Expodistrito programako bost erakusketa ibiltari barri ikusgai honezkero

Bizkaie! 2011-04-01 11:13   Kulturea

Expodistritok, Bilboko Barrutietako Udaltegietan antolatzen dan aldi baterako erakusketa zikloak, pinturea, marrazketea eta argazkiak ardatz hartuta, urteko bigarren hiruhilekoko egitaraua abiarazoko dau gaur, hilak 1.

Expodistritok, Bilboko Barrutietako Udaltegietan antolatzen dan aldi baterako erakusketa zikloak, urteko bigarren hiruhilekoko egitaraua abiarazoko dau gaur, hilak 1. Oraingo honetan, Abando-Barrainkuako, San Inazio-Ibarrekolandako, Begoñako, San Frantziskoko, Castañoseko eta Burtsako (Zazpi Kaleak) udaltegietara hurreratzen diran bilbotarrek, bost erakusketa ibiltariz gozetako aukerea izango dabe bagilaren amaierara arte: lau pintura eta marrazketa erakusketa eta argazki erakusketa bat.

Urteko bigarren hiruhilekoan, udal instalazinoek honako erakusketa honeek jasoko ditue:


Pintura eta marrazkia

Pintura eta marrazkia Javier Etxebarria, Modesto Velázquez eta Cecilio Aguirre artisten eta Bizkaiko Arte Elkartearen eskutik helduko dira. Bizkaiko Arte Elkarteak, bere kide azpimarragarrienetako batzuek olioan eta akuarelan egindako zenbait lan aukeratu ditu programa honetarako.

Arratia margolaria izenez ezagutzen dan Javier Etxebarria oso gaztetan hasi zen marrazten, margotzen eta egurra lantzen. Heldutasunean, eta zenbait urteko ikasketa akademikoaren ondoren, estilo figuratibotik abstraktura pasau zan, eta handik berehala, itxuraz bere benetako bokazinoa dan surrealismora. Erakusketea apirilaren 20ra arte egongo da zabalik, Castañoseko Udaltegian lehenengo.

Cecilio Agirreren erakusketeak, ziritxoz egindako marrazkiak jasoten ditu. Lan horreen bitartez, egileak Bilboko eraikin enblematikoenetako batzuk eta Bizkaiko zenbait baserri eta leku islatu nahi ditu. San Frantziskoko udaltegia izango da erakusketa hau jasoko dauen lehenengoa, apirilaren 4tik 20ra.

Modesto Velazquez margolari autodidakta da, eta mihisearen azaleran oinez egiten dau, margolan bakotxak emoten deutson abenturearen bila. Erakusketeak, egileak Diego Velázquez handiaren pintura lan zabalari keinu apal moduan egindako zenbait lan velazqueztar jasoten ditu. Erakusketa bitxi hori Abando — Barrainkuako Udaltegian bisitau ahal izango da lehenengo, apirilaren 20ra arte.


Argazkigintzea

Argazkigintzeak be izango dau bere lekua hiruhileko honetako Expodistritoren programazinoaren barruan. Oraingo honetan, Leo Simoes artistearen eta Abentura bestearekin izeneko bilduma personalaren eskutik etorriko jaku. Erakusketa horrek BBK Fundazioaren laguntzinoa dauka. Leo Simoesek (Iurreta - Durango, 1968) zenbait erakusketa egin ditu banaka eta taldean. Gaur egun zenbait argazki proiektu dabil garatzen eta, horrezaz gan, zenbait tailer emoten, zuzentzen eta koordinetan ditu. Erakusketa hori gaurtik aurrera ikusi ahal izango da San Inazioko Udaltegian, apirilaren 20ra arte.


Agendea

Izenburua: Modesto Velázquez (Pinturea).
Lekua: Barrainkuako udaltegia (Barrainkua, 5).
Egunak: apirilaren 1etik 20ra.

Izenburua: Cecilio Agirre (Marrazkiak).
Lekua: San Frantziskoko udaltegia (Mariaren Bihotzaren plaza).
Egunak: apirilaren 4tik 20ra.

Izenburua: Leo Simoes Abentura bestearekin (Argazkiak).
Lekua: San Inazio / Ibarrekolandako udaltegia (Errekondo, 2).
Egunak: apirilaren 1etik 20ra.

Izenburua: Javier Etxebarria (Pintura).
Lekua: Castañoseko udaltegia (Castaños, 11).
Egunak: apirilaren 1tik 20ra.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu