Bideojokoen garrantzia azpimarratu dau Jose Inazio Imaz UPV/EHUko irakasleak bere ikerketan

Bizkaie! 2011-01-21 12:56

'Pantaila barri honeek ez badoguz hezkuntzatik lantzen eta ez bagara saiatzen zeozelako kontrol publikoa ezartzen, ziber-jentartea eta ziber-kulturea, merkatuaren eta irabazi ekonomikoen logikearen esku ixten ibiliko ginateke, eta hori arriskutsua izan daiteke, merkatuak eta industriak bigarren plano batean ixten baititue eztabaida etiko-moralak'.

'Bideojokoak lagungarriak dira bizitea tokau jakun gizarteko gaitasunak lantzeko, alfabetizazino digitala lortzeko', dino Jose Inazio Imaz soziologian doktore eta UPV/EHUko irakasleak Filosofia eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean. Honek bideojokoen eta hezkuntzearen arteko hartu-emonak aztertzen dituan Pantailaren eragina hezkuntzan: bideojokoen kasua izeneko liburua kaleratu dau Utriusque Vasconiae argitaletxearen eskutik. Lanak UPV/EHUko talde batek eginiko ikerketa baten emoitza nagusiak batzen ditu. Taldekideak dira: Jose Inazio Imaz, Mikel Miralles, Aitor Urigüen, Daniel Artamendi eta Garbiñe Bereziartu.

Ikerketako inkesta, Euskal Autonomia Erkidegoko bost eskolatako 11 eta 18 urte bitarteko 433 ikaslek erantzun dabe. Honen arabera, erantzun dabenen gehiengoa (% 80) bideojokalaria da. Mutilek neskek baino gehiago jolasten dabe, eta akzino eta abenturazko jokoak dira gogokoenak. Edadeari jagokonez, 11 urtekoek gehiago jolasten dabe 18koek baino.

'Gure inkestak erakusten deuskuna da ez dala baieztatzen mitoa: bideojokalaria ez da egun guztia bere gelan isolatuta geratzen dan mutil arraro edo frikia. Horren ordez, bai mutilek eta bai neskek jolasten dabe, eta jokalari eta ez-jokalariek antzeko eskola emoitzak eta aisialdiko ohiturak ditue. Desbardintasunak asko jolasten dauen gitxiengo baten (jaiegunetan lau ordu edo gehiago jolasten dauen %10) eta ganerakoen artean sortzen dira' dino Jose Inazio Imazek.

Ikerketearen ondorioakaz jarraituz, irakasle honen eretxiz, bideojokoak orokorrean ez dira arriskutsuak eta hezkuntzan, eskola, familia eta bestelako hezkuntza erakundeetan, bideojokoak erabiltea interesgarria izan daiteke zentzu bikotx batean: ‘pantailak ikusten ikasi’ eta ‘pantailakaz ikasi’. Batetik, bideojokoei buruzko begirada erreflexibo eta kritiko bat lantzen hastea; bestetik, bideojokoak, bai serioak, bai kritikoak eta bai komertzialak, ikaskuntza prozesuan laguntzeko erabiltea.

Kontuak kontu, alfabetizazino digitala lortzeko bideojokoak erabiltea interesgarria izan daitekeela uste dau Jose Inazio Imaz irakasleak: 'Pantaila barri honeek ez badoguz hezkuntzatik lantzen eta ez bagara saiatzen zeozelako kontrol publikoa ezartzen, ziber-jentartea eta ziber-kulturea, merkatuaren eta irabazi ekonomikoen logikearen esku ixten ibiliko ginateke, eta hori arriskutsua izan daiteke, merkatuak eta industriak bigarren plano batean ixten baititue eztabaida etiko-moralak, eta ondorioz ezin dogu hareen esku itxi belaunaldi barrien hezkuntzea eta gizarteratzea'.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu