Bilboko lehen Zabalguneko eraikin bereziak ezagutzeko aukerea maiatzetik aurrera

Bizkaie! 2011-04-14 15:48

Jarduerea joan dan urtean jarri zan martxan, eta lehen edizinoan 1.127 lagunek hartu eben parte. Aurten, Bilboko lehen Zabalgunea izenez ezagutzen dan inguruan dagozan hiru eraikinetan zentrauko da. Urrira bitartean, Aburto Etxea, Ibaigane Jauregia eta Sociedad Bilbaína bisitauko dira.

Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak, uriko eraikin enblematikoetara egiten diran bisita gidatuei ekingo deutse barriro maiatzaren hasieran. Ekimen hori, ondarearen zabalkunderako Bilbao Izan programearen barruan sartzen da. Jarduerea joan dan urtean jarri zan martxan, eta lehen edizinoan 1.127 lagunek hartu eben parte. Aurten, Bilboko lehen Zabalgunea izenez ezagutzen dan inguruan dagozan hiru eraikinetan zentrauko da.

Holan, urrira bitartean, Aburto Etxea, Ibaigane Jauregia eta Sociedad Bilbaína bisitauko dira. Bisita horreetan, higiezinak barrutik ezagutzeko aukerea eskainiko da, bakotxak arkitekturearen eta diseinuaren ikuspegietatik dituan berezitasunak eta baita Bilboko historian izan eben garrantzia be.

Ekimena datorren maiatzaren 3an abiatuko da, gaur egun Bizkaiko Abokatuen Elkargoko egoitza dan Aburto Etxea bisitatuz. San Bizente plazan dagoan Aburto Etxearen fatxadea izan zan, Bilboko Udalak 1906an antolatutako fatxada lehiaketearen irabazlea. Enrique Epalza (1860 — 1933) arkitekto handiaren proiektua da, estilo eklektikoa jarraitzen dauena. Barruan, lehen Zabalgune horren garaiko etxebizitzetan ohikoak ziran egituren eta apainduren adibide asko kontserbetan ditu.

Aburto Etxera egingo diran bisitak euskeraz eta gaztelaniaz izango dira, arratsaldeko 17:30ean martitzenetik eguenera, eta 16:00etan eta 17:45ean barikuetan, datorren maiatzaren 27ra arte. Bisiteak ordu eta erdiko iraupena izango dau, eta talde bakotxak, gehienez be, 25 persona izango ditu. Hori dala eta, beharrezkoa izango da erreserbea egitea 94 4052788 telefono zenbakian (goizeko 9:00etatik 13:30ak arte).


Hurrengo bisitak

Bagiletik aurrera bisitau ahal izango dan hurrengo eraikina Ibaiganeko Jauregia izango da. 1900ean eregi eban Gregorio Ibarretxe arkitektoak (1865-1934), Ramón de la Sota y Llano ontzigile eta industria-gizonaren aginduz. Gerra Zibilaren ondoren, Gobernu Militarra bertan egon zan, baina demokrazia berreskuratu eta gero, eraikina bere jabeei bueltau jaken. 1986an higiezina Athletic Club taldeak erosi eban, eta barriztau ostean, bertan dauka egoitza. Lehen garai barrokoko eraikin klasizistea da, estilo neo-euskaldunagaz fusionauta, XX. mendearen hasieran oso modan egoan jokerea. Eraikinaren egitureak, Bizkaiko erdi aroko torretxeak gogorarazoten ditu.

Bilbao Izan programeari aurten ateak zabalduko deutsozan hirugarren higiezina, Nafarroa kalean dagoan Sociedad Bilbaína izango da. 2000. urtean Kultur Ondasun izentau eben, Monumentuen kategorian. Eraikin horren diseinua Emiliano Amannek egin eban 1909an, bera izan baitzan erakundeak berak bere egoitza barria izango zana aukeratzeko antolatu eban lehiaketearen irabazlea. Ordura arte, egoitza Plaza Barrian egoan. 1910eko maiatzean lehen harria jarri zan, eta obrea 1913ko urtarrilaren 24an amaitu zan. Lerro eklektikoak dituan eraikina da, teilatu azpian solairu bat dauka, eta bertan azpimarragarria da Bailen kaleak Nafarroa kaleagaz dauen alakan errematetan dauen kupula zirkularra.


Bilbao Izan

Bilbao Izan programea orain zazpi urte sortu zan, Bilboko biztanleei eta interesa daben guztiei, uriaren historia, ondarea, eta gaur egun uria osotzen daben guneek denporan zehar izan daben bilakaerea ezagutarazoteko. Asmo horregaz zenbait ekimen garatu dira, horreen artean, auzoetara egindako bisita gidatuak, honako programa honeen bitartez: Bilbo, hil bakoitzean auzo bat, Botxoko mendi-mazelak deskubritzen eta Hamabi begirada Bilbori.

Auzoetan antolatutako bisita gidatuen egitarauari jarraipena emonez, Kultura eta Hezkuntza Sailak beste pausu bat emon eban igaz, arreta guztia ondarearen ikuspegitik bereziak diran uriko eraikinetan jarriz. Ekimen horren barruan, 2010ean Harino Panaderaren lantegi zaharra, Atxurin dagoan Bigarren Hezkuntzako Emilio Campuzano Institutua eta Deustuko Erriberan dagoan Vicinay Cadenas lantegia bisitau ziran. Danetara, 1.127 lagunek hartu eben parte maiatza eta urria artean egindako 60 bisitatan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu