Egitarau bete-betea Bilboko aratusteetan
2011-03-01 17:51Bilboko Udaleko Turismo eta Jaietako Sailak 2011ko aratusteak aurkeztu barri ditu. Hainbat ekitaldi atondu ditue egunotarako: eskoletako umeen desfilea, Karrikaldia, Farolin eta Zaranbolasen epaiketea, jantzaldiak eta abar.
Bilboko Udaleko Turismo eta Jaietako Sailak 2011ko aratusteak aurkeztu barri ditu. Beste urte batzuetan legez, hasierako ekitaldia Bilboko eskoletako ikasleen desfilea izango da.
Modu honetan azaldu dau Isabel Sánchez Robles Turismo eta Jaietako zinegotziak aurtengo aratusteen gaia: Otsoak, herensugeak, inurriak, eta marasmak Bilborako bidean dagoz, ipuinen mundutik abiatuta. Izan be, Bizkaiko uriburuan 'Nazinoarteko otso, beste pizti eta zomorroen lehenengo batzarra' egingo da. Ohore handia da gure uriarentzat batzar honen egoitzea izatea. Horrek agirian itxi dau-eta holango topaketak egiteko Bilbo punta-puntako lekua dala. Batek daki zer datorren atzetik... Eperrak jaten nekatu diran printzeen nazinoarteko foroa?
Barikuan, martiaren 4an, Farolin eta Zaranbolasen epaiketea egingo da. Zabalguneko eraikinean, 20:00etatik aurrera. Aurtengo Farolin Itziar Lazkano da eta Zaranbolas Maribel Salas. Aurten be Bilboko Udal Musika Bandeak Aratusteetako Kontzertu Berezia eskainiko dau giroa alaitzeko.
Zapatuan, hilaren 5ean, Karrikaldia izango da nagusi. Ibilbidea Jesusen Bihotza plazan hasiko da, 18:30ean, eta Kale Nagusian zehar, Urkixoraino helduko da. Deabru Beltzak, Sarruga eta La Baldufa konpainiak izango dira aurtengo Karrikaldiaren protagonistak. Deabru Beltzak talde bizkaitarrak The Wolves ikuskizun barria egokitu dau Bilbon aurkezteko. Lan barria-barria da, oraindino estrenau bakoa. Ia lau metroko otso artikulatuak eta pianista maltzur bat dira ikuskizunaren personaia garrantzitsuenak.
Hainbat ekitaldi gehiago egingo dira Bilboko aratusteetan, Bilboko Udaleko Turismo eta Jaietako Saileko arduradunek iragarri dabenez, besteak beste, Aratustodromoa, Aratusteetako jantzaldi handia Plaza Barrian, mozorro lehiaketea; eta, Barnaval lehiaketea. Hemen egitarau osoa.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!