Tradizinoa eta modernidadea bat eginda 'XXI. mendeko euskaldunak' erakusketan

Bizkaie! 2011-03-14 10:16   Kulturea

Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Sailak XXI. mendeko euskaldunak erakusketa zabaldu dau Bilboko Ondare aretoan. Apirilaren 21era arte egongo da edegita. Amaia Hormaetxek eta Ander eta Endika Basaguren anaiek egindako 21 argazki egongo dira ikusgai danetara.

Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Sailak XXI. mendeko euskaldunak erakusketa zabaldu dau Bilboko Ondare aretoan. Apirilaren 21era arte egongo da edegita.

Danetara 21 argazki egongo dira ikusgai, Amaia Hormaetxek eta Ander eta Endika Basaguren anaiek egindakoak danak, hain zuzen be. Irudiek euskaldunen irudi eta arketipoak eta modernidadearen elementuak buztartzen ditue; esate baterako, aizkolari bat rotaflexa erabilten, Olentzero moto ganean... Hiru argazkilariok tradizinoa eta modernidadea ez dirala kontrajarriak erakutsi gura dabe erakusketearen bitartez. Tradizinoa modernidadera egokitzen da eta haren lekua hartzen dau teknologia barriak nagusi diran mundu globalizatu honetan, azaldu dabe.

Bizkaiko sortzaile honeen proposamen artistikoak fase bi izan ditu: lehenengoa, Euskal Herrian bertan egindako hamalau argazki; eta, bigarrena Londresen bizi diran euskaldun batzuen zazpi argazki.

Ondare Aretoa erakusketa-gune barri honetara heldu aurretik, erakusketea Londreseko Oxford Gallery-n egon da ikusgai, eta oso arrakastatsua izan da, arduradunek jakinarazo dabenez. Bilbon egon ostean, erakusketea Bartzelonara eta Madrilera eroango dabe, eta euskaldunen presentzia handia dagoan beste leku batzuetara bere bai.

Ondare Aretoa Bilboko María Día de Haro kalean dago, 11. zenbakian. Erakusketearen ordutegia: astelehenetik barikura, 10:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 21:00etara; zapatuetan, 10:00etatik 14:00etara.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu