Labayruk hiztegi testuinguruduna sareratu dau

Bizkaie! 2011-02-25 13:20

Labayru Ikastegiak Labayru Hiztegia eta Diccionario Labayru hiztegien bersino testuinguruduna sareratu barri dau. Orain dala urte bi hiztegiok interneten ipini zituan Labayruk, baina orain arte ez da edukia oso-osorik egon.

Labayru Ikastegiak Labayru Hiztegia eta Diccionario Labayru hiztegien bersino testuinguruduna sareratu barri dau. Orain dala urte bi hiztegiok interneten ipini zituan Labayruk, baina orain arte ez da edukia oso-osorik egon. Sakatu hemen ikusteko.

Lanotan berbei hainbat adibide-kontestu emon jakez: batzuetan tradizino idatziko testuetatik hartuak edo egokituak izan dira, eta beste batzuetan ahozko erabileratik jasoak edo atonduak. Hiztegien arduradunek egile klasikoetara jo dabe berben tradizino idatzia jasoteko eta gaur egun hiztunak gitxiago erabilten dituen berben edota hiztun kopuru txiki batera mugaturik dagozanen erabilerea aztertzeko. Hona hemen adibide bat: ezkur: Ezkurrak daukaz horrek: Es un mezquino. (J. M. Zabala).

Berben erabilguneak baliatzeko Labayruk euskal literaturearen erreferentzia-lanetatik ezeze, herri-berbetatik eta herri-jakintzatik be edan dau. Hiztegiotan ahozkotasunari aparteko balioa autortu jako eta ahalegin handia egin dabe adibideak hizkera sinisgarri, bizi eta erabili baten espilu izan daitezan. Horren helburua berbak euren erabilgune naturalean eskaintzea da. Halanda ze, hiztunentzat ezagun eta eguneroko egiten diran esaldi asko sartu ditue, hitzen erabilera-eremu arruntenak erakusteko. Hona hemen beste adibide bat: etxe: 1 iz. hogar, casa. En determinadas expresiones frec. se suprime. Gurean (gure etxean) ordu bietan bazkaltzen dogu. Perurenetik (Peruren etxetik) gatoz.

Ahozkotasunaren beste alderdi baliotsu bat herri-literaturea da, euskerearen eredu eta ondare dana. Errefrauak, esaerak, koplak, bertsoak... ugari dagoz hiztegietako adibideetan. Esaerak 'esr.' laburdureaz adierazo dira; herri-ondaretik hartutako baladei, koplei, eta abarri 'Herrikoa' berbea ipini jake alboan; eta egileen zitak be jaso ditue eurakandik hartutakoak izan diranean. Esate baterako: atxea-motxea: 1 iz. Jok. Juego infantil en que un adulto toca a un niño los dedos de su mano mientras le canta. Atxea-motxea kolori pan / zure semea errotan / errota txikia dabilenean / klin-klan. (Herrikoa)

Adibideak atontzerakoan, gramatikatasunari be ardura handia ipini deutso Labayruk. Tradizino idatzia eta ahozkotasuna kontuan hartuta, berba bakotxak onartzen dituan sintaxi-aukerak eta lexiko-konbinazinoak aplikau gura izan ditue testuinguruotan. Izen baten kasuan, sarrien erabili ohi dan adjektiboagaz; aditzarenean, jokatuta ala jokatu barik, trinkoa ala perifrastikoa ala lokuzinoak osotuz; adjektibo edo adberbioen kasuan, ondo buztartzen diran izen edo aditzakaz; eta halantxe berba arrunt zein tekniko guztiakaz.

Hiztegi honen ekarpenik handienetako bat da berba bategaz eratzen diran berba multzoei emondako lekua. Horretan dago hizkuntzearen adierazgarritasuna eta aberastasuna. Kasurako, 'esku' sarrerearen barruan, beste honeek guztiok datoz: esku hartu, esku izan, eskua altzau/altxatu, eskua emon/eman, eskua estutu, eskua ezarri, eskua jaso, eskua kendu, eskua luzatu, eskua(k) eduki/eduki, eskua(k) garbi erabili, eskua(k) luze erabili, eskuak ezarri, eskura ekarri, eskura emon/eman, eskura eduki/eduki, eskurik eskura, eskuz aldatu, eskuz egin, eskuz esku, esku bete, esku eskuma, esku ezker, esku hutsean, esku hutsik, esku sartu, esku-bonba, esku-burdina, esku-eskuan, esku-eutsi, eskuka, eskura, eskutik, eskutik eskura, eskuz.

Labayruren hiztegiok tradizino idatziaren gordailu eta ahozkotasunaren lekuko dira, baina esan beharra dago hiztegion ekarririk aitagarrienetarikoa eta originalena ahozkotasun aldetikoa dala. Lanotan leku oparoa emon gura izan jako alderdi horri eta horren erakusgarri dira ekarri dituen ahozko erabilera-modu desbardinak.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu