ESKENA, Euskadiko Produkzino Eszenikoen Enpresa Alkartuak, bere jarduerearen lehen 15 urteak ospatuko ditu

Bizkaie! 2011-02-02 14:15   Kulturea

Danetara, 24 antzerki konpainia eta produktore batzen ditu Eskenak, bere zeregin nagusia ikuskizunen mundua egituratu eta agertokiko sorkuntzea garatzeko baldintzarik onenak bilatzea izanik alkartearen oinarria.

Amorebieta-Etxanon zezeilaren 9an egingo dan ekitaldian, enpresearen ibilbidea gogoratu eta Eskena sortu eta orain arte izandako bultzatzaileen ekimena goraipatuko da.

Danetara, 24 antzerki konpainia eta produktore batzen ditu Eskenak, bere zeregin nagusia ikuskizunen mundua egituratu eta agertokiko sorkuntzea garatzeko baldintzarik onenak bilatzea izanik alkartearen oinarria.

Eskena-Euskadiko Produkzino Eszenikoen Enpresa Alkartuak erakundea 1995ean sortu zan konpainiarik dinamikoenen eta profesionalen ekimenari esker. Alkarteak arte eszenikoak sustatzeko helburua dau oinarri eta asmo hori gauzatzeko hainbat ekimen antolatzen ditu sektoreko enpresen garapena bultzatzeko; erakundeakaz eta arloko ganerako eragileakaz etenbako hartu-emonak ahalbidetzeko; afiliatuen interesak ordezkatzeko, babesteko eta sustatzeko eta, azkenik, afiliatutako kideen arteko alkartasuna sustatzeko. Hamabi konpainia eta produktore izan baziran Eskena sortu eben enpresak, gaur egun zenbaki hori bikoiztu eta hogeita lau dira afiliautakoak.

Eskenaren sorrerearen 15. urteurrena gogoratzeko, ospakizun ekitaldia antolatu dabe alkarteko kideek. Saioa, Amorebieta-Etxanoko Zelaieta Kulturgunean izango da, herri horretan daukalako egoitza 1999 urtetik, nahiz eta hemendik gitxira Bilboko Harrobia zentrora joango dan. Ekitaldira hainbat kultur ordezkari konbidau ditue, besteak beste, Eusko Jaurlaritzakoak, hiru Foru Aldundietakoak, Amorebieta-Etxanoko Udalekoak, Euskadiko Antzoki SAREAkoak, sektoreko eragileak eta konpainietako ordezkariak. Aitatu ekitaldian, berariaz autortuko da sektoreko eragileek zein enpresetako ordezkariek antolatutako lan alkartua, ahalegina eta dedikazino profesionala tarteko egindako ibilbide luzea eta, esangura horretan, berenberegi azpimarratuko da persona horreek guztiek onena emon dabela Euskadiko Arte Eszenikoen defentsa kolektiboa egiteko.

Eskenara batutakoak dira: Ados Teatroa; Agerre Teatroa; Ez dok hiru-Bikoteatroa; Gaitzerdi Teatroa; Golden Apple Quartet; Gorakada; Hika Teatroa; Hortzmuga; Julio Perugorria; K Producciones; Kanpingags; Kukubiltxo; Maskarada; Panta Rhei Antzerkia; Pikor Teatro; Porpol Teatro; Simulacro Teatro; Tanttaka; Taun-Taun; Teatro Paraíso; Tentazioa; Traspasos; Txalo; eta Vaivén.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu