Ikasle nerabeek telebista edo Internet behar bezela erabilten ikasi behar dabela dino EHUko katedra batek

Bizkaie! 2011-04-20 15:53

Hauxe da gure hipotesia: landu daiguzan telebistak transmitiduten dituan edukiak, deskodetu daiguzan. Zer ari da gertatzen hor? Normala al da sexu-harremanak izatea irakasleen eta ikasleen artean? Normala al da gazteek darabilten hizkerea? Zergaitik dago ondo? Zergaitik txarto?

Ikasle nerabeek telebista edo Internet erabilteari itxi beharrean, komunikabide horreek behar dan moduan erabilten ikasi behar dabela dino Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Filosofia eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean dagoan Komunikazinoaren eta Hezkuntza Balioen Unesco Katedrak.

2009ko abenduan katedra martxan jarri ebenetik egindako ikerketetan ikusitakoari egiten deutso erreferentzia premisa horrek. Hedabideak, teknologia barriak eta Internet gehienbat, sozializazio-eragile legez doguz jomugan. Ziur gagoz nerabearen sozializazinoan familiak, lagunek eta ondoren hedabideek esku hartzen dabela gehien. Frogatuta dago hedabideek eskolak baino garrantzia handiagoa dabela, adierazo dau Concepcion Medrano katedraren koordinatzaileak.

Medrano katedraduna da Bilakaerearen eta Hezkuntzearen Psikologian. Koordinetan dauen taldeko kideak Psikologian, Pedagogian eta Kazetaritzan adituak dira, eta EHUtik eta Guadalajarako (Mexiko), Malagako eta Zaragozako unibersidadeetatik datoz.

Hedabideen artean, orain arte telebista ikertu dabe gehien. Telebista-dieta, nerabeen balioak eta identidadea proiektuari esker lortu ditue lehen emoitzak. Proiektu horretan, 14-18 urteko 1.220 nerabe aztertu ditue; donostiarrak (125 ikasle), Macorisekoak (Dominikar Errepublika), Zaragozakoak, Guadalajarakoak (Mexiko), Orurokoak (Bolivia), Malagakoak, Rancaguakoak (Txile) eta Dublingoak dira nerabeok.

Ikerketa horretako emoitza batzuk deigarriak dira. Adibidez, Medranok azaldu dauenez, ikusten ari gara Donostian ez dituela uste bezain beste ordu emoten telebistaren aurrean (egunean 2,45 ordu astegunetan, eta 2,87 ordu asteburuetan). Dublinen 4,58 orduz ikusten dabe astegunetan, eta 4,65 orduz asteburuetan. Oro har, beraz, telebistaren aurrean emondako orduek ez dabe horrenbesteko tarterik hartzen, eta ordu gehiago igaroten ditue familiagaz eta lagunekaz, bai eta eskuko telefonoa erabilten be.

Gazteak kezkatu egiten dira heuren telebistako pertsonaia gogokoenez, eta horrek erakusten dau horreekaz identifiketan dirala. Horregaitik, nerabeek personaia horreekandik gehien maite dituen ezaugarriei erreparetea erabilgarria da, telebistatik atzemoten dituen balioak ikusteko.

Personaia jakin bat euren gogokoena izateko dituen arrazoien artean, pertsonaia hori jatorra eta umoretsua izatea lehenesten dabe. Personaiaren nortasuna, lana, izaera konformaezina eta menperakatxa eta adimena dira hurrengo erispìde garrantzitsuenak, eta azkena, fisikoki erakargarria izatea. Fisikoari emoten deutsie balio gitxien, eta oso interesgarria da hori, adierazo dau. Gainera, Medranok nabarmendu dau balio kolektibistak atzemoten dituela personaia horreekan, indibidualistak baino gehiago.

Era berean, badirudi bizi-esperientzia gitxien daben nerabeek joera handiagoa dabela telebistan agertzen dan guztia sinisteko. Medranoren arabera, zenbat eta bizi-esperientzia txikiagoa izan, orduan eta modu errealistagoan jararitzen dabe telebista. Adibidez, kalera urteteko ohitura handirik ez dauen nerabe batek telesail bat ikusten badau eta telesail horretan gazteek astebururo alkohola edaten dabela ikusten badau, pentsauko dau portaera normala dala hori. Zenbat eta errealismo handiagoa atzemon, orduan eta identifikazino handiagoa izaten da hedabidean agertzen dan horregaz.

Laburbilduz, emoitzek dinoe nerabeak identifikau egiten dirala telebistako personaia jakin batzuekaz, eta horrek sendotu egiten dau katedrako kideek defendiduten daben premisea, telebistako edukiak eskolan jorratzeari jagokonez. Hauxe da gure hipotesia: landu daiguzan telebistak transmitiduten dituan edukiak, deskodetu daiguzan. Zer ari da gertatzen hor? Normala al da sexu-harremanak izatea irakasleen eta ikasleen artean? Normala al da gazteek darabilten hizkerea? Zergaitik dago ondo? Zergaitik txarto? Hau da, lan egin daigun gustukoen dituen telebistako narrazinoakaz, telebista ikusten ikasteko eta hedabideei aurre egiteko gaitasunak garatzeko. Irakasleakaz lan egin behar da, askotariko narrazinoetan balioak atzemoten ikasi deien.

Hain zuzen be, bide hori urratzen jarraitzeko asmoa dabe katedrako kideek, izan be, telebisteagaz bezela, bardin sakondu nahi dabe orain beste hedabide batzuek (Internet eta bideo-jokoak, kasu) transmitiduten dituen balioetan. Gurasoentzat, irakasleentzat eta ikasleentzat gida-liburuak jorratzeko asmoa daukagu, gaitasunak garatzeko eta telebistan, Interneten eta beste hedabide batzuetan zelan esku har daitekeen irakasteko. Hori guztia, hedabideak erabilten ikasteko, eta ez hedabideak erabilteari ixteko, esan dau Medranok.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu