Doinu indartsuagoak Sermond´s taldearen bigarren diskoan
2011-02-17 14:16 MusikeaBilbon aurkeztu dau Sermond´s boskoteak Amaiera hasieran dator lana, punk-rock musikea eta gitarra hotsak protagonista dirala. Gaur egun, Euskal Herrian, rock&roll edo punk-rock gitxi entzuten da, taldeak desagertu egin dira eta hori konpondu guran atara dogu diskoa, azaldu dau Iñigo taldekideak.
Bilbon aurkeztu dau Sermond´s boskoteak Amaiera hasieran dator lana, punk-rock musikea eta gitarra hotsak protagonista dirala. Gaur egun, Euskal Herrian, rock&roll edo punk-rock gitxi entzuten da, taldeak desagertu egin dira eta hori konpondu guran atara dogu diskoa, azaldu dau Iñigo taldekideak.
Elorrioko Sermond´s taldeak 2009an kaleratu eban lehenengo diskoa, Azken bala, baina taldekideek ibilbide luzea egin dabe aurretik be musikearen munduan, Dirties taldeagaz hasi ziranetik. Arto Bixarra, Midnight Murders eta Perros del Diablo proiektuen ostekoa da Sermond´s taldea eta dagoeneko bigarren diskoa dakarre, lehengoari munizino gehiago eta mingarriagoa gehitzen deutsona, euren esanetan. Amaiera hasieran dator diskoa aurrekoa baino gogorragoa da, indartsuagoa eta kantak be alkarregaz lotuago dagoz, osotasun bat dauka lan guztiak, azaldu dau Iñigok. Izan be, Azken bala lanean euren estiloa topetan ibili zirala azaldu dabe eta orain garbiago daukie zein dan eurentzako musika egokia, horregaitik, kanta guztiak hobeto harilkatuta dagoz, alkarri hobeto lotuta.
Disko barriko hamar abestietako gaiak danetarikoak dira, baina aldarrikapen kutsua dago danetan, bizi doguna kontau nahi izan dogu, inguratzen gaituenak eta kezkatzen gaituenak lekua euki behar dabe letretan, zehaztu dau Iñigo taldekideak. Holan, azpiegitura suntsitzaileak edo Jon Anza desagertu izana kritiketan dabe eta kartzelan daukiezan lagunak be ez ditue ahaztuten. Horri guztiari, rock&rollaren topiko probokatzaileak gehitu deutsiez. Letretan euskerea eta ingelesa tartekatu ditue, batzuetan nahastau be bai. Gitarra doinuei emon deutsie lehentasuna eta punk-rock estiloa gailentzen da Amaiera hasieran dator diskoko musikan.
Behin bigarren diskoa aurkeztuta, kontzertuak emoten hasiko da Sermond´s boskotea. Barikuan, hilaren 18an, euren herrian, Elorrioko Gaztetxean joko dabe eta datorren barikuan, hilak 26, Eskoriatzan. Martian, Mutrikun, Leitzan, Zaldibarren eta Deustuako jaietan be emonaldiak iragarri ditue. Diskoaren moduan, kontzertuak be indartsuak izango dira, dinamikoak, sua nahi dogu, adierazo dau Iñigok. Kontzertu bakotxa ikuskizuna izango dala agindu dau Sermond´s taldeak.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!