Hiztegirik ez dauen hizkuntzea

Bizkaie! 2011-04-28 14:05   Euskerea berbagai

Zer komunikazino dago berba erdirik esan barik horma bat alkarregaz margotzen dagozan bi lagunen artean? Zelan lortzen dogu berba bakar bat bialduta mezu oso bat ulerrarazotea? Zelan leiteke bi lagunek eretxi kontrajarria izatea platanoaren zaporeaz, eta bietako inor oker ez egotea? Ironia negatiboa al da beti?

Zer komunikazino dago berba erdirik esan barik horma bat alkarregaz margotzen dagozan bi lagunen artean? Zelan lortzen dogu berba bakar bat bialduta mezu oso bat ulerrarazotea? Zelan leiteke bi lagunek eretxi kontrajarria izatea platanoaren zaporeaz, eta bietako inor oker ez egotea? Ironia negatiboa al da beti?

Holako galderentzako erantzun bila dabilz UPV/EHUko Hizkuntza Ekintza Gisa: Semantika, Pragmatika eta Erretorika taldean. Esanahiagaz, komunikazinoagaz eta hizkuntzearen erabilereagaz zerikusia dauen guztia dogu aztergai, azaldu dau Kepa Korta taldearen zuzendariak. Hizkuntzearen Filosofian, Semantikan eta Pragmatikan aditua da bera, eta Filosofiaren, Hizkuntzalaritzearen zein Matematikaren alorreko ikertzaileak ditu taldekide. UPV/EHUko Logika, Kognizinoa, Hizkuntza eta Informazinorako Institutuan (ILCLI) dabe egoitzea, Donostiako Mirakruz Gainean. ILCLIren zuzendaria be bada Korta.


Pragmatika kritikoari buruzko liburua

Taldearen izenak berak adierazoten dauen lez, semantikea, pragmatikea eta erretorikea dira euren ikerketearen hiru ardatzak. Hiru ikuspegitatik definiduten dabe esanahia. Lehena, berben esanahia (semantikea). Bigarrena, berbek daukien esanahitik abiatuta, gizakiok zer esan nahi dogun esaldi bat egiten dogunean (pragmatikea). Eta hirugarrena, esan nahi doguzan berba horreen bidez, zelan saiatzen garen besteen gogo-egoerak aldatzen (pertsuasinoa, erretorikea), azaldu dau Kortak. Hiru alor horreen artean, bigarrenak, pragmatikeak, dauka garrantzi handiena taldearentzat: Hizkuntzea ekintza moduan ikustea. Hizkuntza hiztegietan dagozan berbakaz eta gure gramatikako arauen arabera definiduten dan zeozer lez ikus daiteke, baina guk bestela ikusten dogu. Berbetea da: esan nahi dogun hori berbetatik harago doa, edo desbardina da goitik behera.

Hain zuzen be, pragmatika kritikoa esaten deutsien horren harian, Critical Pragmatics. An Inquiry into Reference and Communication izeneko liburua (Cambridge University Press) argitaratzekotan da Korta bera, John Perry taldeko kolaboratzaileagaz (Kaliforniako Stanford eta Riverside unibersidadeetako katedraduna). Lan horrek oihartzuna izango dauelakoan dago: Erreferentziaren gaiaren inguruko teoria pragmatikoa hazurmamitu dogu: zelan lortzen dogun objektu eta personei erreferentzia egitea, zer berba erabilten doguzan horretarako, eta berba barik be zelan lortzen dogun jakinarazotea zeri buruz gabilzan.

Teoria hori alor zehatzetara apliketan be badabilz taldeko zenbait ikertzaile. Joana Garmendiak, esaterako, ironia zelan gertatzen dan dauka aztergai. Eros Corazza, barriz, fikzinozko izenez hausnartzen dabil, erreferentziaz hustuak ete dagozan, edo zeozeren adierazpide dirala esatea onargarria dan. Antzeko zeozer ikertu dabe Maria Pontek eta Kortak be, baina denporeari erreparauta: gaur loteria irabaziko ebala esan baeban bateren batek eta hori gertatu ez bada, atzoko esaldi hori faltsua al da orain?


Nazinoarteko biltzarra zemendian

Kanpoko kolaboratzaileak zein atzerriko ikertzaileak ditue taldean, baita atzerrira doazen bertako kideak be. Oraintsu doktore-tesia egin dauen ikertzaile bat, Larraitz Zubeldia, esaterako, Londresko University College-eko (UCL) Hizkuntzalaritza Sailean dago orain.

Nazinoartekotasuna baita taldearen ezaugarri nagusietako bat: ingelesez egiten dabe lan gehiena. Eta ingelesez antolatzen dabe Semantika, Pragmatika eta Erretorikeari buruzko Nazinoarteko Biltzarra be (SPR-11). Oso kontu garrantzitsua izaten da nazinoarteko hartu-emon egonkorrei eusteko, azaldu dau Kortak. Hiru urtean behin egiten dabe, eta, hain zuzen be, aurten izango da hurrengoa, zemendiaren 9tik 11ra, Donostian. Orain hori antolatzen dabilz buru-belarri, eta, besteak beste, UCL, Oxford eta Stanford unibersidadeetako zenbait ikertzailek dagoeneko baieztatu dabe hizlari izango dirala bertan.


Gogoa, euskerazko aldizkaria

Ingelesez egiten dabe lan, gaur egun ikerketearen liga nagusia ingelesez jokatzen dalako, baina euskereari ahalik eta tarte handiena egiten deutsie. Ahalegin horren uzta da Gogoa, ILCLIk argitaratzen dauen hizkuntzeari, ezagutzeari, komunikazinoari eta ekintzeari buruzko ikerketa-aldizkaria. Euskerea alor horreetatik aparte ez geratzeko sortu gendun, alor horreetan be prosa zientifikoa lantzeko, azaldu dau Kortak. Emoitzeagaz pozik dagoz, baina, aldi berean, kritiko agertu da ikerketa-alorrean euskereari emoten jakon tratamenduagaz, gatxa izaten baita euskerazko idatzi batek merezidutako autortza izatea: Ebaluazino-agentziek, baita EAEkoak be, ez deutsie garrantzi handirik emoten euskeraz idatzitako artikuluei. Munduko onena edo txarrena izan, ez dira edukiaz kezkatzen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu