Urtebetean 10.000 lagunek baino gehiagok bisitau dabe Santa Katalina Itsasargia

Bizkaie! 2011-03-24 14:05   Kulturea

Martiaren 26an urtebete izango da Lekeitioko Udalak Nabigazinoaren Teknologiako Interpretazino Zentroaren ateak zabaldu zituala, Euskadin bisita daitekeen lehen itsasargia eta herriko Itsas Ondarearen Zentroaren ikur.

Martiaren 26an urtebete izango da Lekeitioko Udalak Nabigazinoaren Teknologiako Interpretazino Zentroaren ateak zabaldu zituala, Euskadin bisita daitekeen lehen itsasargia eta herriko Itsas Ondarearen Zentroaren ikur. Holan, zortzi urtean Lekeitioko udalak landu dauen Ekonomi Garapeneko proiektuari jarraipena emon jakon; plan honek udaleko jarduera ekonomikoa zabaltzea dau helburu. Era horretan, helmuga turistiko bat egitea da asmoa, lehiakorra, originala, kalidadezkoa, jasangarria eta Lekeitiora datozen bisitariak urteko sasoi batera bakarrik mugatzeagaz (batez be udan oinarritzen da) hausiko dauena, bai eta aberastasuna eta enplegua sorrarazoko dauena be.

Aurten 10.000 lagunek baino gehiagok bisitau dabe Santa Katalina itsasargia, danetara egin eitekezan bisita guztien % 70eko okupazinoa izan dalarik. Bisitearen ostek inkestea egin daben 4.000 lagunetatik, % 98k asko gustau jakela adierazo dabe. Gaur egun, itsasargia eguaztenetik domekara bisitau daiteke, egunean sei erakustalditan. Ganerako egunetan, taldeek bisitak egin leikiez aurretik hitzordua eskatuta.

Lekeitioko Udalak proiektu honen alde egin dau eta bere hazkundea sustatu nahi izan dau hiru hobekuntza muetaren bidez:

- Audio-gidak: gaur egun, itsasargirako bisitak gazteleraz eta euskeraz egin daitekez. Aste Santutik aurrera, Lekeitioko Udalak aldibereko itzulpeneko audio-gida sistema bat ezarriko dau, nahi daben bisitariek azalpenak ingelesez edo frantsesez jaso deiezan. Kontuan hartuta, Lekeitiora datozen turisten heren bat atzerritarrak dirala, Udalak hobekuntza hau ezartzea beharrezkoa ikusi dau. Instalazinoa xumea izango da, programa informatiko eta infragorri sistema baten bitartez baitabil. Gainera, Basquetourrek Lekeitio Marinero esperientzia aukeratu dau bere 20 esperientzia nagusien artean, eta beraz, atzerriko turisten kopuruak gora egitea espero da.

- Gaueko iluminazinoaren hobekuntzea: iluntzean diran bisiten eskaerea aintzat hartuz, Lekeitioko Udalak gaueko argiteria indartzea erabagi dau, inguruneari eraso egiten ez deutson argi-diseinu batez eta itsasargiak gidatzeko dauen zereginean trabarik egin barik. Argi barriak jasangarriak eta konsumo baxukoak izango dira. Diseinuaren egileak Guggenheim museoaren argiteria egin ebenak izango dira.

- Haga: itsasargia Nabigazinoaren Teknologiako Zentro bat danez, Lekeitioko Udalak, portuetan egoten diran moduko haga bat ipintea erabagi dau. Holan, nabigazinoan egin ohi danez, banderen hizkuntza imitetan daben bandera informatiboak ipintea ahalbidetuko dau. Ez da ohiko hizkuntzea erabiliko, faroak propio dauen kode bat baino. Ondoko informazinoa emongo dau: edegita, zarratuta, ekatx arriskua, etab. Gainera, haga barruan faroko hobi septikotik atara daitekeen kiratsa kentzeko aireratze-hodi bat jarriko da. Itsasargian, funtzino hau beteten dauen puntu jasorik ez dagoanez, hagak berak beteko deu.

- Gainera, erakusketa gunea aldatu egingo da, kanpoaldean farozainaren bizitza irudikatzen daben irudiak ipiniz. Era berean, paisajea interpretetako bi mahai ezarriko dira terrazan, bai Matxitxakoranzko bai Gipuzkoaranzko kostalde guztia deskribiduten dabenak.

Proiektu honeek guztiak aurrera eroateko, Udalak Eusko Jaurlaritzearen diru laguntzinoa jaso dau, Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo, eta Ingurumen, Lurralde Plangintza, Abeltzaintza eta Arrantza sailena, hain zuzen.


Santa Katalina itsasargia

Itsasargiaren guneak, natura ingurune azpimarragarri batean kokatua, orientazino funtzinoa egiten jarraitzen dau, baina ekipamenduaren zati bat aspaldi erabilteari itxi jakon. Santa Katalina itsasargirako bisitea, batez be, lau gunetan egiten da:

- Farozainaren etxea: egiturazko obra bati esker 165 metro koadroko lekua sortu zan jatorrizko eraikinaren barruan. Bertan, Nabigazinoaren Teknologiako erakusketako hiru sekuentziak hartzen ditu.

- Ordezko farozainaren etxea: 55 metro koadroko toki bat da, balio anitzeko gela didaktiko moduan erabilteko egokitua eta bestelako erabilera bazteuatrako be bai, esate baterako, tailer didaktikoak, prestakuntza ikastaroak edota bilerak.

- Biltegi zaharra: egun harrera eraikina da. 105 metro koadroko azalerea dauka.

-Talaia: arrantzaleek baleak kostaldera hurreratzen ikusten zituen gunea da. Otoio mendian dago. Talaiako erakina, oso egoera txarrean egoan eta birgaitzearen ostean, Itsasargiaren proiektura lotu jako. Erakusketa gune bilakatu da, eta talaiak zer ziran eta talaiariak nortzuk ziran, non kokatzen ziran, euren egitekoak, lanabesak eta abar azaltzen ditu, irudiak eta testuak dituen hainbat panel grafikoren bitartez. Bisitariak talaia eta talaiarien historia ezagutzea, euskal kostaldeko talaiak kokatzea, beren funtzionamendua eta iraganean izan eben garrantzia ulertzea dau helburu.

Aurrekoaz gainera, bisitea farozainaren etxeko terraza-begiratoki baten bidez osotzen da. Begiratoki hau, lehendik be baegoan baina handitu egin da, hau da, egokitutako ingurune bihurtu da irisgarritasuna hobetzeko eta espazioak zehazteko.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu