Aste Santu odoltsua

Zigor Aldama 2011-04-20 12:19   Bidaide

Filipinetan kurutziltzatuen untzeak altzairuzkoak dira eta 13 bat zentimetrokoak; horrezaz gan, arantza-koroa be benetakoa izaten da. Penitentzigileek hartzen dituen zigorradak be ez dira guzurretakoak. Odolak, izerdiak eta hautsak Kristoren sufrikarioa berpizten dabe, ezelako efektu berezirik barik.

Gore filma izan eitekean baina bene-benetakoa da. Jesu Kristo bihurtutako eta kurutziltzatutako jarraitzaile eta fededunek Cutud San Pedroko kaleetan ibilalditxua egiten dabe orain milurteko bi euren Mesiasek egin eban legez. Dana dala, munduko beste leku batzuetan ez bezela, kurutziltzatuen untzeak altzairuzkoak dira eta 13 bat zentimetrokoak; horrezaz gan, arantza-koroa be benetakoa izaten da. Penitentzigileek hartzen dituen zigorradak be ez dira guzurretakoak. Odolak, izerdiak eta hautsak Kristoren sufrikarioa berpizten dabe, ezelako efektu berezirik barik.

Gauzak holan dirala, Bariku Santuz, Manila iparraldean, 70 bat kilometrora dagoan Filipinetako herri txiki honetan, ohikoak dira odol jarioa, konorte galtzea eta gonbitularriak. Milaka ikus-entzule izaten dira eta saltsa horretan Mel Gibson pozarren ibiliko litzateken arren, Vatikanoa ekitaldiaren kontra azaldu da jentaurrean. Halan da be, Asian gehiengo katolikoa dauen herrialde bakarrean fedeak ez dauka mugarik eta bertako Eleizea be ez dago Aste Santua ospatzeko modu berezi horren kontra. Batzuk pentsetan dabe sakrifizio horreek eginaz Jaungoikoaren parkamena lortuko dabela baina egia esan, hori lortzeko norberaren burua zauritzea ez da beharrezkoa. Nik ez dot euren fedea kolokan jarten baina ekitaldiok ez dira nire gustoko dino Ricardo Serrano San fernandoko katedraleko monsinoreak.

Ikuskizunaren hasieran, plastikozko lantzaz armatutako erromatar zenturioiek Jesus atxilotu eta Poncio Pilatosen aurrera eroaten dabe. Historian ez dago aldaketarik eta urteroko zigorrari eusten jako. Tradizinoa espainiar misiolariek abiatu eben XVI. mendean baina 1992tik aurrera, Cutudeko San Pedroko herritarrek sano polemikoa dan prozesinoari ekin eutsien. Ordutik munduko prozesinorik polemikoena da Filipinetako herri horretakoa. Gizonezkoak ez eze, emakumezkoak be kurutziltzatzen dira eta nozonoz kanpotarren batek be modu aktiboan parte hartu izan dau; hori bai, 2006an, britainiar batek atzera egin eban azkenengo minutuan eta hori ikusita bertako agintariek galarazo egin eban atzerritarren parte-hartzea.

Cutudeko San Pedroko Bariku Santua ikuskizun basatia dala dinoenak badira, turismoa erakarteko antolatzen dala, hain zuzen be; baina herrian beste askok dinoe gustau ez arren, errespetau egin behar dala fededunek pekatuak zuritzeko hartzen daben erabagi hori. Kontuak kontu, polemikea urtero sortzen da Filipinetan eta gero eta gehiago dira fedea norberaren odolagaz erakusten dabenen ikuskizunera hurreratzen diranak.

Filipinetako Aste Santuaren ospakizunean persona bi nabarmentzen dira: Rubén Enage eta Rolando Ocampo. Lehenengoak 53 urte daukaz eta aurten Kristoren papela 25. aldiz beteko dau eta, beraz, 25. aldiz kurutziltzatuko da. 1984. urtean, andamio batetik jausi eta hilzorian egon arren, bizirik jarraitzen dauela Jaungoikoari eskerrak emoteko modua da. Berbea emon neban hurrengo 20 urtean kurutziltzauko nintzala adierazo dau. Baina ixteko erabagia birritan hartu dodanean, Jaungoikoak ez deust baimenik emon eta nire emaztea gaixorik jarri da; egoera bi horreetako batean hilzorian egon zan ganera. Horregaitik ahal dauenera arte jarraituko dau Aste Santuan sufriduten. Medikuak hurreratu arte, hamabost minutu inguru egiten ditu kurutzean kurutziltzatuta eta denpora tarte horretan, Enage-k familiaren, herrialdearen eta ikusle guztien alde errezetan dau.

Beste alde batetik, 56 urteko Rolando Ocampo jn.ak 17 urtegaz parte hartu eban lehenengoz prozesinoan. Baina 1990ean emon eban kurutziltzatzerainoko pausua. Emaztea lehenengo umea erditzeko egoala, hilzorian egon ei zan eta Jaungoikoak gizonaren errezuak entzun eta emaztea salbau egin zan. Orduan berbea emon neban ondorengo Bariku Santuetan kurutziltzatuko nintzala eta agindutakoa beteten nago azaldu dau. Kurutzean egoala Jesu Kristoren sufrimendua esperimentetan dogunean jaubetzen gara zelako mina eta sakrifizioa pasau zituan.

Ocampo eta Enage heroitzat ditue Filipinetan askok baina badira kontra dagozanak be eta erlijinoagaz ikuskizun basatia egitea eta horren kontura aberastea leporatzen deutsie.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu