Pernan Goñi: 'Marrazteaz bizitea erabagi neban, nahiz eta alokairuan betiko segidu behar'
2011-04-15 12:51 BarriketanGara egunkariko Gaur 8 gehigarrian argitaratutako biñetak album batean batu ditu Pernan Goñik. Komikilari oñatiarrak alokairuzko etxebizitza bateko pasadizoez barre egiten dau, berezko esperientzietan oinarrituta. Horror Morror da erdarazko komikiaren izenburua, horrela deitzen eutselako etxeari Goñik eta pisukideek. Euskeraz, Alokairuan izenburuagaz kaleratu da.
1.- Noiz eta zelan hasi zinan komikiaren munduan?
Oso gazte hasi nintzen, 14 urte nituala, Oñatin, bertako fanzinerako komikiak eginez. 15 urtegaz saritxu bat irabazi neban, eta horrek animau ninduen jarraitzera. Urteotan danetarik egin dot, beti be ilustrazinoaren inguruan; diseinu grafikoa, eta abar. Urte askotan ez dot komirik egin; orain, barriz, 42 urtegaz, komikia da nire betebehar nagusia. Gaur egun, prentsarako egiten dodazan biñetak eta animazinozko lanak dira nire diru-iturri nagusia.
2.- Zelangoa da komikigilearen bizimodua?
Pentsau zeinkena baino normalagoa da. Goizeko zortzietan jagiten naz, armozau eta etxean bertan lanari ekiten deutsat. Ordenagailu aurrean denpora asko emoten dot; besteen biñetak eta komikiak begiratzen, albisteak irakurten, sare sozialetan...
3.- Bloga be izan zendun denporaldi batez. Zergaitik eten dozu?
Denpora asko kentzen eustan. Blogosferan sartu eta orduak pasetan dira; blog batek beste batera eroaten zaitu, estekak ipini behar dozuz.... Marrazteak energia asko eskatzen dau eta amaitzean nekatuta egoten naz. Nik ez dot inoiz blogaria izateko asmorik izan, nire burua ezagutzera emoteko egin neban. Orain ez dot holangorik behar. Baina Internet oso gustokoa dot, eta beharbada egingo dot beste zeozer. Internet jostailu bat da niretzako, lagunekaz tabernan egotea modukoa. Twitter-en oso ondo pasetan dot. Ganera, nik erraz egiten dot negar eta sare sozialetan adorea emoten deustie. Oso ondo etorten jata. Etxean lan egiten dogunontzat, sare sozialak bulegoko terapia modukoa dira. Bulegokideek kafea hartzen dabenean terapia egiten dabe, jefeaz txarto berba egin eta holangoak. Ba, etxean bakarrik behar egiten dogunok sare sozialetan topetan dogu hori.
4.- Zertan aldatu dau Internetek zure lana?
Modu askotan aldatu dau nire lana. Dokumentazinoa bilatzea askoz errazagoa da orain. Eta zabalkundea be nabarmen errazagoa da. Lehen fanzinen bidez zabaltzen genduzan gure lanak, baina, jakina, norbere herriko tabernak baino askoz harago ez ginan heltzen. Eta negozioan be eragin handia euki dau, duda barik. Orain, nire webgunean klik eginez, munduan edonork erosi ahal dau nire komiki bat.
5.- Zelangoa da zure lan-prozesua?
Lehenengo arkatzez marrazten dot. Ostean, kolorea ipinten deutsat ordenagailu bidez. Orain ez daukat akuarela edo tinta piloa erabili beharrik. Ordenagailuan kolorea hotzago geratzen dala dinoe, baina niri gustetan jat. Nik egiten dodan umorezko komiki mueta egiteko balekoa da; izan be, nire komikiek ez daukie kalidade piktoriko handia. Marra lodia eta koloretsua da.
6.- Istorio bakotxak estilo jakina behar dauela uste dozu?
Estiloak berak asko esaten dau. Arte garaikidean kromofobia asko dago, dana izan behar da zuria edo baltza, eta kolore ugaritasuna txartzat hartzen da. Baina, nik horretaz paso egiten dot. Kolorea maite dot.
7.- Zeren bila zabilz komiki bat idazterakoan?
Ni oso kaotikoa eta aldakorra naz, bizitzako arlo guztietan, lanean bere bai. Batzutan oso alai nago eta beste batzutan dana ilun ikusten dot. Komikiak egiterakoan, gauza bera pasetan jat. Batzutan marraztea besterik ez dot nahi izaten. Eta beste batzutan ideia jakin bat garatu nahi dot.
8.- Eta komiki bat irakurten dozunean, zeren bila zabilz?
Zeozer desbardina bilatzen dot, zeozer berezia. Umorea gustetan jat, baina gero eta gehiago bilatzen dodaz gauza originalak.
9.- Alokairuan komikian alkarbizitzaren gaia jorratzen dozu. Zergaitik?
Gara egunkarirako tirak idatzi behar nituan astean behin, eta ondo ezagutzen dodan gai bat bilatu neban. Bizitzako momentu batean, herriko lagun gehienek etxe propioa eukien, familia, kotxea, soldata ona... bere bai; eta nik alokairuan jarraitzen neban pisukideakaz. Buelta asko emoten neutsazan, eta erabagi neban horren ganean barre egitea. Mendeku txiki bat be izan da; alde batetik, nire egoerearen salaketea, eta beste batetik, burgesen bizimoduaren salaketea. Ez dot bizi gura holan, baina hipotekarik be ez dot gura. Eta ganera, ezin dot. Beste errealidade hori erakutsi gura neban. Urteak aurrera doazenean jenteari ahaztu egiten jako hori.
10.- Komikiko personaiak benetako lagunetan inspirauta dagoz?
Bai. Xabi Mendizalea, adibidez, euskal mendizale prototipoa da. Oñatin, nire herrian, asko dagoz holangoak. Euren alkarrizketa guztiak mendiaren ingurukoak dira. Mendizaleena gurean inperio baten antzekoa da, Athletic lez. Ezin da iges egin. Beste personaia bat Neo da, nerabe-friki bat, Interneten bizi dana. Edo Florecilla izeneko lesbiana. Edu, trabestia, nigaz bizi izan zan trabesti ezagun baten inspirauta dago. Joko handia emon eustan egoera umoretsuak sortzeko, kar, kar. Eta beste personaia bat Bixen marrazkigilea da, nire espilua, beti umore txarrez, inoren kaosa ezin jasanda.
11.- Oraindino jarraitzen dozu egoera horretan biziten?
Orain bikotekideagaz bizi naz, baina alokairuan jarraitzen dot. Onartu dot. Bizitzako momentu batean aukeratu beharra euki neban: burges baten antzera bizi, eta gustuko ez dozun zeozer egin behar? Ala marrazten jarraitu, nahiz eta etxe eta kotxe barik bizi, nahiz eta beti justu-justu ibili? Eta bigarrena aukeratu neban.
12.- Autoedizinoaren alde egin dozu komiki honegaz. Zelango esperientzia izan da?
Oso ona. Fanzineekaz baneukan zeozelango esperientzia. Editore lana gustetan jat. Ahal izango neuke beste batzuentzako be editore lana egin, baina nik nahiago dot marraztea. Dana dala, nire lanak editetan jarraituko dot.
13.- Zeintzuk dira zure erreferenteak komikigintzan?
Hainbat komikilarik euki dabe eragina; euskaldunen artean, Antton Olariagak, txikitatik irakurten nitualako bere tirak. Asko miresten dot. Mattin eta Asisko Urmeneta be gogoko dodaz; Napartheid-en ezagutu nituan. Mauro Entrialgo eta TMEOko jentilajea be erreferente dira. Jon Mantzisidorren lana be itzela da; zoritxarrez, komiki gehiagorik ez dauela egingo esan dau, baina nik lan barriak ikusteko itxaropena daukat. Beste modu baten, asko interesau jat Jean Giraud/Moebius. Marrazki zoragarriak egiten ditu. Gaur egungo gazteen artean Leandro Alzate, Mireia Pérez, Puño (David Peña), Oskitar (Óscar de la Mata), Juarma López, Manuel Vartual eta Riad Sattouf aitatuko neukez. Canadako Bryan Lee O'Malley oso gustukoa dot, manga eta komiki europarra buztartzen ditualako Scott Pilgrim lan ezagunean...
14.- Orain modan dagoz osogai autobiografikodun nobela grafikoak. Zuri interesetan jatzuz?
Gustura irakurten dodaz. Nik fikzinoa maite dot, baina uste dot ezagutzen dogunaren inguruan idatzi behar dogula. Hori da nik egiten dodana; ezagutzen dodana nire istorioetan erabilten dot, baina ez dot nire bizitza kontauko, aspergarria da eta.
15.- Komikizale asko dago Euskal Herrian?
Bai, badagoz. Jocker Bilboko komiki dendea be hor dago. Edo Tmeo fanzinea, beste lekue batzuetan ez dago holangorik.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!