Euskal gramatika multimedia Interneten ipini dau Euskal Herriko Unibertsitateak

Dabi Piedra Robledo 2011-03-31 15:42

Sareko Euskal Gramatika Internetera ekarritako gramatika arrunt bat baino gehiago da, mundu multimediak emoten dituan aukerak aprobetxauta, erabiltzaileek modu guztietako konsultak egin leikiez eta, testuez ganera, argazkiak, bideoak, grabazinoak eta grafikoak ikusteko erea dago.

Euskerearen aurrerakuntzarako aparteko tresnatzat aurkeztu dabe Sareko Euskal Gramatika (SEG) Bilbon, Abandoibarrako Bizkaia Aretoan egindako ekitaldian. Izan be, Sareko Euskal Gramatika Internetera ekarritako gramatika arrunt bat baino gehiago da, mundu multimediak emoten dituan aukerak aprobetxauta, erabiltzaileek modu guztietako konsultak egin leikiez eta, testuez ganera, argazkiak, bideoak, grabazinoak eta grafikoak ikusteko erea dago. Helbide honetan topauko dogu: www.ehu.es/seg

Unibersidade publikoaren barruko Euskara Institutuak atondu dau Sareko Euskal Gramatika, eta eten barik barritzeko ardurea hartuko dau aurrerantzean be. Gramatika tradizionalek baino aukera handiagoak eskaintzen ditu tresna barriak, Interneten abantailek horretarako tartea ixten dabe eta. Holan, Sareko Euskal Gramatikan, atalka banatuta, honako sailak dagoz: hiztegiak, morfosintaxiaren ezaugarrien bildumea, euskera eta gizakia moduko azalpen-atalak, hizkuntzalaritza aplikatuari buruzko jarraibideak, fonetika eta fonologia arloak, euskerearen historia eta baita zalantzen txokoa be. Euskalki eta aldaeren ganeko datuak be badatoz gunean.

Berben eta esaldien corpusa osotzeko, gaur egungo literaturea eta prentsa erabili ditue, une honetan, 25 miloe berba inguruko corpusa daukagu sartuta, azaldu dau Pello Salaburu Euskara Institutuko zuzendariak, egitasmoaren arduradun nagusiak. Testu modernoak dira guztiak, 2.000 urtetik aurrerakoak, gaur egungo euskerearen gramatikea egin nahi izan dabelako. Webgune guztiko testuetan, estekak topauko doguz, Interneteko informazino-iturrietara salto egiteko eta datu gehigarriak azaltzeko.

Beste alde batetik, berben eta gramatika-baliabideen ganeko bilaketa aurreratua egin geinke, eta holan, bilaketako elementu bakotxa ze testuingurutan erabili dan, ze maiztasunegaz eta bestelako estadistikak ikusi ahal izango doguz. Gaur egungo beharrizanei nekez erantzungo deutsagu liburuen bidez, horregaitik, Sareko Euskal Gramatikaren malgutasuna garrantzitsua da, horixe Iñaki Goirizelaia EHUko erretorearen ikuspuntua.

Bilbon egindako aurkezpenean, unibersidadeko agintariak ez eze, Eusko Jaurlaritzako ordezkariak egon dira. Blanca Urgell Kultura Sailburuak azpimarratu dauenez, diziplina arteko lana txalogarria da proiektu honetan, Interneten aukerak aprobetxau eta gramatika arruntetik harago doan tresnea dogu. Urgellen eretxian, euskerea berandu heldu zan inprentara, berandu gramatika idatziak eukitzera, baina Interneten mundura ate handitik sartu da, beste hizkuntzakaz batera eta ez atzetik. Isabel Celaa Hezkuntza Sailburuak be bide beretik jo dau: Manuel Larramendik XVIII. mendean idatzi eban argitaratutako lehenengo euskal gramatikea, sasoi haretako aurreretxiei kontra eginda eta orain, ia 300 urte geroago, beste pausu bat egin dogu.

Konsultagai dago Sareko Euskal Gramatika, baina ez amaituta, eten barik barritzen eta edukinak sartzen, gaurkotzen joango dalako Euskara Institutua, proiektuak osotasuna hartu daian barritzen joan behar dogu, azpimarratu dau Pello Salaburuk. Datozan hiru urteetarako aurrikuspena, material gehiago sartzea da eta hortik aurrera, beste hizkuntza batzuetara informazinoa moldatzen joatea be buruan daukagu, argitu dau Salaburuk. Hizkuntza gitxik daukie holango tresna bat, Interneten bertan be, gatxa da gramatika-lan hain zabal, dinamiko eta osoak topetea, Iñaki Goirizelaiaren ustez. Urgell sailburua ziur dago Sareko Euskal Gramatikaren arrakastaz: Jakintza eta jakin-mina bultzatuko ditu, euskalari zein euskera ikasleek gogo onez hartuko dabe.

UPV/EHUk, Eusko Jaurlaritzak Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailaren eta Kultura sailaren bitartez, Zientzia eta Berrikuntza Ministerioak, Lagun Arok eta Aurten Bai Fundazioak lagundu dabe ekimena aurrera eroaaten. Hasiera-hasieran Donostiako Udalak eta Gipuzkoako Diputazinoak be emon eben laguntzinoa.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu