Getxoko Sirenoa Portu Zaharrean urgaineratu da bisitariak erakarteko
2011-01-13 16:23Getxoko Udalak, aldi baterako, Marcos Lopez argentinarraren El Sireno del Río de la Plata neurri handiko argazkia eskuratu dau, urtebetez Algortako Portu Zaharreko moilan kokatuta egongo dana. 'Diziplina anitzeko ekimen barria eta barritzailea da, arlo turistikoa eta artistiko-kulturala, argazkigintzea, arkitekturea eta gastronomia buztartzen dituana'.
Getxoko Udalak, aldi baterako, Marcos Lopez argentinarraren El Sireno del Río de la Plata neurri handiko argazkia eskuratu dau, urtebetez Algortako Portu Zaharreko moilan kokatuta egongo dana. 'Diziplina anitzeko ekimen barria eta barritzailea da, arlo turistikoa eta artistiko-kulturala, argazkigintzea, arkitekturea eta gastronomia buztartzen dituana', Getxoko alkate Imanol Landak azpimarratu dauenez. 'Udalerrira bisitariak erakarteko eta bertoko ostalaritza establezimenduetan aberastasuna sortzeko baliogarria izango da hori'. Landak esan dauenez, 'Getxok adierazpen artistiko barriei ateak zabaltzen deutsoz. Dinamismoaren eta joera ekintzailearen irudiagaz batera, sormena, eta artelan honen izaera barritzailea eta ausarta sustatu nahi doguz, Getxo desbardin, gazte eta aurrerakoiaren balioak ezarri nahi dituan artelan honen izaera ausarta'.
Getxoko Sirenoa Algortako Portu Zaharreko moilan kokatu dabe inguruneagaz adeitsua eta harmonikoa dan modu batean, eta Getxophoto-Nazinoarteko Argazkigintza Jaialdiaren antolatzaile dan bertoko Begihaundi alkarteagaz batera. Ekimenean Algortako Portu Zaharreko auzokideek, ostalariek eta gizarte-eragileek be hartu dabe parte.
Imanol Landak ziurtatu dauenez, 'ekimen honek alkarteakaz eta gizarte zibiletik sortzen diran jarduerakaz egiten dauen alkarlanari buruz Udalaren ustea indartzen dau, herritarrak kultura pasibotik atara eta adierazpen artistikoan egile aktibo bihurtuz' .
Getxoko Sirenoa
Getxoko Sirenoa artelan dinamikoa da, itsasoagaz alkarreraginez, irakurketa desbardinak eskainiko baititu, itsasaldiaren arabera; itsasgoragaz gizon baten gorputza, gerritik gorakoa biluzik ikusi ahal izango da eta, marea bajatuten dan neurrian, itsas izakia dala ikusi ahal izango da. Hautatutako lana argazkia danez, diziplina artistiko honentzat eta argazkilari getxotar guztientzat autorpena suposatzen dau. Xabier Goikoetxea arkitektoak irudiarentzat eta bere kokapen bereziarentzat euskarri berezia preparau dau.
Sireno Pintxoa
Aitatu ekimen honen inguruan urtean zehar egingo diran beste jardu batzuen artean, Fernando Canalesek eta Paul Ibarrak, Etxanobe jatetxeko sukaldariek, Sireno Pintxoa sortu dabe, pertsonaia mitologikoan inspirauta -erdi gizon erdi arrain-. Kebaben brotxeta mistoa da (otarrainxkea, oilaskoa eta algak dira osogaiak), euskal ketchup goxo batez preparauta (ortuko tomateakaz, piper txorizeroagaz, antxoa gazituakaz, eztiagaz eta sagardao ozpinagaz eginikoa). Pintxoa Getxoko Portu Zaharreko tabernatan salduko da datorren urtarrilaren 15etik aurrera: Txomin, Arrantzale, Portu Zaharra, Itsas Bide eta Usategi tabernetan, hain zuzen.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!