Juan Zelaia saiakera sarietako lan irabazleak argitaratu ditu Pamielak
2011-04-08 15:39 KultureaPamiela argitaletxeak kaleratu barri ditu igazko Juan Zelaia saiakera sarien irabazleak: Kepa Larrearen Itzalak harturik eta Fermin Erbitiren Hiru koaderno txiki. Larreak euskaldunei buruz fikzinoan emoten dan irudia aztertu dau eta Erbitik kazetaritzari buruzko gogoetak batu ditu.
Pamiela argitaletxeak kaleratu barri ditu igazko Juan Zelaia saiakera sarien irabazleak: Kepa Larrearen Itzalak harturik eta Fermin Erbitiren Hiru koaderno txiki. Larreak euskaldunei buruz fikzinoan emoten dan irudia aztertu dau eta Erbitik kazetaritzari buruzko gogoetak batu ditu.
Kepa Larreak Itzalak harturik lanean euskaldun errealen eta fikzinozkoen artean alde handia dagoala azaltzen dau. Hainbat galdera aurkezten ditu egileak: zelan ikusten gaitue euskaldunoi kanpokoek? Eta zelan ikusten dogu euskaldunok gure burua? Baina, askotan euskaldunei buruzko eretxiak ideologia jakin baten eragina izaten dabe, errealidade, fikzino eta aurreretxien arteko muga garbirik ipini barik.
Fikzinozko euskaldunen hizkuntzea, izaerea, jatorria, balioak, mitoak, amodioa izan dira, besteak beste, Larreak aztertutako atalak. Peru Abarka, Ramuntxo, Carmen, Joanes artzaina, Kixoteko bizkaitarra edo Juan Martin euskaldun barria be jorratu ditu. Egilearen esanetan, euskaldunak sinisberak gara. Eta sinisberak garenez, beste inork gutaz esan edo idatzi dauena sinistu eta geureganatu egiten dogu. Horregaitik, espainolak, independentistak, kristinauak, ateoak, errepublikanoak, monarkikoak, progresistak, tradizionalistak, komunistak izan nahi dogu; eta hori guztia, aldi berean.
Fermin Erbitik gogoeta testu laburrez osotu dau Hiru koaderno txiki. Handik eta hemendik hartutako ideiak izan dira Erbitiren abiapuntua. Egilearen nahi, kezka eta zaletasunak agiri dira artikuluotan: literaturea, denporearen joan-etorria, zoriontasuna, musikea, euskerea, komunikazinoa, eta abar.
Erbirtiren liburuak atal nagusi bi daukaz: Lapurtutako esaldien haritik eta (In)Komunikazioa. Lehenengo zatiko testuek literaturea dabe oinarri; bigarrenekoek, barriz, kazetaritzea.
Pamiela argitaletxea orain hamar urte hasi zan Juan Zelaia Saiakera Saria antolatzen. Saritutako lanak Upaingoa sailean kaleratzen ditue.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!