Igaztik artea zenbat hazi dan neurtuko dabe San Balentinetan Zeanuriko Eleizondon

Bizkaie! 2011-02-01 16:27

Pedro Lejarza, aurtengo maiordomoaren arabera, Piedadearen aurrean dagoan artea, lehenago leku berean egoan beste baten ordezkoa da; 1958 urtean landatu eben gure aurrekoek. Hurrengo urteetan, San Balentin egunean edota San Balentin eguna ospatzen zan domekan, jai giroan, bolanderak botaz, bertsoak abestuz..., artea neurtu egiten eben.

Urtero legez, aurten be San Balentin jaiak ospatuko dira Zeanuriko Eleizondo auzoan, Piedadea izenaz ezagutzen dan ermitearen iguruan, zezeilaren 13an, domekan, San Balentin egunaren bezperan.

Egitaraua apala, baina, aldi berean, bitxia antolatu dabe eleizondotarrek: 11:30ean mezea izango da Andra Mari parrokian; meza ostean, San Balentinen irudia parrokiatik 50 bat metrora dagoan ermitara eroango dabe, datorren urtera arte bertan ixteko, eta jarraian ermitearen aurreko artearen neurketeari ekingo deutsie. Neurketearen akta sinatu eta gero, aurtengo maiordomoak, Pedro Lejarzak, datorren urtekoari –Errekaurre baserriko Manterola familia–, agiri-liburua eta ermitaren giltzea pasauko deutsoz. Ostean, barauskarria –urdaia, pamitxea eta ardaoa– banatuko da bertara hurreratzen diranen artean. Ekintza horreek herriko txistularien doinuen eta Eñaut Intxaurraga eta Jabi Olibares bertsolarien kantuen artean egingo dira.

Egitarau honetan aitagarria da orain dala 52 urte eleizondotarrek hasi eben eta orain dala bi urte, aldi batean bertan behera itxita egon ondoren, berreskuratu eta ofizialtasuna emon gura izan eutsien ekintzea: Piedadeko artearen neurketea.


Artearen neurketea

Pedro Lejarza, aurtengo maiordomoaren –emitearen eta jaiaren gorabeherak antolatzeaz arduratzen dana– arabera, Piedadearen aurrean dagoan artea, lehenago leku berean egoan beste baten ordezkoa da; 1958 urtean landatu eben gure aurrekoek. Hurrengo urteetan, San Balentin egunean edota San Balentin eguna ospatzen zan domekan –konbit egunean– batzuetan bazkalostean, eta beste batzuetan afalostean, jai giroan, bolanderak botaz, bertsoak abestuz..., artea neurtu egiten eben. Neurtzeaz Gorordo baserriko Zeferino Lejarreta arduratzen zan. Eta neurtu ostean, jaia amaitutzat emoten zan. Zeferinoren kuadernoetan lehen urteetako neurketen zehetasunak topau doguz; lehenengo neurketea 1959koa da, eta zera irakurri daiteke bertan: La medida de la encina de la Piedad, en los años medidos. Grueso a la altura de 1,50: 0,18. Tradizino hau apurka-apurka galdu egin zan eta azken neurketea, Kandido Intxaurragak egin eban 1999an; papertxu batean zera idatzi eban: Piedadeko artea. 99-2-14. a 1,50 circunf.: 1,50.

Aurrekoek hasitako ohiturea ez dabe galtzen itxi gura eleizondotarrek, eta maiordomoak dinoanez, 2007an neurtzen hasi ginan barriro, eta 2008an neurtzeaz ganera, agiri-liburua zabaldu genduan, bertan neurtzaileak, maiordomoak eta idazkariak sinatuz. Orain dala bi urte, Piedadeko artearen neurketea hasi zanetik 50 urte bete ziranez, ofizialtasuna emon gura izan geuntsan ohitura bitxi honi, aurrerantzean be jarraipena izan daian. Ganera, zuhaitzari neurri hartzeaz Zeferino Lejarretaren semea, Gregorio Lejarreta aurduratzen da eta bera izango da aurten be zeregin hori beteko dauena.

Igaz hartutako neurria honako hau izan zan: 177 zm-ko perimetroa 150 zm-ko altueran. Zein izango da aurtengoa?

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu