Bizkaiko ilustrazinogintzearen bost mendetako historia ikusgai dago Bilbon
2011-04-13 15:22 KultureaBost mendetako ilustrazinoen lagin ederra batu dabe Ilustratzaileak Bizkaian (XVI-XX). Odisea grafikoa erakusketan. Hainbat muetako berrehun lanetik gora dagoz ikusgai Bilboko Foru Liburutegiaren areto nagusian, besteak beste, eskuizkribuak, grabaduak, litografiak, horma-irudiak, eta abar. Erakusketea bagilaren 25era arte egongo da zabalik.
Bost mendetako ilustrazinoen lagin ederra batu dabe Ilustratzaileak Bizkaian (XVI-XX). Odisea grafikoa erakusketan. Hainbat muetako berrehun lanetik gora dagoz ikusgai Bilboko Foru Liburutegiaren areto nagusian, besteak beste, eskuizkribuak, grabaduak, litografiak, horma-irudiak, eta abar. Erakusketea bagilaren 25era arte egongo da zabalik.
Josune Ariztondo Bizkaiko Kultura diputaduak Foru Aldundiaren eta erakunde pribaduen lankidetzea azpimarratu dau aurkezpenean. Alde batetik, Bizkaiko Foru Liburutegia eta Bizkaiko Foru Artxibategia, eta beste alde batetik, Sociedad Bilbaínak, Astarloa liburudendeak, Jose Mari Arriola liburutegiak eta Jose Mari Ormazabal liburutegiak parte hartu dabe erakusketan, danen arteko alkarlan sendoa nabarmendu dau Ariztondok.
Kultura diputaduaren esanetan, hau da Bizkaian egindako ilustrazino grafikoari buruzko lehenengo erakusketa tematikoa. Ilustratzaile ezezagunen barri izateko oso lagungarria da, esaterako, Ybarra batxillerra nor zan jakiteko, Mendieta idazle bizkaitarra, Félix Borne, Bringas anaiak..., ganeratu dau.
Erakusketeak sei taula edo panel ditu, ikusgai dagozan lanen testuingurua osotzeko: Eskuizkribuak; Bizkaiko kaligrafoak eta ilustrazinoaren aurrekari grafikoak; XVI-XVIII. mendeak; XIX. mendea; eta Eguillor, in memoriam.
Apaindutako eskuizkribuak Bizkaiko ilustrazino grafikoaren historiako lehenengo pausua izan ziran; eskribauek, kaligrafoek, pintoreek eta miniaturagileek pergaminoa, bitelea edo papela erabilten zituen euskarri lez, eta pintetako tintea, akuarelea, tenperea, olio-pinturea eta beste hainbat material. Ostean, XVI. mendean, Bizkaian izkribu-kopiatzaileen artea barriztau eben kaligrafo bi izan ziran: Juan de Iciar eta Pedro de Madariaga. 1577 urte inguruan inprentea Bizkaira heldu zan, Matas Mares inprimatzaileari esker. Ilustrazinoak xilografiaren edo zurezko grabaduen bidez egiten zituen. XIX. mendean litografia agiri zan; holan, Bizkaiko liburuaren ilustrazinoak garapen itzela euki eban. Hurrengo mendean, Novecentismoa eta Abangoardia izan ziran nagusi Bizkaiko arte grafikoetan, 1936ko gerrea etorri arte. Frankismoan artisten sormena mugatuta egoan; estetika propioa bilatu gurean ebilen euskal kulturearen lehenengo bizkundea eten egin zan. Diktadurearen ostean, ilustratzaileen belaunaldi barri bat sortu zan.
Erakusketearen azkenengo panelak oraintsu hildako Juan Carlos Eguillor ilustratzailea dau gogoan. Jaiotzez donostiarra izan arren, Eguillorrek Bilboko semetzat eukan bere burua. 1968an La aventuras de Mari-Aguirre kaleratu eban. Triunfo aldizkarian eta Hermano Lobo umorezko astekakarian parte hartu eban. 1978an, Bilboko jaien kartel ezaguna egin eban. Haur Ilustrazinoen Espainiako Sari Nazionala jaso eban 1983an. Erakusketea atontzen genbilzala hil zan Eguillor, eta hau bada bera omentzeko aukera polita, azaldu dau Josune Ariztondo Kultura diputaduak.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!