Arantzazuko Adiskideak alkarteak bere lana eta Arantzazuk bizi dauen barritze-prozesua ezagutarazoko ditu Bizkaian

Bizkaie! 2011-02-21 16:28

Arantzazuko Adiskideak alkartea, 1.000 inguru bazkidek eta inspirazino frantziskotarreko 4 erakunde sozialek (Baketik, Arantzazu aldizkaria, Arantzazu Edizino Frantziskotarrak eta Tau Fundazinoa) osotzen daben Sare Soziala da. Arantzazuk gaur egun espiritualtasuneko, humanismoko, alkartasuneko, etikako, kulturako eta naturako erreferentzia garrantzitsua izaten jarraitzen dau.

Azken hamar urteotan Arantzazu barritze-prozesu sakonean dago buru-belarri sartuta. Arantzazuko Adiskideak alkarteak prozesu hori aurrera eroaten dabilen bultzatzaileetako bat da, eta horren barri emon nahi dau Bizkaian zenbait hitzaldiren bidez. Hitzaldiak ondorengo udalerrietan izango dira: Gernikako San Frantzisko Eleizako aretoan, zezeilaren 23aan, eguaztena, 19:00etan; Bilbao Iralako Parrokiako aretoan, zezeilaren 24an, 20:00etan; Bermeoko San Frantzisko Parrokiako katekesi-aretoan, zezeilaren 25ean, 19:00etan; eta Durango Uribarriko Santa Maria Eleizako aretoan, maiatzaren 3an, 19:30ean.

Arantzazuko Adiskideak alkartea, 1.000 inguru bazkidek eta inspirazino frantziskotarreko 4 erakunde sozialek (Baketik, Arantzazu aldizkaria, Arantzazu Edizino Frantziskotarrak eta Tau Fundazinoa) osotzen daben Sare Soziala da. Arantzazuk gaur egun espiritualtasuneko, humanismoko, alkartasuneko, etikako, kulturako eta naturako erreferentzia garrantzitsua izaten jarraitzen dau.


Arantzazuko Adiskideak alkartearen helburuak honakoak dira:

• Sare berean bateratzea frantziskotarrak, Arantzazuko erakunde sozialak eta Arantzazuko adiskide personal legez izena emon daben bazkideak. Bateratze hori egiten da alkarregaz konpartiduten dituen printzipio frantziskotar, humanista, etiko eta solidarioen argitan.

• Parte-hartze eta komunikazino-alkartasun zabala lortu nahi da bazkide personalen eta bazkide kolektiboen artean, alkarren arteko ekintza-trukea sustatuz.

• Arantzazuko erakunde sozialen lankidetza, sinergia eta proiekzino publikoa lortzeko baliabidea eratu nahi da, erreferentzia beraren inguruan, holan gizarteari hobeto komuniketako Arantzazutik, proiektu eta ekimen desbardinen bidez, egiten jakon proposamen soziala, frantziskotar sena daroan proposamena.

• Arantzazuren nortasun frantziskotarra eta Santutegiaren barritzearen sentidua garatzen lagundu leikien proiektu eta ekimenak bultzatuko dira ekonomia-baliabideen eta presentzia sozialaren bidez. Proiektu eta ekimen horreek frantziskotarrek bultzatuak izan daitekez edo Arantzazuko erakunde sozialek bultzatuak.

• Arantzazuko Adiskideak alkartea bere ekimen propioak bultzatu leikez, Arantzazu eta Arantzazun garatzen diran ekimen edo proiektuak gizartera hurreratzeko eta gizartea Arantzazura hurreratzeko.


Arantzazuko Sare Sozialaren jarduera-ardatzak ondorengoak dira:

• Ekitaldiak garatu, bazkide gehiago batu eta helburuak hobeto bete ahal izateko, parte-hartze-alkartasunari eta bere barruko erakunde sozialen proiektuak bultzatzeari jagokenez.

• Zuzendaritza-batzordeak urtean lau batzar egingo ditu gitxienez, sarea osotzen daben erakundeen bateratzea, lankidetza eta sinergia-guneak sortzea bilatzeko.

• Arantzazuko Adiskideak alkartea osotzen daben erakunde sozialen eta bazkide personalen artean komunikazino-bide bizkorra mantenduko da, horretarako informazino buletin bat editatuz eta ekimen desbardinen informazinoa emonez.

• Urtero erabagiko da lankidetza-fondoak zelan banatu frantziskotar proiektuen artean eta Arantzazuko alkarteen proiektuen artean, Arantzazuko Adiskideak alkarteak. Arantzazuko Sare Soziala-k bultzatuko dituan proiektu moduan.

• Arantzazuko Adiskideak alkarteak urtean behin bere jai edo ekintza propioa antolatuko dau; izan daiteke ate edegien egun bat, Santutegitik sustatzen diran barritze proiektu desbardinak ezagutzeko.

2011n zehar, orain arte egindako zenbait ekintza bere horretan mantenduko dira. Esaterako Naturgintzeagaz alkarlanean antolatutako mendi-irteerak. Baina urte honetako helburu garrantzitsuena Javier Álvarez de Eulate artista frantziskotarrari omen egitea da. Horretarako, Arantzazu aldizkaria monografikoa preparetan dabil, haren obra guztia katalogetako lanetan dabil Arantzazu, eta erakusketea antolatuko da udagoienean Donostiako Kursaalen. 2011ko Arantzazu Eguna, datorren maiatzaren 8an izango dana, jarduera desbardinen bidez, artistearen bizitzari eta obreari omen egiteko atonduko da. Arantzazuko Adiskideak alkarteko kide garen lagunoi eta kolektibooi eragiten deuskun motibazinoak sentimendua eta ziurtasuna nahasturik ditu. Sentimendua, Arantzazu emozino legez bizitea da, oinordetzan hartu edo gerora lortu dogun emozino legez, geure eta geure aurrekoen historiaren arimea alderik alde hartzen dauen emozino esan-ezineko legez. Ziurtasunak, barriz, egia bat dau oinarrian: gauza materialetara makurtu eta gauza ez-materialen sena galtzen dagoan mundu honetan, ikusten dogu Arantzazuk gaurko erreferentzia beharrezkoa izaten jarraitzen dauela, espiritualidadearen, humanismoaren, solidaridadearen, etikearen, kulturearen eta naturearen erreferentzia. Arantzazuko Adiskideak alkarteak bere bultzadea eskaini nahi dau, Arantzazu aurrerantzean be topagune eta harrera-gune izan daiten. Motibazino hori oinarri izanik, Arantzazuk gaur egun eskaintzen dauena hobeto ezagutzeko interesa daben lagunei konbita egiten deutsegu etor daitezen gorago adierazotako egunetan eta udalerrietan Arantzazuko Adiskideak alkarteak antolatutako berbaldietara.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu