Euskerazko hedabideak, beste jauzi baterako ordua

Bizkaie Eta Beste 65 Hedabide 2011-02-01 09:25

Hiztun komunidadeak bere burua euskeraz islatua ikusteko eskubideaz ari gara, beharraz, nahiaz. Edozelako gizarte modernoren orainean, edozein kulturaren geroan, giltzarri da hedabideen zeregina.

Euskerazko hedabideen historia jarraitu dauenak, badaki azken 30 urteetako abaroan egin dala biderik emonkorrena. Eta badaki denpora horretan emondako aurrerapausua itzela dala. Gaur egun 400.000tik gora biztanlek kontsumiduten ditu euskerazko hedabideak, 2008ko Eusko Jaurlaritzearen ikerketa baten arabera.

Komunikazinoa da gure ardatza, inguratzen gaituan mundua zelan ikusten dogun kontetea, ikusmolde eta euskarri anitzez. Alkarren lehian eta alkarren osogarri. Hori da lokaletik globalera egiten dogun ekarpen nagusia, hizkuntza, euskeraz egiten doguna. Harro gagoz egindako bide horregaz, pozik egiten dogunagaz, euskal kulturearen isla eta hauspo gara, eta gure euskaltasunetik munduaren ikuskera ugari eskaintzen doguz. Albistea eta informazinoaren haritik, entretenimendutik, hurrekotik, sakonetik, zientziatik…

Baina ez da nahikoa, ibilbide horretan sakondu behar dogu, orain artekoa hobetuz eta zabalduz. Hiztun komunidadeak bere burua euskeraz islatua ikusteko eskubideaz ari gara, beharraz, nahiaz. Edozelako gizarte modernoren orainean, edozein kulturaren geroan, giltzarri da hedabideen zeregina. Ez da hau ukatuko dauenik eta holan ebazten da behin eta berriz erakunde publiko eta alderdi politiko gehienen euskereari buruzko gogoeta eta plan estrategikoetan. Printzipio eta helburutan letra larriz autortzen dabe garrantzi hori, baina sostengu ekonomikoan ez, ez behintzat hedabide ez publikoei jagokenez.

Jakina da EAE, Nafarroa eta Ipar Euskal Herrian oso egoera desbardinak bizi dirala: Nafarroan eta Iparraldean erakundeen sostengua hutsala da; EAEn oso bestelakoa da, baina ez da nahikoa, aurrean doguzan erronkei begira eusteko ainakoa ez bederen.

Euskerazko hedabideok ohituta gagoz zailtasunean jarduten, gure hizkuntzearen izaera ez normalizatuak horretara bultzatzen gaitu, eta akaso horrek be laguntzen deusku bizi dogun krisiari aurre egiten. Baina egoera gorria da eta hainbatetan larria. Hedabide ugari ari dira zarratzen munduan, hedabide historikoak, ospetsuak, gureen aldean handi eta indartsuak… Eta gu be enbataren erdian gabilz. Publizidadea behera, salmentak be bai, diru-laguntzinoak urritzeko joeran… Noiz arte eutsi ahal izango deutsagu?

Bankuen, autoen, altzari eta elektratresnen salbamendu garaian, guk be sostengu sendoagoa aldarrikatzen dogu. Sarri arpegiratu jaku diru publikotik bizi garela, bai euskal kulturea, bai euskerazko hedabideak, konplexua sortzeraino be bai agian. Orain, ostera, inoiz baino argiago ikusten da zelan giltzarritzat joten diran esparru eta proiektuetan, erakunde publikoek dirutzak bideratzen dituen, izan honeek eremu publiko edo pribatukoak.

Eta ekonomikoki be sektore garrantzitsua da euskerazko hedabide ez publikoena: 600 langiletik gora gabilz bertan, hilero soldata etxera eroanez eta euskal gizartearen aberastasunean gure alea jarriz.

Azken 30 urteetan ibilbide oparoa egin dogu, baina bada ordua beste jauzi bat emoteko. Gure konpromisoa hemen dago, egunerokoan ikusgai. Eta instituzinoen konpromiso sendoagoa be egunerokoan ikusi nahi dogu. Herri erakunde publikoen sostengu eta babes handiagoa aldarrikatzera gatoz.

Gure gizartearen garapena ezin dalako porlana eta azpiegitura handien garapenari lotu. Adibidez, Euskal Y tren proiektuaren kilometro bakar batek, erakunde publikoetatik euskerazko hedabide ez publiko guztietara lau urtetan bideratzen dana balio dau. Errepide, trenbide edo eraikuntza handien zati txiki batek gure etorkizuna bermatu leike. Euskerazko komunikazinoak merezidu dau tamainako apustua eta euskal kultureak be bai.


Sinatzaileen zerrendea

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu