Picnic txinatar ezezaguna
2011-04-11 15:52 BidaideShanghai, zapatu gaua. Soinu aprobak, uleak tente jarteko moduko mikro akopleak, bateriaren tanbor hotsak, gitarra zikinak eta eztanda bat. Yuyintang, underground areto entzutetsuenetakoan, dezibelioek dar-dar jarten ditue hormak eta aretoa ganezka dago.
Shanghai, zapatu gaua. Soinu aprobak, uleak tente jarteko moduko mikro akopleak, bateriaren tanbor hotsak, gitarra zikinak eta eztanda bat. Yuyintang, underground areto entzutetsuenetakoan, dezibelioek dar-dar jarten ditue hormak eta aretoa ganezka dago; zale sutsuek garrasika hartu ditue Duck Fight Goose (Ahatearen eta antzarraren arteko burrukea) talde txinatarraren lehenengo akordeak. Garagardao litroak doaz eztarrietan behera eta giroa ezin hobea da hizkuntza asko entzuten diran aretoan.
Bateren batek Txinan musika alternatiboak dauen indarraz duda txikiena badauka Sara Suarez Domiguez and.ak gorabehera guztiak argituko deutsoz. Compostelan orain 31 urte jaiotako neska hau pozez zoratzen dago, izan be, lankide eta lagun dauen Ruben Cogolludo jn.agaz batera joandako astegoienean txinako uriburu ekonomikoan antolatu eban 25 orduko non stop jaialdi-picnic berezia sano arrakastatsua izan zan; 400 bat lagun hurreratzea espero genduan eta azkenean 900etik gora izan ziran adierazo dau Suarez Dominguezek.
Shanghain antolatutako lehenengoetariko maratoi musikala izan zan eta horrenbeste jente hurreratzea pozik egoteko modukoa da; Txinan eszena alternatiboaren sustapenaren alde buru-belarri dabilen bikote honek pare bat hilebete daroaz antolakuntza lanetan eta esperientziaren arrakastea ikusirik adierazo dabe ekimenak jarraipena izan dauela eta berbea emon dabe hurrengo MIDI, Txinako jaialdi elektroniko bakarrera, espainiar taldeak eroateko ahaleginetan dabilzala.
Duda barik, joandako astegoieneko arrakastea amu ona izango da espainiar erakunde eta taldeentzako, izan be, nazinoarte mailako zabalkunderako eta burua erakusteko hitzordu garrantzitsua izan daiteke. Lehenengo edizinorako antolatzaileek Estrella Galicia etxearen babesa izan arren, azkenean antolakuntza eta kudeaketa arazo batzuk tarteko babes hori ezerezean geratu da. Sarrera salmenteagaz (5-8 euro bitartean) finantziau dogu jaialdia eta ganera dokumental txiki bat be grabau dogu. Aitatu ekimena antolatzeko ideia aspaldi otu jakun baina txinatar sistema politikoaren idiosinkrasia tarteko, duda-mudatan ibili gara luzaroan eta makinatxu bat kontu eta kalkulu eginda gorpuztu zan ekimena. Era horretako ekimen bat Bilbon, Madrilen ala Txinan antolatzea ez da gauza bera; gu ideologia politiko zehatzik bakoak gara eta ez deutsagi inor mindu gura, ez herritarrak ezta agintariak be.
Antolatzaileek seguridade eta garbiketa zerbitzuak kontratau zituen Yuyintang aretoaren ondoko parke publikoa zaintzeko eta garbitzeko eta horrezaz gan, aitatu parkean pintxoak eta capoeira erakustaldiak eskaini zituen doban. Txinatarrak aparteko interesagaz jarraitzne ditue kanpotik datozen ekimen guztiak, esperientzia barriak biziteko gogoz dagoz beti eta gure jaialdiari emon deutsien erantzuna be horren erakusgarri da Suárez Domínguezek adierazo dauenez.
Horrezaz gan, Picnic jaialdi horri esker joerak marketan dituen DJak eta moda-modako punk eta post-rock taldeak ezagutzeko aukerea izan dabe antolatzaileek eta datozen ekitaldietarako gogotsu dagoz. Etenik bako hogeitabost orduko tartean, gauza asko egiteko astia dago, jai giroan buru-belarri sartzeaz gan, hartu-emonetarako astia be badago. Kuluska euskal jatetxeko sukaldari Ion Alañak preparautako urdaiazpiko zein patata-tortilla ogitartekoak probetako modua izan eben hurreratu ziran ehundaka lagunek eta ganera, Borja Mata madrildarrak gidatutako makillaje-performance saio sensual bereziagaz gozau eben. Era berean, moda ukutu lotsabakoa emonaz, workshop berezia antolatu eben Andres Ferrer diseinatzaile eta Shanghaiko Unibersidadeko irakasleak eta Lolovinz-eko Ana Tafur and.ak ak.
Dana dala, Picnic horretan deigarriena vatio karga erraldoia izan zan. Gustu guztietarako erritmoak izan ziran. Break for Borneo reggae taldeak disko barria aurkeztu eban eta Xiao Punk buru dauen Boys Climbing Ropes taldeak be bazterrak astindu zituan. Musika honegaz ez dago txinan bizimodua ataraterik dino 23 urteko abeslari gazteak. Nire gurasoek be pentsetan dabe musika hau asmo txarreko jenteak baino ezin leikela sortu. Zorionez, Xiao Punk-en motibazinoa eta Dragoi Erraldoian musika alternatiboan dabilzan beste talde batzuen motibazinoa handia da. Musika hau maite dogu, dino Xioa Punk-ek. Eta jarrera hori da Picnic jaialdiak suspertu gura dauena.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!