Pazko-domekan morrokotea izango da Gorbeialdeko okindegietan
2011-04-19 10:51Kristinautasunean Pazko-eguna jai handia da, Kristoren berpizkundea ospatzen da eta. Egun horretan, eleizkizunakaz batera oraindino ohitura zahar bati eusten jako urtero herri batzutan, eta gehienbat Gorbeialdeko herrietan: aita-amabitxiek euren besoetakoei arrautza bat edo gehiago daroazan ogi berezi bat oparitzen deutsee.
Kristinautasunean Pazko-eguna jai handia da, Kristoren berpizkundea ospatzen da eta. Egun horretan, eleizkizunakaz batera oraindino ohitura zahar bati eusten jako urtero herri batzutan, eta gehienbat Gorbeialdeko herrietan: aita-amabitxiek euren besoetakoei arrautza bat edo gehiago daroazan ogi berezi bat oparitzen deutsee. Ogi horrek izen desbardinak hartzen ditu eskualdeen arabera: mokotsa, morrokotea, olatea, kornitea, pazkopile...
Aratosteen ostean, Garizumea eta Aste Santua datoz. Aste Santua Erramu-domekearen eta Pazko-domekearen artean luzatzen da eta bertan Jesusen pasinoa, heriotzea eta berpizkundea gogoratzen dira. Zapatu Santuko gau-ospakizunean, Jesus berpiztua irudikatzen dauen su barria isiotzen da, Kristok heriotzea gainditu dauela adierazoteko; hurrengo egunean, Pazko-domekan, eleizkizunakaz batera, oraindino ohitura zahar bati eusten jako urtero Bizkaiko herri batzutan, eta batez be Gorbeialdean, aita-amabitxiek euren besoetakoei arrautza bat edo gehiago darozan ogi berezi bat oparitzea da usadioa. Ogi horrek izen desbardinak hartzen ditu eskualdeen arabera: morrokotea edo mokotsa Arratian, olatea Orozkon, pazkopile Busturian, kornitea Santurtzin... Itxureari jagokonez, toki batzuetan borobilak izaten dira eta beste batzuetan triangelu itxurakoak.
Morrokotea, mokotsa, olatea, pazkopila, kornitea... Pazko aldian oparitzen diran arrautzadun ogi horreen esangurea arakatzerakoan, kontuan izan behar da antxinako kultura askotan arrautzea jaiotzearen, ugalkortasunaren eta berpizkundearen sinboloa zala, eta badirudi kristinauen artean berpiztu dan Kristo irudikatzen dauela. Argi dagoana zera da: aita-amabitxien eta besoetakoaren arteko loturea adierazoten dauela, eta bateoagaz be zerikusia izan leikela.
Pazkoetan arrautzea oparitzea munduko hainbat herrialdetan gordeten dan ohiturea da, besteak beste Ingalaterran, Estadu Batuetan eta Erdialdeko Europan. Katalunia aldean be txokolatezko arrautzea, mona deritzona, oparitzen deutsee aita-amabitxiek besoetakoei.
Nahiz eta oraindino bizirik iraun, morrokotea edo mokotsa oparitzeko tradizinoaren indarra galtzea beste sasoi batzuetan baserrietan astero egiten zan labe-suaren gainbehereagaz batera gertatu da. Lehenago baserri bakotxak, zapatuero aste osorako ogia egiten eban eta Pazko-domeka bezperan, Zapatu Santu egunean, asteko labe-sua aprobetxatuz egiten ziran mokotsak. Gaur egun, baserrietako labe-sua ia-ia iraganeko erlikia bihurtu bada be, badagoz han-hemenka ohitura zaharrari eusten deutsien okindegiak, eta Gorbeialdean, batez be Arratia aldean, morrokotea oparitzeko aukerea izaten da, bertako okindegiek salgai izaten dituelako.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!