Bilboko Udal Musika Eskoleak interprete gazteen zikloa aurkeztuko dau Musikeneren kolaborazinoagaz

Bizkaie! 2011-01-28 11:50   Musikea

Dobako sarrerea izango daben ekitaldi guztiak, BilbaoMusikako (Sorkunde, 8) Auditorioan izango dira 19:30ean. Lehenengo hitzordua gaur izango da, urtarrilak 28, Double Sided! laukoteagaz eta eurek sortutako jazz doinuak eskainiko ditue.

Bilboko Udal Musika Eskoleak Musikeneko azken ikasturteetako ikasleek protagonizauko daben ohiko kontzertu ziklo zabalagaz emongo deutso hasierea aurtengo ikasturteari. Urtarrila eta zezeila bitartean, eskolako sail desbardinetako kontzertu-audizinoakaz eta Hika Ateneoan izango diran jam session saioakaz batera, Euskal Herriko goi mailako musika ikastegiko ikasle adimentsuek eskainiko daben Interprete Gazteen Zikloaz gozau ahal izango dabe bilbotarrek. Bost kontzertutan, estilo zabala jasoko dau zikloak, berbarako, Beethovenen klasizismoa, Fauréren erromantizismoa edo gazte autoreek sortutako jazz doinuak.

Dobako sarrerea izango daben ekitaldi guztiak, BilbaoMusikako (Sorkunde, 8) Auditorioan izango dira 19:30ean. Lehenengo hitzordua gaur izango da, urtarrilak 28, Double Sided! laukoteagaz eta eurek sortutako jazz doinuak eskainiko ditue.

Ziklo honek, adinez gazteak izan arren, interpretazinoan eta konposizinoan musikari sena erakutsi daben gazteen karrera artistikoa gura dau bultzatu. Izan be, parte hartuko daben talde batzuek hainbat lehiaketa irabazi ditue eta Espainian zein atzerrian kontzertuak be eskaini ditue.


Hasierea emoteko, belaunaldi barriko Jazza

Zikloari hasierea emongo deutson taldea Double Sided! izango da. Orain dala hiru urte sortu zan Takeo Takahashi bateria jolearen eskutik. Japoniar jatorriko kanariar musikari gazteak bere doinuak interpretauko ditu, Musikeneko ikaskideakaz batera: Oskar Lakunza (saxo tenorea), Wilfried Wilde (gitarra) eta Alejandro San Pelayo (kontrabaxua). Hasierako jazz proposamenak, beste estiloetako musika-doinuakaz buztartuko ditu ikusleen aurrean.

Double Sided! taldeak eskainiko dauen inaugurazinoko emonkizun honen ondoren, zikloak zezeilaren 17an jarraituko dau Voyage a París bikoteagaz. Jesus Lopez pianoak eta Teresa Alberó sopranoak, Parisetik ibilbide bat proponiduko deuskue, frantziar uriburuan sortutako eta inspirautako lanen bitartez. Chopinen Nocturno, Fauréren Les présents, Monpouren Combat del sumni eta Satieren Je te veux interpretauko ditue, besteak beste.

Zezeilaren 18an, Musikalité Brass Quintet boskotearen ordua izango da, Valeriano Machí Esparza haize-metal Lehiaketa Nazionaleko azken edizinoko irabazlea. Manuel Dávila eta Marcos García tronpetek, Mario Fuentes tronpeak, Patxi Eseverri tronboiak eta Cristian Pérez tubeak, era honetako taldeetara egokitutako obra adierazgarrienak interpretauko ditue, berbarako, Bach autore klasikoen artean eta Salvador Brotons garaikideen artean, publikoari metal boskote baten interpretazino zabala erakutsiz. Hilaren 22an, Nikola Kerkez eta Marko Sevarlic Jeux D’Anches taldea osotzen daben bikote soinujoleek, Manuel de Fallaren Serenata andaluza edo Astor Piazzolaren Verano porteño obrak interpretauko ditue, besteak beste. Eta azkenik 25ean, Trío Aurorak (biolina, biolea eta txeloa), Beethovenen Trío de cuerda obra entzungai izango dan errepertorio klasikoa eskainiko dau.


Interprete gazteen zikloa 2011

BilbaoMusikako Auditorioa (La Galera, 8) / 19:30ean / Dobako sarrerea

- Urtarrilak 28 — Double Sided!
- Zezeilak 17 — Voyage a Paris (soprano eta piano bikotea).
- Zezeilak 18 — Misikalité brass quintet (metal boskotea).
- Zezeilak 22 — Dúo Jeux D’Anches (eskusoinuak).
- Zezeilak 25 — Trío Aurora (biolina, biolea eta txeloa).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu