Badator 'Musika dibertigarria da' umeei eta helduei zuzendutako kontzertu didaktikoen proposamen barritzailea
2011-05-03 18:44 MusikeaEkimen berezi horren helburua gure uriko biztanleen artean musikarako zaletasuna piztea da, batez be musika klasikoaren eta hain ezagunak ez diran estiloen aurreko zaletasuna.
Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak Musika dibertigarria da programearen edizio barria jarriko dau martxan maiatzaren 6an. Ekimen berezi horren helburua gure uriko biztanleen artean musikarako zaletasuna piztea da, batez be musika klasikoaren eta hain ezagunak ez diran estiloen aurreko zaletasuna. Holan, hurrengo lau barikuetan, Abando-Barrainkuako Udaltegiak, helduei zuzendutako hiru kontzertu didaktiko eta batez be 5 urtetik gorako umeentzat diseinautako musika-antzerki saio jasoko ditu.
Aurten laugarren edizinoa beteko dauen kontzertu didaktikoen ziklo honek, hain komertziala ez dan musikea, prestakuntza maila handia daben personentzako baino ez dala egokia dinoan ideia baztertu nahi dau, eta musika genero horreetara ikus-entzule barriak erakarri nahi ditu.
Musika dibertigarria da datorren barikuan hasiko da (18:30ean), Musikaz blai izeneko umeentzako antzerki musikalagaz, Inés Martínez de Iturrateren eskutik. Familia osoari zuzendutako ikuskizunak ikus-entzuleei abesteko eta jantzan egiteko konbita luzatzen deutse, mundu osoko txoko guztietatik ekarritako musikakaz.
Bigarren kontzertua maiatzaren 13an izango da, arratsaldeko 20:00etan, eta protagonistea saxofoia izango da. Sax@roa izenburuagaz, kontzertu pedagogiko honek saxofoiaren, jazzaren eta horren interprete handien historia aztertuko dau. Roberto Pachecoren zuzendaritzapean, saxo laukote batek, pianoaren, kontrabaxuaren eta bateriaren erritmo oinarriagaz batera, entzule helduei zuzendutako ikuskizun barritzaile honi formea emongo deutso.
Hurrengo saioa, maiatzaren 20an (20:00etan), Improntu Taldearen eskutik etorriko jaku, Antonin Dvorak (1841-1904) musikarian oinarritutako ikuskizunagaz. Dvorakek Europako musikan izan eban eragina, Txekiako musikagile handien arteko bereziena eta arrakastarik handiena lortu ebana izan zan. Oso trebea izan zan bere nazinoko musika tradizionalak eta musika sinfonikoa buztartzen.
Víctor Jiménez Domínguez piano jotzaileak eta José Manuel Cacho biolin jotzaileak (Oskorriko kide ohiak) sortutako Improntu Taldeak errepertorio zabala menperatzen dau, Mozarten edo Beethovenen musika klasikotik Debussyren edo Ravelen inpresionistara, Vivaldiren edo Bachen barrokotik eta Chopinen edo Tchaikovskyren erromantizismotik igaroz. Bere emonaldietan musika piezen interpretazinoa eta aitamen atseginak txandakatzen ditu, zorroztasun historikoa galdu barik, entzuleak kontzertu bakotxeko garaietara eta musikagileakana hurreratzeko.
Maiatzaren 27an, kontzertu didaktikoen programearen edizino hau zarratuko dauen saioa txalaparteari eskainita egongo da, eta arratsaldeko 20:00etan izango da. Txalaparta, un encuentro, un camino izenburupean, Ander Sánchezek eta Majarambú Taldeak, txalapartearen oinarriak ezagutzera emon eta entzuleen artean musika tresna horren aurreko jakinmina eta interesa sortu nahi dauen kontzertua eskainiko dabe, kulturartekotasunaren birtuteak erakutsiz.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!