara kontuak, gaur egun konpainia bakar batek kontroletan dau dana: produkzinotik banaketara doan guztia, hain zuzen. Beraz, eurek gura dabena egin leikie. Horregaitik, gure herrialdeko zinema independentea arriskuan dagoala pentsetan dot. Bide bakarra 100.000 dolarreko gitxieneko aurrekontuagaz eta digitalean filmatzea da.

Pena itzela da gure industria zinematografikoaren ganean holan berba egitea, hain irudi ezkorra izatea. Baina kapitalismoa holakoa da.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu