Harkaitz Canok eta Juan Kruz Igerabidek Municheko artisten egoitza batean bizitakoaren testigantzea batu dabe

Karolina Almagia 2011-02-11 15:46   Kulturea

2009ko udagoienean Jaun Kruz Igerabidek eta Harkaitz Canok hainbat aste emon zituen Villa Waldberta artistentzako egoitzan. Bertan bizitakoak batu ditu Cervantes Institutuak gaztelaniaz, alemanez eta euskeraz argitaratutako Cuadernos de Villa Waldberta liburuxkak.

2009ko udagoienean Jaun Kruz Igerabidek eta Harkaitz Canok hainbat aste emon zituen Villa Waldberta artistentzako egoitzan. Bertan bizitakoak batu ditu Cervantes Institutuak gaztelaniaz, alemanez eta euskeraz argitaratutako Cuadernos de Villa Waldberta liburuxkak.

Villa Waldberta Feldafing izeneko herrian dago, Munichetik berrogei bat minutura trenez, hegoalderantz. Stamberger Sea aintzira zabalaren ondoan da, eta bertatik Alpeak ikusten dira. Leku zoragarria da, basoz inguratua, bakarti samarra -azaltzen dau Igerabidek-. Lanerako aproposa. Bost apartamentu dagoz etxean, eta mundu guztiko idazle, pintore, musikari, eta abar batzeko lekua da. Geugaz batera, Ukrainako, Greziako, Alemaniako, Inglaterrako, Tunisiako eta Mazedoniako jentea egon zan.

Bertan egozala, Harkaitz Canok eta Juan Kruz Igerabidek Cervantes Institutuak Municheko Udala eta unibersidadeagaz batera antolaturiko Euskal Literatureari buruzko ziklo batean parte hartu eben. Harritu be egin ginan egin euskuen harrereagaz -kontau dau Igerabidek-. Kultureagazko interes handia dabe, eta euskal kultureagazko ardurea aspalditik jatorke (gogoratu Humboldt, jada XIX. mendean, adibidez). Bai unibersidadearen bai prentsaren aldetik, arreta handia eskaini euskuen, nahiz eta kultura-interesagaz batera egoera politikoari buruzko jakinmina be nahasten zan, bide horretatik galdera asko egin euskuezan eta. Harkaitz Canok Alemaniako irakurlegoa oso edegia dala dino eta bertako argitaletxeek atzerriko idazle asko eta asko plazaratzen dituela. Mundu anglosaxoniarragaz konparau ezkero, askoz be edegiagoa da germanoa. Ohitura handia dabe irakurraldietan ezagutzen ez dituen hizkuntzak entzuteko: entzulegoa aspertzeko bildurrez euskeraz gitxi irakurri eta zuzenean alemanezko itzulpenera pasetan bazan gure itzultzailea, euskerazko gehiago entzun nahi izaten eben. Beste historia bat da: han pagau be egiten dabe hitzaldietara joateagaitik... Literatureagazko pasinoa, ardura eta errespetua sano sustraituta dagoz.

Bestalde, aukera ugari izan zituen poesia eta beste arte-mota batzuk alkarlanean jarteko be. Errezitaldi bat egin eben, berbarako, Iñaki Alberdi eta Iñigo Aizpiolea akordeoilariakaz, horreek Alemaniatik bira bat egiten egozala aprobetxauta. Instalazinoak egiten zituen artista batzuekaz be izan ziran: Bitxia izan zan, esate baterako, emakume batek eukan poesia-zentro batean errezitetea; herentzia bat jaso, eta etxe dotore bat poesiari eskainia eukan, berebiziko liburutegiagaz, eta euskal liburuak be baeukazan bertan.

Baina Villa Waldbertan beharrean jo eta su ibilten ziran, batez be. Cano orain azken ukutuak emoten dagoan nobela labur bat idazten ibili zan bertan. Oso ingurune lasaia da. Nor bere lanetan isolatzea da helburua, baina tarteka beti daukazu aukerea besteakaz otorduren bat egin eta alkarren lanak alkarbanatzeko.

Esperientzia oso aberatsa izan zan, Igerabideren esanetan. Jente mota askogaz egin genduzan hartu-emonak. Kultura arloan mobimentu indartsua dago, eta prentsan be oihartzun zabala izan eban gure zikloak. Bestalde, bakarrik egoteko eta inguruaz gozetako nahikoa denpora izan genduan, eta esku artean genduzan lanak aurreratzeko aukerea emon euskun horrek. Han inguruko euskaldun batzuekaz be kontaktua egin genduan, besteak beste, Xabier Aurtenetxe arte-kritikariagaz. Harkaitzentat onena izan zan Europako beste herrialdeetako sortzaileak ezagutzeko aukerea. Hilean behin ate edegiko egun bat egiten da eta hori erabat literala da: zure gelako atea edegi behar deutsezu bisitariei. Polita izaten da: herriko jentea etorten da, edade guztietakoak, eta zure lanaren barri galdetzen deutsue, zure ohe ertzean jesarrita, ardao bat hartuz.

Cuadernos de Villa Waldberta liburuxkea da egoitza haretatik geratzen dan testigantzea. Apunte eta testu barriak lantzen ibili ginan eta Cervantes Institutokoek, errezitaldietan irakurri genduzanak ikusita, liburuxka bat egitea proposatu euskuen -azaldu dau Igerabidek-. Egonaldian egindako zenbait apunte aukeratu eta batu genduzan horretarako, eta itzuli egin euskuezan alemanera. Liburuxka horretan Juan Kruzek kontetan dau bere gela barruan iraganaren pisua nabaria dala. Etxe harek historia luzea dauka, oihartzunez betea dago. Gure aldameneko apartamentuko emakume ingelesa urte batzuk lehenago be egona zan bertan beste denporalldi bat pasetan, eta kontau euskun egun batean atea jo eutsiela eta edadeko emakume batek sartzeko baimena eskatu eutsola, gelea ikusteko. Bigarren Mundu Gerraren amaieran konzentrazino-esparruetatik ataratako juduak egon ziran etxe haretan; emakume hori hareeetako bat zan, eta sasoi batean lo egin ebaneko gelea ikusi nahi eban barriro. Eta Municheko Olinpiadetako atentadu latzak gertatu ziranean, Willy Brandt eta zenbait enbajadore han batuta egon ziran. Azkenik, Elliot-en The Waste Land gainbegiratzen nengoala, konturatu nintzan inguru haretako erreferentziak emoten zituala poeman: aintzirea, leku jakin batzuk... Harkaitzi erakutsi neutsan, eta txunditurik konprobau genduzan datuak.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu