Imanol Marrodanen pinturak eta eskulturak ikusgai, Bilboko Krisis Factory galeria barrian

Karolina Almagia 2011-03-22 11:34   Kulturea

Bilboko erdialdean, Estraunza kaleko 7.ean, zabaldu barri ditu ateak Krisis Faktory galeriak. Ikusgai dagoan lehenengo erakusketea Imanol Marrodanena da, eta apirilaren 30arte egongo da, hain zuzen be. Artistearen pinturak, argazki pintatuak eta eskulturak batu ditue areto barrian.

Bilboko erdialdean, Estraunza kaleko 7.ean, zabaldu barri ditu ateak Krisis Faktory galeriak. Ikusgai dagoan lehenengo erakusketea Imanol Marrodanena da, eta apirilaren 30arte egongo da, hain zuzen be. Marrodan Bilbon jaio zan 1964an eta Gasteizen bizi da gaur egun. Artistearen pinturak, argazki pintatuak eta eskulturak batu ditue areto barrian.

Bilbotarraren pinturek eta argazki pintatuek aluminiozko oinarria daukie; horregaitik agiri dira holango itxura industrialagaz. Makina bat urte ikertzen ibili ostean lortu dau teknika berezi hori garatzea. Horren bidez, Pintura atmosferikoak izeneko piezek distira eta sendotasun itzela dabe. Argia eta kolorea komunikazino tresna lez hartu dodaz, azaldu deutso Bizkaie!-ri artisteak. Emozino handia eragiten dauen irudi edo metairudi ezinezkoen bilaketea izan da. Hori da irudi baltz handienak sortarazo nahi dauena.

Horrezaz gan, eskultura sail bat be ikusgai dauka Marrodanek. Eskulturok behin-behinekotasun itxura daukie, amaitu barik-edo dagozala emoten dau. Aretoko altzairuzko lurrean, eskulturen instalazino txikiek eragin-trukea egiten dabe. Azkenik, erakusketan badagoz ordenagailuz egindako marrazki sinboliko bi, kiribil itxuradunak.

Lan honeek guztiek arrazoia eta intuizinoaren arteko kontraesana azaltzen dabe, artistearen esanetan. Gizakiak sortu dauen artifizioa dira, naturearen erritmoa aurrez aurre daukala. Egonkortasun emozionalaren beharra, eta egonkorra dan inguruan lortzeko zailtasuna. Kontrakoa emoten dauen arren, kaosa eta ezinegona sorkuntzarako bide dira.

Imanol Marrodanek sekulan ixten ez dituan sailetan lan egiten dau normalean. Moltso bakotxak adierazpide desbardinak hartzen ditu: margolaritzea, argazkilaritzea, instalazinoak edo eskulturea. Bide guzti honeei esker hizkuntz propioa sortu dau. Gero eta gitxiago interesetan jataz lan linealak, ezagutzeko modukoak diranak. Guzurrezko koherentziaren itxurea daukie. Lanketea oso mugatua begitantzen jat. Esperientzia personalaren zati txikia besterik ez dau erakusten. Marrodanek nahiago dau atlasa lako kartografia eregi; horrek islatuko ditu esperientzia eta kezka gehien, irakurketa askotariko mapa norabide askoduna, hain zuzen be. Dana dala, gizaki bakotxak errealidadea interpretetako modu jakin batzuk dituala autortu dau. Beraz, nahiz eta gauza desbardinak egin, oinarrian hari koherente eta eroale bat egoten da.

Imanol Marrodanen obran ekialdeko filosofia korronteen eragina nabarmena da. Aldaketearen ideia da gehien interesetan jatana, izatea eten barik aldatzen dala ziklo naturaleei esker. Ekialdeko filosofiek gizakiaren esentzia naturala eta konstante intuitiboak daukiez oinarri. Arrazoia eta intuizinoaren arteko bikoiztasuna gizakiaren funtsezko osogarriak dirala uste dabe. Naturareagaz zerikusia dauen orekea bilatzen dabe. Mendebaldeko kultureak, ostera, erlijino judu-kristaua dauka oinarri lez. Pensamendu horretan arrazoia da nagusi, eta intuizinoari gitxi erixten jako. Ezagutzen ez doguna bildurgarria dala erakutsi deuskue. Gure kultureak pensamendua goraipatu, eta intuizinoa albo batera ixten dau.

Artista bilbotarraren lanetan naturearen eragina ez da lehenengo begiratuan igarten. Ganera, elementu teknologikoek eta industrialek presentzia handia daukie. Marrodan mendigoizale sutsua da, eta ezaugarri horrek bere izaeran eragina euki dau. Halanda ze, haren obrak intuizinoa, subjektibidadea, atmosferea, subkontzientea, ixiltasuna, kontenplazinoa eta antzeko kontzeptuak ditu ardatz. Kontraesanak azalera ataratea gustetan jakonez, artelanek itxura hotza eta industriala daukie; baina, modu berean, atmosfera epela, berezia eta zirrarea eragiten dabe, argiari eta kolorearen erabilereari esker.

Sorkuntzan jarraitzen dau Imanol Marrodanek, baina Gasteizko Udalagaz auzitan dabil La inocencia, lo inesperado izenburuko obra publikoa beste leku batera eroango dabelako. Artistearen ustez, esentzia guztia galduko dau. Izan be, eskulturea Euskaltzaindia plazan egoteko sortu eban. Hamar urte daroadaz burrukan. Alkatearen jarrera aldagatxak ez ditu errespetetan ez artelana ez egilea. Matxinatu jarrerea hartu dot. Erabagiak arriskuak ditu, baina duintasunari eustea gauza handia da. Alkatea ahazten dogunean bere, eskultureak bizirik iraungo dau. Prozesu naturala da.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu