Emigrazino txinatarraren erradiografia (I)
2011-04-29 16:46 Bidaide¿Parli italiano? Ez. ¿Y español? Ba, bai. ¡Qué bien, bienvenido a Qingtian! Duda barik, ekialdeko Zhejiang eskualdeko tren-geltoki ilun honetan, ezusteko poliglotak egindako ondoetorriak agirian ixten dau Qingtian leku berezia dala. Pausu batzuk emotea nahikoa da konturatzeko 450.000 biztanle inguruko uria emigranteen jaioterria dala.
¿Parli italiano? Ez. ¿Y español? Ba, bai. ¡Qué bien, bienvenido a Qingtian! Duda barik, ekialdeko Zhejiang eskualdeko tren-geltoki ilun honetan, ezusteko poliglotak egindako ondoetorriak agirian ixten dau Qingtian leku berezia dala. Pausu batzuk emotea nahikoa da konturatzeko 450.000 biztanle inguruko uria emigranteen jaioterria dala.
Geltokia dagoan plazeak Tiananmenen zeozelango antza dauka. Zabalune garbi eta aspergarria da, eta bazter batean bandera moltso bat, monotoniari aurre egiteko igesbide bakarra. Arreta handiagoz begiratu ezkero, ezusteko txiki bat: metalezko mastetan, bost izar hori hondo gorrian izan ezean, danetariko ikurrak ikusi leitekez. Horrek koloreak, horia eta gorria, agiri dira bai, eta nabarmen ganera. Izan be urruneko beste herrialde bategaz daukie loturea koloreok, Espainiagaz, hain zuzen be. Uri honetan Espainia ez dago-eta hain urrun be. Bandera bakotxak alkarte baten irudia dauka grabauta; esaterako, Euskadiko Txinatarren Alkartea edo Txinako Alkarte Gastronomikoa Espainian. Baina Qingtianen eragina urrunago be ailegatzen da, Ekuadorreraino edo Brasileraino, adibidez.
Hori gitxi ez eta plazearen beste aldean, aurrez-aurre, pantaila erraldoi batean iragarki bitxiak ikusten dira, berbarako, Fuenlabradako (Madril) supermerkatu txinatarrra, serrano pernilez eta oliba-orio botilaz ganezka. 'Dana ehun pezetan' dendetako trasteen arrastorik ez. Jakina, iragarkiaren helburua ez da Txinako uri honetako bezeroak erakartea, baizik eta bertakoek kanpoan zenbaterainoko oparotasuna lortu daben erakustea. Qingtian opatsuagoa eregi deigun dinoe Udaletxeak erreka bazterretan ipini dituan ideograma itzelek. Baina, zelan? Ba, hemendik ospa eginez.
Hemen hamar gizonetik bostek gaztelaniaz daki, dino taxi-gidari batek, heldu barriaren nazionalidadea zein dan galdetu ostean. Larregi da berak esandakoa, baina argi dago: Espainiako emigrante txinatar gehienak Qingtianekoak eta alboko Wenzhoukoak dira. Estadistika ofizialik ez badago be, antza danez emigranteen % 70 bertakoak dira.
Antonio Segurak, Espainiako konsulak Shanghain (Zhejiang eskualde horretan dago), gehienak leku horreetakoak dirala onartzen dau. Bizkaie! bertan egon da immigrazino isil eta zarratu horren mekanismo gatxaren barri emoteko. Datu ofizialen arabera, 1961ean 161 txinatar besterik ez egozan Espainian. 1995ean, 10.000 txinatar ziran; baina, igaz kopuruak nabarmen egin eban gora, 170.000 laguneraino. Dana dala, papelik bako txinatarrak kontuan hartu ezkero, leitekeana da danetara 240.000 izatea.
Krisialdi ekonomikoa larria izan arren, Europak erakarteko ahalmen ikaragarria dauka oraindino Qingtianeko biztanleentzat. Izan be, makina bat eskola dagoz herrian gazteei Mendebaldera joateko preparetako. Ikastetxeotan hizkuntzea erakusten deutsie, halan edo holan, ganetik bada be, eta horregaz batera, lanbide batzuen ikastaro azkar-azkarra, berbarako, sukaldari, zerbitzari, umejagole edo jostun izateko. Italiera eta gaztelania dira gehienek ikasi gura dituen hizkuntzak. Gazte askok lagunak edo familiakoak daukez han, eta hizkuntza apurtxu bat jakinda errazago konpontzen dira, azaltzen dau Wang Ju Li Hong Yuan Kanpo-Trebakuntzarako Eskolako arduradunak. Hemendik urten gura dauen jentea da, ikasketa gitxi euki arren behar egiteko gogo handiagaz, dino.
Estadistikak arrazoia emoten deutso Wangi: autonomoetan izena emoten daben bost kanpotarretik bi txinatarrak dira. Espainiarren artean ehunekoa askoz txikiagoa da, eta ez da osotasunaren % 3ra heltzen (2010ean 150.000 ziran).
Baina, Schengen esparruan (Espainia barruan dago) bisaduen ganeko arauak sano gogorrak dira, eta ez da erraza Xibanyara sartzea. Horregaitik, Qingtianen gero eta negozio gehiago dagoz, batzuetan legez kanpo bada be, eskatzaileak beharrezko baldintzak betetea lortzen dabenak. Egia da tranpati batzuk egon badagozala. Gainerakoei ospe txarra emoten deutsie, onartzen dau Segurak. Zorionez, gero eta gitxiago dira, eta badakigu zelan bereizi. Pasaporteen eta beste agiri batzuen faltsotzeak behera egin dabe Shanghain. Edozelan egindakoak dira, sano txarrak, dino brometan konsulak.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!