Leioa-Erandio eremua hurrago izango dabe herritarrek teknologia barrien bitartez

Bizkaie! 2011-03-18 14:04

Teknologia mobikorra, Internet eta geoposizino software bat erabiliz, ikasleek euren ibilbideak sortuko ditue Campusean zehar, ondoren herritarrek erabili eta osa deiezan. Modu horretan, uriaren eta unibersidadearen arteko lotura eta alkarrizketa guneak bilatu nahi doguz.

Campus Lurraldea Leioa-Erandio eremuko guneetan barrena ibilbideak diseinetako dinamikea da. Ikasleak eurak izango dira protagonista, gehienbat eurek erabilten dabelako ingurune hau. Ikasleen istorio, ideia eta esperientziak, eta Campusak eratzen dauen espazio fisikoa alkarri lotzea da helburua. Teknologia mobikorra, Internet eta geoposizino software bat erabiliz, ikasleek euren ibilbideak sortuko ditue Campusean zehar, ondoren herritarrek erabili eta osa deiezan. Modu horretan, uriaren eta unibersidadearen arteko lotura eta alkarrizketa guneak bilatu nahi doguz.

Martia eta bagila biartean gauzatuko da proiektua, eta zenbait helburu aurreikusi ditue: Leioa-Erandio eremuaren beste erabilera batzuk dinamizetea, parte-hartze prozesuak sendotzea eta herritarrakazko hartu-emon espazio barriak edegitea. Azken batean, erabilera barriak sortu nahi dira campus espazioan, eta kultura eta teknologia barriak sustatu, modu ludiko eta barritzaile batean.


Tailerrak martiaren 21ean, 22an eta 23an izango dira Campusa 'maparatzeko'

Orain hile batzuk egin zan proiektuari buruzko deialdi publikoa eta erantzun eben ikasle guztietatik 26k parte hartuko dabe esperientzia aitzindari honetan. Arte Ederretako eta Komunikazinoko ikasleak dira talde horretako partaide gehienak eta tailer batzuen bitartez, proiektuaren helburu eta metodologien barri jasoko dabe. Tailer horreetan, danek batera lan eginez eta Leioa-Erandio eremuan izan eta egin dituen esperientzia eta erabileretan oinarrituz, zenbait ibilbide diseinauko ditue, eskuko telefonoakaz ataratako argazki eta bideoak erabiliz, eta interesguneak geoposizionauko ditue.

Ibilbide horreen helburua Campusa erabilteko zein Campusean zehar ibilteko modu desbardinak gizarteratzea, jakinarazotea eta eskaintzea da. Azken batean, Campusa norberaren begietatik biziteko moduak dira.

Kontuak kontu, ikasleek diseinautako ibilbideak herritarren eta beste ikasleen eskura jarriko dira Campusean bertan, apiriletik bagilera. Interesa dabenek bost Iphone4 izango ditue eskura proponidutako ibilbideak egiteko; bestalde, Iphone bat, android sistema eragilea dauen telefono bat eta Nokia gailu jakin batzuk (informazino gehiago http://m.7scenes.com/ helbidean) dabenek Internetetik deskargau leikie ikasleek preparautako ibilbideak egiteko dobako aplikazinoa.

Parte-hartzaile bakotxak, proponidutako ibilbideak egin ahala, eduki batzuk sortuko ditu (testuak, argazkiak, iraupena, ibilbidearen diseinua), eta datu horreek site batean gordeko dira; site horretan, proiekturako sortutako informazino guztia batuko da. Modu horretan, Campus Lurraldearen inguruan alegiazko kolektibo bat eta ingurune digital bat osotuz joatea da asmoa.

Campus Lurraldea BizBAK Bizkaia Bilbao Arte eta Kulturaren barruan dago, UPV/EHUk Bizkairako preparau dauen kultur programazinoaren barruan, hain zuzen be.

Ondorengo helbideetan antzeko esperientziak ikus daitekez: www.gymkanamovilcaceres.com eta www.7scenes.com.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu