Anje Duhalde: 'Musikari baten lehenengo funtzinoa jentearen aurrean bere lana emotea da'

Nagore Ferreira Zamalloa 2011-02-14 10:53   Barriketan

Abeslaria

Anje Duhalde (Arrangoitze, 1950) aspaldi hasi zan musika munduan, baina oraindino ez dauka plazak ixteko ezelango asmorik. Badira urte batzuk disko barririk argitaratu barik, baina barikuan, zezeilaren 18an, zuzeneko diskoa grabauko dau Bilboko Kafe Antzokian. Ia hogei urte dira aurreko zuzenekoa (Zuzenean) atara ebanetik, beraz hitzordu interesgarria daukagu asteon Bilbon.


1.- Azkenengo zuzenekoa 1993an kaleratu zenduan, zer dala eta grabazinoa barria orain?

Lehendik be baneukan asmoa zeozer egiteko; aspaldian ezer barririk aurkeztu barik nengoan, eta badira hamar bat urte, edo gehiago, talde beragaz joten dodala. Disko honek garai bat marketako balio izango dau, lekukotza antzeko bat izango da. Dana dala, ez daukat argi zelan argitaratuko dan, baina grabazinoa hor egongo da. Ikusiko dogu zer gertatzen dan.


2.- Zelan egin dozu kanten aukeraketea? Zer erispide erabili dozu errepertorioa preparetako?

Azkenengo urteotan kantau doguzan abestiak izango dira gehienak, taldeagaz egindakoakk. Kanta batzuk sartuko dodaz deigarriak ez diranak, baztertuta-edo. Ahalegindu naz, halanda be, orain arteko disko guztietatik kanta bat edo bi sartzen, eta horregaz errepertorio nahiko koherentea urtengo dala pentsetan dot. Betiko abestiak be sartuko doguz, jenteak beti eskatzen dituen horreek; beste kontu bat da diskoan jasoko doguzan edo ez. Ez dot uste komenigarria izango litxakenik 93ko zuzeneko diskoan batu genduzan pieza berak sartzea.


3.- Kanta barririk ez da egongo, orduan?

Ez, bakar bat bera be ez. Abesti barriak euki badaukadaz, baina beste baterako itxiko dodaz. Barriak sartu ezkero errepertorioa luzeegia izango litxake.


4.- Diskoaz gan, bideoa grabetako asmoa be badaukazue, ezta?

Bai, badago bideoa grabetako proiektua; audioa alde batetik, eta DVDa beste batetik. Posible da batean kanta batzuk izatea eta bestean beste batzuk. Asmoa hori da, ikusiko dogu. Beste grabazino bat be egin genduan Ondarroan; audioa ondo jaso zan, baina ni osasunez makal nengoan. Beharbada hortik be hartuko dogu zeozer, audio batzuk baliogarriak dira eta.


5.- Badira urtetxu batzuk Anje Duhalde musika munduan hasi zana. El Fuego izeneko talde baten emon zenduzan lehenengo pausuak, ezta?

Arraroa egiten jatzu, ezta? Izen bitxia, ezta? Jakin behar da 60-70 hamarkadea zala, hemen jantzaldiak eta berbenak egiten zituen taldeek gaztelaniazko izenak eukezan, izen xelebreak. Horren arrazoia ez dakit zein zan, baina halan zan, bai. Taldea aspalditik egoan; ahalegindu ginan izena aldatzen, baina jentearentzat El Fuego zan, eta holan geratu zan. Nire lehenengo urratsak hortxe emon nituan. Bateria jo eta kantau egiten neban, orduan konturatu nintzan ze gatxa dan gauza biak egitea. Nire inguruko musikari askok esaten deuste bateria legez joten dodala gitarrea be. Hamar urte emon nituan El Fuegon, Errobi sortu arte. Asko-asko ikasi neban.


6.- Errobi talde mitikoa izan zan zure hurrengo proiektua. Euskal rockaren aitzindaritzat hartzen zaitue askok.

1973an single txiki bat grabau genduan, abesti bigaz, Goizero eta Beste batekilan. Hori izan zan Errobi sortzeko iturburua. Holan hasi nintzan Mixel Ducaugaz gauza batzuk egiten apurka-apurka. Euskal rockaren aitzindari? Estetikoki orduan egoanaren aldean oso desbardinak ginan: gitarra akustikoa eta elektrikoa, kanten harmonia... gauza bitxia zan. Ondoren, bateria eta baxua sartu genduzan, eta rock formatora hurreratu ginan. Nik neuk espero ez neban neurri bat hartu eban taldeak. Aitzindari berbea oso handia da. Pentsetan dot etxeren batean, garajeren batean, izango zala beste nonor musika talde bat egiteko asmoagaz.


7.- Sasoi haretan alde handia egoan Iparraldea eta Hegoaldearen artean?

Aldea egoan, bai, baina ez bakarrik musikeari jagokonez, gizartean be desbardintasun handia egoan. Hegoaldean diktadurea egoan; pisu horrek saiakera guztiak tapetan zituan. Nik Hegoaldeagaz beti euki dot lotura sakona; soldaduskea egin baino lehen be Hegoaldera sarri-sarri joaten nintzan. Ez zan hain arraroa be niretzat. Mixel Ducau batentzat, barriz, hasiera batean harrigarria zan ikustea ze giro desbardina egoan mugea behin pasauta. Trantsizinoa etorri zanean, gauzak goitik behera aldatu ziran. Ez egoan arnasa hartzeko astirik be. Esango neuke Hegoaldea Iparrraldea baino askozaz aurreratuagoa zala garai haretan.


8.- Errobiren ostean, 80ko hamarkadan bakarkako ibilbideari ekin zeuntson Errobiaren hegitik diskoaren eskutik.

Disko guztiz desbardina izan zan, oso akustikoa. Disko horrek ez zituan gauza asko mobidu bere sasoian, baina gaur egun batzuk aitatzen deuste, ondo egoala esanez, eta hau eta beste. Gero Akelarre taldearen proposamena heldu jatan.


9.- Lau bat urte emon zenduzan Akelarregaz plazaz plaza. Zelango esperientzia izan zan?

Taldea berregituratu egin zan, neure gan itxi eben ardura hori. Lau urte izan ziran, gau asko galduta, egunak lotan. Momentu onak izan ziran, baita oso onuragarriak be, zelan ez. Musikalki ez zan, igoal, nahi nebana. Lau urteren ostean, baztertu egin neban; ikusi neban giro horretatik ez nindoala inora. Egon nintxaken urte asko, baina ez neban nire burua hor ikusten.


10.- Akelarre itxi, eta barriro be Mixel Ducaugaz batu zinan, Errobi berreskuratzeko asmoagaz, agian?

1985ean Ducau eta biok alkartu eta Agur T'Erdi atara genduan. Oso sakonetik sentiduten ez neban gauza bat zan; beharbada, lehengo urratsak berreskuratuko genduzala pentsau eta hortik ekin geuntsan. Gauza puntuala izan zan, ez dot uste barriro bueltetako asmorik geunkanik. Hori Mixel Ducauk berak be esan beharko leuke. 85ean eta 86an kontzertu batzuk emon genduzan; aurretik erabagita holan izango zala.


11.- Erroz eta oroz lanagaz berreskuratu zenduan bakarkako ibilbidea 1987an, eta ordutik holan jarraitu dozu. Zelangoak izan ziran bakarkako lehenengo urteak?

Ba, nahiko xelebreak izan ziran; jente batek Akelarreko kantari ikusten ninduen, eta beste batek Errobikoa. Nahaste horrek bi-hiru urte iraun zituala uste dot. Nire eretxiz, lan bik argi itxi eben beste gauza batzuetara pasau nintzala, batez be Xabier Amurizagaz egin neban Amurizaren kantari diskoak eta Bakezaleak lanak. Orduan gauzak argi geratu ziran. Uste dot aurretik be Anje Duhalde ezagutzen zala, baina hortik aurrera gehiago zabaldu zan. Amurizagaz egindako lanak beste eremu batera eroan ninduan, ganera; bertsolaritzearen mundura. Beste esparru batean sartu nintzan; erabagigarria izan zan niretzat.


12.- Sorminetan dozu argitaratutako azkenengo diskoa, 2006an izan zan, ezta?

Azkena, momentuz, bai. 2006an atara genduan. Sasoi oso langilea izan neban, 87tik 93ra bitartean. Sei urtean bost bat disko kaleratu nituan, gero alperkeria apur bat sartu jatan eta abiadura moteldu neban. Dana dala, kontzertuak emoten jarraitzen dot, eta eskerrak deitzen nabela. Dagoeneko errepertorio luzea daukat, sakona ez dot esango agian, baina bai luzea. Jente asko etorten da laubost kanta entzun nahi ditualako, betiko kantak. Jente gehienari hori eskeini behar jakola kontuan hartu behar da.


13.- Musikari askok dinoe zuzeneko emonaldiei esker egin dabela aurrera azkenaldien, diskoak saltzetik ezinezkoa dala bizitzea.

Musikari baten lehen funtzioa jentearen aurrean bere lana emotea da. Lehengo sasoietara bueltetan gabiz. Ez dot txarto ikusten; musikariak sortu eta jenteari eskeini behar deutso. Beti pentsau izan dot holan, ez da nire gaurko burutazinoa. Diskoa hor egongo da beti, baina beste formato bat topau beharko dogu. Urte on batzuk pasau dira, udaletxeek eta alkarteek dirulaguntzak euki ditue; orain, barriz, krisi garaian gagozala kontziente izan behar gara.


14.- Azkenaldion Gu gira kantaldian emonaldi batzuk euki dozuz.

Egia esan kantaldietan parte hartzea onartu neban bi edo hiru egiteko, ez gehiagorik. Ideia moduan oso ondo dago; hori diskoetxe batek asmautako gauza bat da. Ez naz eroso sentiduten giro horretan. Nire ikusmodeak ez dau horregaz bat egiten, baina, aizu, aukera bat da, eta jenteari gustetan bajako, hoba.


15.- Urte asko emon dozuz musika munduan, jubilazinoan pentsetan hasita zagoz, ala oraindino ez daukazu holango asmorik?

Momentuan momentukoa egiteko asmoa daukat. Ez neban sekula pentsauko 60 urtera helduko nintxakenik eta hemen nago. Ez dakit, baina ez jubilau, mesedez. Sinisten dodan bitartean egin egingo dot, eta sinisten ez dodanean bertan behera itxiko dot.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu