'Isilarazitako kartografiak. Errepresio frankistaren esparruak' erakusketea aurkeztu dabe Gernikan

Bizkaie! 2011-02-25 14:23   Kulturea

Gernikako Bakearen Museoan aurkeztu dabe gaur, hilak 25, bagilaren 12ra arte ikusgai egongo dan Isilarazitako kartografiak. Errepresio frankistaren esparruak erakusketea, Valentziako Unibersidadeak eta Gernikako Bakearen Museoa Fundazinoak antolatuta.

Gernikako Bakearen Museoan aurkeztu dabe gaur, hilak 25, bagilaren 12ra arte ikusgai egongo dan Isilarazitako kartografiak. Errepresio frankistaren esparruak erakusketea, Valentziako Unibersidadeak eta Gernikako Bakearen Museoa Fundazinoak antolatuta. Erakusketa honetan, egile Ana Teresa Ortegak lan baten emoitzak aurkezten deuskuz; bertan, obrak berez dituen gaitasun eta indar artistikoaz gan, hainbat artxibotan egindako ikerketa sakon baten emoitzea erakusten dau, hau da, frankismoaren eskuetan zenbait hamarkadetan errepresino- eta espetxeratze-esparru bilakatu ziran espazio eta eraikinen aztarna grafikoak. Ikerketa horrek, gainera, argazki-irudiaren alderdi dokumentala azaleratzen dau erakusketa honetan.

Oraindino be hemen dagoan iragan baten denporea, desagertu nahi ez dauen memoria baten iragana; absentzia mingarriak, oroitzapenean eta gertatu ziran espazioetan aztarna iraunkorrak itxi dituenak. Hori guztia da autoreak erakusketa honetan jaso dauena.

Gaur egun, hirurogeita hamar urte geroago, hau da kontzentrazino-esparru frankistak kokatzeko erabili ziran espazioek erakusten daben irudi lasaia. Leku isilak dira, bertan ezkutau beharreko sekretu ikaragarririk ez balego legez. Eta holan izan leiteke, ze basakeria horreek guztien begien aurrean jazo ziran, egunaren argitan eta minutuz minutu, hainbat egun, aste, hile eta urteetan luzatuz. Ez zan izan zeozer ikaragarriaren bapateko agerpena, gau sakonenaren ezusteko aho batetik azaltzen dana, biziaren eta heriotzearen gaineko administrazino-plan oso baten aplikazino geldoa baino.

1936ko udagoienean hasi ziran agertzen, Estadu-kolpea izan beharko zana ezinbestean Gerra Zibil bihurtu zala gero eta garbiago geratzen zan neurrian.

Era askotako esparruak egon ziran, eta ehunka mila persona pasau ziran hareetatik. Ebakuazino-esparruak egon ziran, lazaretoak, sailkapen-guneak, zalantzazko zaletzat jotako presoentzako esparruak (erregimenaren alde modu garbian ez egozanentzat) eta erantzukizun kriminalik bako aurkari legez sailkatutako presoentzako esparruak, nazinoarteko presoentzako eremuak, ezinduentzako esparruak, eta adinbakoentzako esparru-proiektu bat be egon zan; esaten da, gainera, kasu batzuetan sarraski-esparruez berba egin behar dala.

Hori guztia ez da ezelan be sekretua; bertan jazotakoaren erregistroa zehatz-mehatz kontserbetan da, milaka agiri administratibotan, artxibo edo biltegitan gordeta, sailkapenaren zain oraindino be.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu