Iluntasunaren eta neoiaren arteko mugea

Zigor Aldama 2011-02-22 17:38   Bidaide

Txina eta Ipar Korearen arteko Adiskidetasunaren Zubiaren alde bateko eta besteko ikuspegia guztiz desbardina da.

Mugak leku liluragarriak izan daitekez. Izan be, pausu gitxi emon, eta herrialdez aldatzeko aukerea eskaintzen dabe. Batzuetan, mugak izaten dira etsai amorratuak bereizten dituan gauza bakarra: holan da India eta Pakistanen kasuan, esate baterako. Beste batzutan, ostera, estaduak barik munduak banatzen ditue. Ameriketako Estadu Batuak eta Mexikoren kasua horren adibide argia da. Ipar Korean be gauza bera pasetan da.

Munduko mugarik gatxenaren (38 paraleloan, Koreako peninsulan) hegoaldeko zatia behin baino gehiagotan bisitau ostean, munduko herrialderik ilunenaren eta bere lagunik handiena eta auzokide dauen Txinaren arteko marrea ezagutzeko gogo handia neukan.

Askoren eretxiz, honeek herrialde biak Asia ekialdeko ‘gatxaren ardatza’ dira. Duda barik, Yalu ibaiaren ganeko zubia da (Dandong txinatar aldean eta Sinuiju iparkorearrean) Kim Jong-il-en erregimenaren igesbide bakarra. Eta igarten da, bai. Kamioiak zubiaren alde batetik bestera etenbarik dabiz, trenak be (Pekin eta Pyongyang uriburuak lotzen dituan lurreko bide bakarra) antzera, eta, noizean behin, autoren bat. Mendebaldean Txina Ipar Korearen aldaera leunago legez hartzen bada be, lotura politikoak bazterrean itxita, Dandong leku egokia da jaubetzeko Txinako Herri Errepublikea eta Koreako Herri Errepublika Demokratikoa sano desbardinak dirala.

Pyongyang-eko erregimen estalinisteak txinatarren artean bizten dauen jakin-mina ikustea besterik ez dago. Antzeko interesa dauke Dandong-era hurreratzen diran turista apurrek be. Bai batzuk bai besteek, txandaka, Korea eta Txina arteko Adiskidetasunaren Zubiko prismatiko handiak erabilten ditue errekearen beste aldeko bizimoduari begiratu bizkorra emoteko. Ameriketako Estadu Batuek Koreako gerran (1950-53) bonbardeau eben zubi bera, hain zuzen be.

Txinatarrek, duda barik, negozioetarako erraztasun handia dauke, eta jakin-mina aberastasun iturri garrantzitsua da. Kalez kaleko saltzaileek, hotzari kasurik egin barik, bertakoen gustuetara moldatutako oroigarriak saltzen ditue: iparkorear zigarro paketeak logotipo iraultzailez apainduta eta erregimenaren billetez betetako karpetak. Emakumeentzako ei diran souvenir-ak be egon badagoz. Danetarik topau daiteke: nezeserrak, boltsak, korear kolore nazionalez egindako jantziak… Jakina, salneurria mugearen bestaldekoa baino askozaz handiagoa izaten da. Baina holantxe egin dau gora Dandong-ek, eta turistek prismatikoetatik begiratua emoteko txandearen zain dagozan bitartean egin gura ditue erosketak.

Binokularrek lehenaldia ikusteko balio dabe. Euren optikea denporearen tunela da. Prismatikoei esker, gizon eta emakumeak oinez edo bizikletaz –emakumezkoak goneagaz edo korear jantzi tradizionalagaz eta gizonezkoak kolore iluneko berokiekaz– ikusten dira, globalizazinoagaz zerikusirik ez daukan sasoi baten abiaduran mobiduten. Eta horrek mobimentu horrek ez dauka antzik be errekearen beste aldekoagaz.

Apurtxu bat gehiago hurreratu gura dauen jentearentzat ibaian zehar txango berezia egiteko aukerea dago. Osteratxu laburra izaten da, Ipar Koreako urertzeraino; hau da, nazinoarteko legediak ixten dauen lekura arte, zubia dagoan lekutik metro gitxira. Kim dinastiaren herrialdeko zubiaren zatia barriztau barik dago; zutabe batzuk besterik ez dira geratzen.

Bidaia laburra da, hogei bat minutukoa. Nahikoa dira minutuok Ipar Korearen industria-egitura urriaz konturatzeko. Begien bistan dagoz industri iraultza hasierako lantegiak eta herritarren bizimodu latza. Zeruertz apal honetan lekuz kanpo emoten dauen gauza bakarra geldi-geldi dagoan noria bat da. Jaiegun nazionaletan bakarrik ipinten dabe martxan, Gure Kim Jong-il Agintari Maitearen urtebetetean, esate baterako, azaltzen deutse gidariak ibaiaren beste aldeko edozeri argazkiak atara eta atara dabizen zurtutako txinatar turistei. Mendebaldean jente askok pentsetan dau Txina eta Ipar Korea gauza bera dirala, baina uste dot argi dagoala oker dabizala, dinotso begi luzexka bako turista bakarrak kazetari honi.

Arrazoia dauka. Aldea itzela da prismatiko eta itsasontzi barik be. Dandong-eko eraikin modernoen -sarritan hogei pisutik gorakoak- eta iparkorear aldeko hormigoizko eraikuntza txikien arteko kontrastea ikaragarria da. Bozinen kakofonia eta txinatar gazteen look ausartek be ez dauke zerikusirik Yalu ibaiaren bestea aldean igarri daitekeen isiltasunagaz eta uniformetasunagaz.

Horrezaz guztiaz eguzkia ostentzen danean konturatuko gara, izan be, orduan gauzatzen da neoizko mundua eta iluntasunezko mundua bereizten dituan mugea. Ipar Korea desagertu egiten da, guztiz desagertu be. Dandong kolore biziz jazten dan bitartean, Sinuiju zulo baltz bihurtzen da. Ipar Koreako aldean argi txiki batzuk besterik ez dira ikusten. Adiskidetasunaren Zubiko argi indartsuak bat datoz Dandong-ekoakaz, baina ez dauke zentzurik Ipar Korean. Ibaiertzeko argi bakarrak dira; handik aurrera ez da ezer ikusten.

Turisteari, harrituta erreka ondoko pasealekuko aluminiozko eskudelean bermatuta dagoala, galdera bat bururatzen jako: Zer pentsetan ete dabe aurrez-aurrez dagozan personek euren iluntasunetik Dandong-eko argi distiratsuak ikusten dituenean? Helduko ete jake bezeroak erakarteko asmoz beste aldeko saltzaileek ipinten daben musika zaratatsuaren soinua? Erosiko ete dabe txinatar tabakorik globalizazinoari zupada bat sikeran emoteko? Zorigatxez, oraindino ezinezkoa da metro gitxi batzutara ezkutauta dagozan horrei itaun guztiei erantzutea.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu