Bilboko Udalak Aitor Zuberogoitiaren 'Surf' aurkeztu dau, euskerazko XI. Miguel de Unamuno Saiakera saria irabazi dauen lana
2011-03-16 14:15 KultureaMiguel de Unamuno Saiakera Saria 1999an antolatu eban Bilboko Udalak, Bilboko filosofoaren eta idazlearen omenez. Mundu osoko egileak aurkez daitekez, eta euskerazko edo gaztelaniazko lan argitaratu bakoak aurkeztu behar ditue.
Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak, Aitor Zuberogoitia idazle bizkaitarraren Surf lana aurkeztu dau gaur Bilbon. Lan horrek irabazi dau Miguel Unamuno Saiakera Sariaren azken edizinoa, euskerazko lanen artean. Lana orain denpora gitxi argitaratu da, Alberdania argitaletxeagaz alkarlanean. Liburu dendetan erosi ahal izango da (17 euroan) eta Bilboko Udal Liburutegien Sarean be jaso ahal izango da maileguan.
Bitakora koaderno baten antzera, Surf lanak idazleak egindako bidea jasoten dau. Itsasoratuz eta olatuei portu batetik beste batera eroaten itxiz, Zuberogoitiak bere bidaia personal honen kronikea transkribiduten dau. Izan be, testua, gai handiak alde batera ixteak eta gai txikiagoetan ibilteak emoten dauen atseginaz dago idatzita. Bizitzearen erritmoen azelerazinoari buruzko kontakizun personala da.
Saiakera lanak azelerazino horrek eguneroko bizitzan zelan eragiten deuskun deskribidu gura dau, esperientzia personalak oinarri hartuta. Surf, horrezaz gan, azelerazino horren oinarrian dagoan garapen teknologikoari buruzko gogoetea be bada. Surf-ek, azkenik, egungo mundu globalizatuari be erreparetan deutso (lokalaren eta globalaren arteko dialektikeari gehienbat) eta jarrera edegiaren eta barruko-soseguaren gorazarrea be egin nahi dau.
Miguel de Unamuno Saiakera Saria 1999an antolatu eban Bilboko Udalak, Bilboko filosofoaren eta idazlearen omenez. Mundu osoko egileak aurkez daitekez, eta euskerazko edo gaztelaniazko lan argitaratu bakoak aurkeztu behar ditue.
Aitor Zuberogoitiak (Etxebarria, 1972) Informazinoaren Zientziak (kazetaritzea) ikasi zituan EHUn. Unibersidateko irakaslea da eta kazetari lanak be egin ditu zenbait argitalpenetan, Euskaldunon Egunkarian eta Argia eta Aizu! aldizkarietan, eta baita Bilbo Hiria Irratia irrati katean be. Horrezaz gan, Euskal Idazleen Elkarterako (EIE) eta Topagunerako be egin dau lan.
Orain arte bederatzi liburu argitaratu ditu: Agirre, Gandi, Katalina Erauso eta Che biografiak eta Globalizazioaren adarrak, Euskararen presentzia gaur egungo prentsa elebidun abertzalean, Bidegorriak hizkuntzentzat, Bertan Bilbo (bere anaia Pedrogaz batera) eta Masa-komunikaziotik Informazioaren Gizartera (Lierni Alkortagaz batera) saiakerak. Horrezaz gan, taldekako beste zazpi liburutan be hartu dau parte. Bere ikerketa alor nagusiak, euskerazko komunikabideen bilakaerea eta ikasleen eta irakasleen alfabetatze digitala eta informazionala dira.
Alberdania argitaletxea 1993an sortu zan, eta ordutik, bere garapena funtsezko zutabe baten oinarritzen dau: kalidadezko literaturea argitaratzea, euskeraz zein gaztelaniaz, irakurle guztiei zuzenduta. Horrezaz gan, Alberdaniak aparteko garrantzia eskaintzen deutso saiakerari Zerberri bildumearen bitartez. Bilduma horretan kultureagaz, soziologiagaz, politikeagaz eta filosofiagaz lotutako gaiak eta baita testimonio liburuak be badagoz.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!