Carmelo Larrea konpositore eta musikaria omenduko dabe Bilbon

Bizkaie! 2011-02-18 10:16   Musikea

Carmelo Larrea (1907-1980). Compositor de Boleros Universales argitalpena aurkeztuz hasi dira Carmelo Larrearen omenez antolatutako ekitaldiak. Liburua BBK-k argitaratu dau, Bizkaiko Gaiak bildumearen barruan, eta konpositore eta musikari bilbotarraren bizitza eta lanari eskainitako lehenengoa da.

Carmelo Larrea konpositore eta musikaria omenduko dau asteon Bilbo uriak, eta horretarako hiru ekitaldi egingo dira. Hasteko, San Inazio auzoko lorategi batek haren izena jasoko dau; ondoren, Arriaga Antzokian kontzertu bat egingo da eta, azkenik, Carmelo Larrea (1907-1980). Compositor de boleros universales izeneko liburu biografikoa argitaratuko da.

Ekintzak antolatu dituen Bilboko Udaleko, BBK-ko eta Arriaga Antzokiko iturriek adierazo dabenez, Carmelo Larrea (1907-1980). Compositor de Boleros Universales argitalpena aurkeztuz hasi dira Carmelo Larrearen omenez antolatutako ekitaldiak. Liburua BBK-k argitaratu dau, Bizkaiko Gaiak bildumearen barruan, eta konpositore eta musikari bilbotarraren bizitza eta lanari eskainitako lehenengoa da.

Carlos Bacigalupe kazetari eta idazleak (Bilbo, 1946) Larrearen bizitza eta lanaren barri emoten dau liburuan, abesti ezagunenak gogora ekarriz, izan be, garrantzia handikotzat joten baititu. Bacigalupe prentsa, irrati eta telebistako profesional ezaguna da. Hogei liburu baino gehiago idatzi ditu, horreetariko askotan antzerkia eta Bilboko gaiak jorratuz, adibidez, bere triologia Cafés parlantes de Bilbao.

Bestalde, Larrea omentzeko asmoz, San Inazio auzoko lorategi bati haren izena emoteko ekitaldi instituzionala egingo da gaur, hilak 18. Holan, bera jaio zan Deustu auzoak bat egingo dau Bilboko musikagile garrantzitsuenetariko bategaz. Horretarako, omenaldia egingo da Elorrietako hondakin-uretako ponpa-gela zaharraren ingurunean dagoan lorategian, Agirre Lehendakaria etorbidea, Katalunia kalearen atzealdea eta Orixe kalearen arteko eremuan. Bihartik aurrera, Carmelo Larrea Lorategia izena eukiko dau. Omenaldian bertan, eguraldia lagun, Bilboko Udal Musika Bandak musikagilearen pieza ezagunenetariko bi joko ditu: Dos Cruces eta Camino Verde.

Azkenik, zezeilaren 19an, iluntzeko 20:00etan hasita, Carmelo Larrearen omenezko kontzertua egingo da Arriaga Antzokian. Bertan izango dira Los Cinco Bilbainos, El Consorcio, Marife Nogales, Andeka Gorrotxategi, Los Mitos, Gurutze Beitia, Ainhoa Cantalapiedra eta Kepa Junkera, Bilbao Philarmonia Orkestraz lagunduta, Carlos Aragon maisuaren zuzendaritzapean. Programan, konpositorearen 16 abesti interpretauko ditue.

Era berean, kontzertuan Bilbao abestiaren mundu mailako estreinaldia egingo da. Carmelo Larreak konposatu eban hil baino lehen eta Los Cinco Bilbainos taldeak abestuko dau, Larreak eurentzat eukalako pentsauta doinu horren grabaketea.


Carmelo Larrea

1907an Deustun jaioa -garai haretan Deustu oraindino ez zan Bilboko auzoa-, Carmelo Larreak Merkataritza ikasi eban Eskolapioetan eta Musikea Sozietate Filarmonikoan. Hain zuzen, azken horretan bat egin eban garai haretako ospe handiko beste musikari bategaz, Jesus Guridigaz, beragaz kantua eta organoa joten ikasiz. Besteak beste, Antonio Machin, Jorge Sepulveda edo Maria Dolores Pradera abeslariek betikotu zituen berak sortutako kantetako batzuk.

Bizikleta saltzaile eta aisialdian zezenketan ibili ostean, Larrea bost urtez zirkuaren munduagaz hartu-emonetan be ibili zan, horretarako piano, biolin eta kontzertina emonaldiak eskainiz. Donostian egin eban lehenengo agerraldia, Carrey anaien zirkuan eta, horren ondoren pista ibiltari handitan lan egitera heldu zan, esate baterako, Corzana y Feijoo izenekoan.

Pianista bertutetsua izanik, musikari bilbotarra jazzaren jarraitzaile amorratua zan. Hori dala eta, Sevillako Santa Cruz auzoko zenbait saltokitan emonaldi laburrak eskaini zituan trebatuta egoan beste tresnetariko bat joz, saxofoia, hain zuzen be. Orkestrako lankide batek musika sortzera konbidau eban eta, orduan, abesti ugari egiten hasi zan. Garai haretan, abestiok irratietan, auzotegietako patioetan, jaietan egozan herrietako plazetan eta domeketako jantzaldietan egozan entzungai.

Larrearen konposizinoek, sentimenduz beteak izateaz gan, garai gogor hareetan lagundu eben bizimodua errazten eta egunerokoari garraztasuna kentzen. Izan be, haren abestietariko batzuk behin eta barriro berrinterpretatuak izan dira eta, esate baterako, Dos Cruces abestiaren 80 bersino baino gehiago egin dira.

Haren ibilbide nekaezinaren barruan, Amerikan bira luzea egin eban eta horren bueltan Israelgo Nili ontzian sartu zan orkestrako kontzertuak eskainiz Europako Iparraldeko herrialdetara bidaiatzen eben turistentzat. 1965an Madrilera joan zan, eta 1980ko zezeilaren 2an hil zan bertan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu