Surrandien Konpartsea Durangoko karnabaletan
2011-03-02 11:36Kriskitin jantza taldea Surrandien Konpartsea antolatzen dabil eta, bide batez, Durangoko karnabalak zor jaken lekuan jartea be jarri dabe helburu.
Karnabalak ate joka doguz. Egunerokotasunetik urten eta, ordu batzuetan behintzat, kaosean sartzeko sasoia bajatorku. Lotsak baztertzeko, hankak arintzeko eta ondo pasetako, Kriskitin jantza taldea Surrandien Konpartsea antolatzen dabil eta, bide batez, Durangoko karnabalak zor jaken lekuan jartea be jarri dabe helburu. Jakin badakigu Durangoko Karnabalak ez dirala oso ospetsuak, ez dirala oso entzutetsuak baina aspaldikoak behintzat badira, eta geureak dira, durangarronak dira.
Durango Uriko Karnabalak antxinakoak dira bai. XVII. mendeko udaletxeko akta eta kontu liburuetan horren barri jasoten da. Karnabal egunak ondokoak izaten ziran: eguenzuri, bariku argi, zapatu erregular, domeka karnabal, astelen karnabal eta martitzen karnabal.
Leluko guztien arabera, Martitzen Karnabal izaten zan Durangoko karnabalen egun nagusia. Surrandien konpartsa oso ezaguna zan. Manuel de Lekuonak holan deskribidu zituen Surrandien konpartsakoak:
Vedlos: allá van corriendo por todas las calles, albarcas en los pies y calzón corto de pastor; los faldones de la camisa al aire y un collar de arranes (cencerros de buey) a la cintura, y en la cara una careta de diforme y descomunal nariz...
...con un chaleco viejo que a modo de tralla agitan en sus diestras, van azotando a toda persona con quien tropiezan; y corren, corren como demonios.
...persiguen preferentemente a los niños y mujeres tímidas, que se defienden huyendo y guareciéndose en el pórtico de la Iglesia, abrigo que los surrandis respetan siempre.
Konpartsea berreskuratzen:
• 2000. urtean hasi zan Kriskitin jantza taldea Durangoko Karnabalak berreskuratzeko ahaleginetan. Abiapuntu lez Jon Irazabalek idatzi eta Izaskun Ellakuriagak itzulitako Durango Uriko Aratusteak liburutxua hartu eben, Gerediaga eta Berbaro alkarteek argitaratutakoa. Hantxe topau zituen jantzien eta ingurumarien nondik norakoak.
Urte haretan atara eben Kriskitin jantza taldekoek lehenengo aldiz Surrandien Konpartsea, Durangaldeko Jaizale Txistularien eta Durangoko abesbatzetako kantarien laguntzaz.
Edozelan be, lehen urte haretan bakotasun eta hutsune bat atzemon eben, hain zuzen, karnabaletako, bertoko, herriko musikea, halan da ze, doinu batzuk herriko musikariei eskatzea erabagi eben, konpartseari bizitasuna eta saltsea emoteko.
Holan ba, 2001ean Ander Ertzillak eta Jesus Egigurenenek musikak sortu zituen surrandien konpartsarako. Berbak barriz, Unai Iturriagak, Juanan Aromak, Ixone Aromak eta Marisa Barrenak idatzi zituen.
2002an, Ane Belaustegik Surradien Baltseoa sortu eban, bai musikea eta bai berbak.
Harrezkero urtero alaitu ditue kaleak aitatutako sorkuntzok txertatuz eta Hartza be euren konpartsan sartuz.
Aurten Durangoko Karnabalen inguruko erakusketea be antolatu dabe eta ikusgai izan da joandako asteburu bitan; surrandien konpartsako pertsonaien jantziak, karetak, puxikak, arranak, musikariek sortutako doinuen partiturak, abestien letrak eta abar egon dira ikusgai. Bide batez, urtero kalez kale ibilten dan Hartza be hantxe izan da lekuko fidel.
Kontuak kontu, zapatuan, martiaren 5ean urtengo dau barriro be Surrandien konpartseak Durangoko kaleak alaitzen eta gainera, aurreko urteetan lez, Durangaldeko Jaizale txistulari taldearen eta Tabira musika bandearen laguntzinoa izango dau.
Durangar eta inguruetako guztiak parte hartzera konbidatzen ditu Kriskitinek ikusle ez eze parte hartzera.
Surrandien konpartsearen hitzordua:
- Eguna: martiak 5, zapatua.
- Ordua: 18:15ean, txokolatadea merkatu plazan; 18:45ean, kalejirea Durangon kaleetan zehar; eta 20:00etan, Andra Mariko eleizpean amaierea.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!