Bohmongree XV.a: 'Pobrea bazara, bizirauteko derrigor ostu behar dozu'

Testua Eta Argazkiak Zigor Aldama 2011-03-04 17:38   Bidaide

Bohmongree XV.a, 96 urtekoa, Bandarbaneko erregea da, eta harro dago bere lurraldea baketsuena, eta alkarbizitza gizabidetsuena daukana dalako.

Bazan behin errege bat errepublika bateko kide izateagaz pozarren egoana. Holan hasi daiteke Aung Shwe Prue Chowdhuri, edo Bohmongree XV.a, Bandarban Bangladesheko alde bitxi eta gatazkatasuenetako erregearen fabulea. Herrialdeak hiru barruti ditu, Chittagong Hill Tracts (CHT) dalakoak, eta Myanmarregaz eta Indiagaz mugan dagoz. Honek eskualdeek errege bana daukie, eta gerran egon dira 1997. urtera arte. Urte horretan bake-ituna sinatu eben arren, gaur egun oraindino hildako asko eragiten ditu gatazkeak.

Arazoak begi-bistan dagoz. Bandarban uri txikitik paseon ibili ezkero, erraz ikusten dira nahastean azal iluneko bengaliarrak eta Asiako hego-ekialdeko etnietakoen azal argiak. Azken honeek dira bertako jatorrizko biztanleak, baina immigrazino bengaliarrak bere legea ezarri dau bertako tradizino eta ohituren ganetik.

Bangladesh errepublikea izan arren, bada gauza bat ez dana aldatu: CHT izenekoak osotzen dituen eskualdeetako hiru erregeakanako errespetua. Bohmongree XV.a, 96 urtekoa, Bandarbaneko erregea da, eta harro dago bere lurraldea baketsuena, eta alkarbizitza gizabidetsuena daukana dalako. Halanda be, Armadako patruilek ez dabe deskantsurik hartzen, eta kanpotarrei kontrol zorrotzak egiten deutseez.


1.- Pozik zagoz, benetan, Bangladeshen zati izanda? Kontraesana dala emoten dau…

Herrialde honen historiaren laburpen txiki bat egingo deutsut. 1900. urtea baino lehen Chittagong Hill Tracts eskualdeak burujaubeak ziran, eta geuk agintzen genduan benetan, zeozelan esatearren. Baina, britainiarrek gure lurraldea Ekialdeko Indietako Konpainiara anexionau eben. Britainiarrek, maltzurkeriz jokatuz, gure birraititak –gure moduan, jatorriz Myanmarrekoa zan, marma etniakoa- Britainiar Inperioaren zati izatera behartzen gintuen ituna sinatzea lortu eben. Eta orduan kolonizatzaileei zergak ordaintzen hasi ginan. Ostean, independentzia heldu zan, eta Pakistanen zati bihurtu ginan. Azkenean, Bangladesh banatu egin zan, eta hortxe gagoz gaur egun. Bangladeshek autonomia handia emoten deusku. Erlijino eta adierazpen askatasuna daukaguz, eta gure kulturea errespetetan dabe. Horregaitik danagaitik gustora gagoz Gobernuagaz.


2.- Arbasoen poderearen faltarik ez daukazu?

Begiratu, nire arbasoak 1727an heldu ziran leku honetara, Myanmarreko beste errege batek garaitu ostean. Gu geu be kanpotik gentozan. Hau leku hau biziteko modukoa izatea lortu genduan, hemen egozan tigreen kontra burrukan egin ondoren. Beste garai batzuk ziran, badakit.


3.- Halanda be, zure podereak kutsu absolutistea dauka...

Pentsetan dot hori dinozula neu nazalako zergak batzen dituana, eta eztabaida askotan neu naz epaile eta nire ebatzia ez da zalantzan ipinten. Bai, esangura horretan akaso badaukat Bandarbaneko jenteak errespetau eta onartzen dauen ahalmen bat. Baina ni beti ahalegintzen naz danakaz bardin jokatzen eta jentearentzako onena egiten.


4.- Edozelan be, pobrezia agiri-agirikoa da zure erreinuan...

Bai, hori berori da gure arazorik handiena. Gainpopulazinoa ekonomia garatzeko trabea da. Guk ez daukagu arroza ereiteko lautada edo zabalunerik, herrialdeko beste leku batzuen moduan. Horregaitik, jente askok zugatzak ebagi eta basoak erreten ditue, euren soloak aurrera atara ahal izateko. Honek sistemeak ederto funtzionetan eban populazinoa txikiagoa zanean; baina, gaur egun jente larregi gara, eta gure ingurumena hondatzen gabiz. Laster baliabide natural barik geratuko gara. Hori dala eta, Myanmarreko muetako mangoak landatzea eskatzen nabil; urte gitxian frutua emoten dabe eta basoak suntsitzea ebitauko leuke. Baina, tabakorria errentagarriagoa da, eta hori arriskutsua da. Halanda be, baikorra naz gure ekonomiaren etorkizunari jagokonez.


5.- Zelan zara, ba, hain baikorra?


Jainkoagan sinisten dot. (Budista sutsua da).


6.- Ez dirudi nahikoa izango danik.

Herrialdea batez-beste % 5 hazten da. Egia da desbardintasun sozial handiak dagozala oraindino; baina, azkenean, orain gitxi batzuk dauken ondoizatea egunen baten danen esku egongo da. Jakina, hori helburu hori lortzeko gure demokrazia gaztea indartzen jarraitu behar dogu. Eta ez da erraza. Baina hori da garapenerako daukagun bide bakarra.


7.- Ustelkeria oztopo handia da.

Bai, Bangladeshen ustelkeria arazo larria da. Jente lar eta leku gitxi, ustelkeria egon daiten egoera aproposa. Pobrea bazara, bizirauteko derrigor ostu behar dozu.


8.- Ustelkeria zuritu guran zabiz? Gauza larria da, izan be Gobernuko ministroa be izan zinan eta.

Ez, ez. Egoerea azaltzen ahalegintzen nabil. Gauza bera pasetan da Bangladeshen, han 20 miloa lanbako dagoz. Batzuk gaiztakeriatan ibilten dira, ez daukielako beste urtenbiderik. Ni neu pozik nago Bandarbanen ez dalako arazo larria. Baina jenteak ulertu daien, garrantzitsia da azaltzea Bandarbaneko herritar gehienak budistak dirala, eta horregaitik bertoko jentea baketsuagoa dala.


9.- Islama eta biolentzia lotzen zabiz…

Akaso.


10.- Gobernuz Kanpoko Erakunde (GKE) asko dabil beharrean zure erreinuaren lurretan. Zelan baloretan dozu euren lana?

Pozik nago egiten daben lanagaz, baina gehiago eta hobeto egin leikie. Erakunde batzuk ondo egiten dabe lan; beste batzuk, barriz, ez. Uste dot Cáritas lana ondoen egiten dauenetakoa dala; berau izan zan, ganera, etorri zan lehenengoetakoa. Euren ekarpena behar dogu duda barik.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu