Aita Patxi pasiotarra gogoan, makinatxu bat ekitaldi antolatu ditue Orue-Euban

Bizkaie! 2011-02-09 16:37

Bitoriano Gondra, Aita Patxi, ospetsu egin zan lehenengo eta behin gerra garaian gudarien kapilau moduan egin eban beharragaitik

Aita Patxi pasiotarraren jaiotzearen mendeurreneko ekitaldiak igazko martian egin ziran baina aurten be egitarau potoloa preparau dabe zezeilaren 12rako: Datorren zapatuan, arratsaldeko 17:00etatik aurrera izango dira ekitaldiak Orue-Eubako pasiotarren etxean. Arrastiko 17:00etan, Aita Patxiren kurutzebidea izeneko pasealekuan, otoitzalditxua egingo da; jarraian Aita Patxiren irudia bedeinkatuko da, eta egileak, Javier Laka artista zornotzarrak, irudiaren azalpena emongo dau. Ondoren, Orueko auditoriumean, Alberto Iglesias musikariak Aita Patxiren omenez konposatutako hamar abestietatik lau abestuko ditu. Eta amaitzeko, Gontzal Mendibilek moldatu dauen pasiotar frailearen bizitzeari buruzko dokumentala proiektauko da.

Aita Patxiren omenezko egitaraua jente guztiarentzat zabalik dago eta parte hartu gura dabenek Orue-Eubara hurreratzea baino ez dabe.

Aita Patxi Arrietako Libano auzoan (Bizkaia) jaio zan, 1910eko martiaren 5ean. Bonbentura Gondra eta Benita Murua senar-emazteen bederatzi seme-alabetan seigarrena izan zan. Jaio eta hurrengo egunean bataioan Bitoriano izena ipini eutsien.

Irungo (Gipuzkoa) San Gabriel eta Santa Gemaren Santutegian, 1935eko irailaren 22an, Plazido Rey de Lemos, OFM, Pelusioko gotzainburuaren esku ezartzeaz abadetu zan. Bere lehenengo mezea hil beraren 29an emon eban Deustuko San Felizisimoren eleizan.

Bitoriano Gondra, Aita Patxi, ospetsu egin zan lehenengo eta behin gerra garaian gudarien kapilau moduan egin eban beharragaitik.

1937ko urtarrilean gudaritzara deitua izanik, Eusko Gudarosteko Rebelión de la Sal Batailoiaren kapilau izendapena hartu eban. Gudariak Aita Patxi ezizenez deitzen hasi jakozan eta ordutik, heriotzara arte, izen horregaz zan ezaguna.

Irungo (Gipuzkoa) San Gabriel eta Santa Gemaren Santutegian, 1935eko irailaren 22an, Plazido Rey de Lemos, OFM, Pelusioko Artzapezpikuaren esku ezartzeaz abadetu zan. Bere lehenengo mezea hil beraren 29an emon eban Deustuko San Felizisimoren eleizan.

Gudarien kapilau legez zintzo bete eban bere zerbitzua. Kapitain militarraren menpean jarri zan eta zehaztasunez jarraitu zituan haren pastoral orientabideak, bere buruaz ahaztuta eta abade moduan gudarien zerbitzuan bizitza etenbarik arriskuan ipiniz. 1937ko bagilaren 13an nazionalek atxilotu eben Zamudion eta 1937 eta 1939 urteak lehenengo Gernika eta Gasteizko espetxeetan eta gero urteak Madrilen, preso, igaro zituan. Kartzelan egoan bitartean bi aldiz eskaini eban bere burua heriotza zigorra euken bi presoren ordez.

Gerra ostean be ezaguna egin zan Bizkaia aldean, gaixoen eta pobreen alde egin eban beharragaitik.

Aita Patxi 1974ko abuztuaren 6an hil zan Basurtuko ospitalean leuzemiak jota, 64 urte eukazala; bere gorpua Deustuko San Felizisimo eleizan dago lurperatuta. Gaur egun, pasiotar frailea beatifikazino eta kanonizazino prozesuan dago, eta ez dira gitxi santutzat hartzen dabenak, haren bizitzea fedearen, karidadearen eta bakearen aldeko eredu izan zalako.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu