XII. Umore Azokeak laurehunetik gora proposamen jaso ditu

Bizkaie! 2011-02-07 14:06   Kulturea

Leioako Umore Azoka-Kaleko Artisten Azokeak 2011ko maiatzaren 12tik 15era arte ospatuko dau Leioako kale, enparantza eta espazio publikoetan bere hamabigarren edizinoa.

Leioako Umore Azoka-Kaleko Artisten Azokeak 2011ko maiatzaren 12tik 15era arte ospatuko dau Leioako kale, enparantza eta espazio publikoetan bere hamabigarren edizinoa. Kaleko Arteen profesional eta ikuslego zabala batzen dituan ekimen honetan parte hartzeko laurehunetik gora proposamen jaso ditu.

Joan dan urtarrilaren 21era arte zabalik egon dan deialdira, danetara 338 erakunde aurkeztu dira. Konpainiakaz batera ordezkari-artistiko eta banatzaileek be euren eskaintzak proposatu ondoren, Umore Azokako antolatzaileek eta batzorde artistikoak laurehunetik gora egitasmo aztertu eta balorau beharko ditue, hamabigarren edizinoaren programazinoa osotuko daben berrogeita hamar ikuskizunen hautaketea gauzatzeko. Hori dala eta, Leioako hitzorduak kaleko arteen sektorean dauen garrantzia berretsi dau beste behin.

Jatorriari begira, jasotako proposamenetatik % 10 Euskaditik heldu dira; beste % 62,2 Estadu espainoleko komunidade guztietatik eta ganerako % 27,8 munduko kontinente guztietatik.


Ames, ilusino eta pasinoz beteriko hitzordua

Umore Azoka-Kaleko Artisten Azokea, Leioako Udaleko Kultura eta Gazteria Sailak antolatzen dau, Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko Foru Aldundia eta Kultura Ministerioaren laguntzinoagaz. Leioak, lau egunez, antzerkiagaz batera biziteko aukera parebakoa eskaintzen dau. Hartu-emonak sortzeko, ideiak alkartrukatzeko, lanak erakusteko eta emonaldiak kontratetako aukerea eskainiz, antzerkia eguneko hogeita lau orduetan bizi ahal izateko foroa bilakatuz.

Kaleko antzerkia ardatz dala, Umore Azokeak urterik urtera Euskadiko, Estaduko eta atzerriko konpainia garrantzitsuak ekarri ohi ditu gurera, obra ugari estreinatuz eta, aldi berean, artista barriei euren lanak erakusteko aukerea emonez.

Umore Azoka - Leioako Kaleko Artisten Azokeak fresko irauten dau, beteranotasunaren eta gaztetasunaren nahasteari esker. Leioako Kaleko Artisten Azokea, COFAE - Estadu Espainoleko Arte Eszenikoen Ferien Koordinakundearen kide da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu