Bildur-ikarea baino gehiago

Zigor Aldama 2011-03-28 15:54   Bidaide

Nanjing Txina ekialdeko Kiangsu probintziako uriburua da eta Bigarren Mundu Gerrako pasarterik odoltsuenek markauta dago betirako: uria Nankin izenagaz ezagutzen zanean izandako hilketa basatiak, hain zuzen be.

Historiak ez dau uri guztietan bardin eragiten. Uri batzuetan sartu-urten batzuk baino ez ditu egiten eta beste batzuetan, barriz, bazter guztietan goitik behera eragiten dau. Kasu batzuetan uko egiten jako eta beste batzuetan, barriz, ahalegindu arren, ezinezkoa izaten da. Nanjing, berbarako, azken kasu horretan kokatu behar dogu. Txina ekialdeko Kiangsu probintziako uriburua da eta Bigarren Mundu Gerrako pasarterik odoltsuenek markauta dago betirako: uria Nankin izenagaz ezagutzen zanean izandako hilketa basatiak, hain zuzen be.

Uriko museo nagusiko sarbidea dan zabalune erraldoia odolez tindatuta egon zan baina hori adibide bat besterik ez da. 1937ko abenduan, uriburua japoniarren esku geratu zan eta ondorengo sei hileotan soldadu japoniarrek 30.000 lagunetik gora hil (Iparamerikarrek Hiroshima eta Nagasakin botatako bonba atomikoek eragindako hildakoak baino gehiago) eta 50.000 emakume inguru bortxatu zituen. Duda barik, hilketa horreek Bigarren Mundu Gerrako pasarterik odoltsuena izan ziran.

Sarraskiaren oroimenezko museoan ohikoa da larritzea edo hunkitzea besterik ez bada be, izan be, argazki gordin eta testigantza bildurgarriek orain zazpi hamarkadetan bizitakoa gogorazoten deuskue. Lu Chuan zinegilearen 'Biziaren eta heriotzearen uria' filma eta Iris Chan idazlearen The Rape of Nanking (Nankinenko barrabaskeria) etorri jataz gogora. Milaka karpetatan gordetako biktima guztien kasuakaz hornidutako hormea ikusi eta museotik alde egin arte ez dozu hotzikarea gainetik kentzen. Zorionez, kanpoko argitasun eta zaratotsagaz bat, denporeak Nanjing-eko zauriak osatu dituala eta uria globalizazinoaren burrukan sartu dala jaubetzen zara. Xinjiekoun zehar paseo bat emon eta berehala konturatzen zara Txinan denporea normalean baino azkarrago doala. Hemen segundu bat, beste edonon ordubete inguru, 1979an Deng Xiaoping-ek Txina munduratu ebanetik Txinak izan dauen eboluzinoaren erakusgarri.

Halan da be, Nanjing uriak ez ditu kontuan hartzen Mao Zedong ezta erreforma ekonomikoen aita be. Uriaren idoloa Txina errepublikarraren sortzaile Sun Yat Sen da, egun Taiwan probintzia 'errebeldean' aginpidea dauen Kuomintang alderdi nazionalistearen sortzailekidea. Horri dedikautakoa da Zijin mendiko mausoleo erraldoia, leku ezin hobea urigunearen astrapalea eta aitatu museora egindako bisiteak eragindako hotzikarea baztertu gura izan ezkero. Hori bai, sasoian egotea nahitaezkoa da ze txinatar liderraren gorpuzkien gordeleku dan italiar marmolez egindako eskulturara heltzeko 393 eskilara igon behar dira.

Handik hur, denporan atzera egiteko beste aukera bat dago, XV. mendera eroango gaituan Ming Xiaoling-en hilobia, hain zuzen be. Dana dala, Txinan ohikoa dan legez, eraikin eta eskulturek margo pintau barriaren usaina daukie, jagoken zahar kutsua goitik behera kenduz. Herrialdearen historia gorabeheratsuak eta dana barriztau edota barri etxurea emoteko larregizko gogo horrek sinisgarritasuna kentzen deutse holako lekuei eta parke tematikoen antza hartzen dabe.

Jakina, Zijin mendiak asko dauka eskaintzeko eta egun pasa ederra egin daiteke han inguruan natureagaz bat eginda. Berbarako, Linggu-ko jauregia be hor dago, Txinako arkitektura klasikoaren eredu: dragoi eta zaldunez apaindutako teilatu makurrak, farol gorriak eta egurrezko apaingarriak, fondo gorriaren gaineko urre koloreko ideogramak...

Edozelan be, Zijin mendiraino joan beharrik ez dago lasaitasunaren bila, izan be, uriaren erdialdean dago Xuanwu lakua eta Ming dinastiako uria inguratzen daben harresi ikusgarriak be ahaztu barik. Inguru egokia da maiteminduentzat, umeakaz paseoan ibilteko, tai chi egiteko edota ‘mahjong’ joalsean ibilteko. XXI. mendeko Txinako barria ezagutzeko leku aproposa da baina alderik probokatiboena ezagutu gira izan ezkero, onena 1912 (Sun Yat Sen-ek Errepublikea sortu eban urtea) gunean kopa bat hartzea izango da. Hor dagoz moda-modako taberna eta pub gehienak. Dublineko lokalen giroa zein jantzarako lekuak deskubriduko doguz. Hori bai, atmosferea ez da Europako edozien herritan topau geinkena. Hemen jantzea barik nogaz zagozen da garrantzitsuen. Horregaitik gehienek azkarrago nor mozkortzen dan jakiteko jokoak gurago ditue eta jantzarako, barriz, te berdea aukeratzen dabe.

Eta Txinako gizartean aldaketa handiak oso azkar emoten diran arren, oraindino karaokeak aparteko indarra dauka txinatarren aisialdian. Beraz, txinatarren eta mendebaldarren arteko giro hotza baztertzeko onena izan daiteke Enrique Iglesisasen kantu bategaz abiatzea. Hori eta ‘baijiu’ trago batzuk, jakina. Ordu batzuk pasauta, Sun Yat Sen eta Nanjing-eko naturagune ikusgarriak ahaztu eta gaua bizi-bizi igaroko dogu. Goiza, barriz, gogorragoa izango da, seguru.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu