Iñaki Etxezarraga 'Etxe': 'betiko euskal musikatik zeozelan aldentzea zan gure asmoa'

Koldo Isusi Zuazo 2011-01-10 10:11   Barriketan
Mafia taldeko baxua

Mafia 2008. urtean sortutako musika talde bat da. Eneko Urzelai 'T. Barzini' (bateria), Gabriel de la Rosa 'G. Clemenza' (ahotsa) eta Iñaki Elorza 'A. Scarface' (gitarra) hasi ziran kantuak egiten eta ondoren Iñaki Etxezarraga 'E. Corleone' (baxua) batu zan taldera. Kontzertu batzuk emoten hasi eta tartean Aldapa maketa lehiaketan bigarren sailkatu ziran, Volcom Band jousteko finalean be bigarren postuan geratu ziran Madrilen eta Villa Bilbao lehiaketako finalean be izan ziran. Rock doinu gogor eta biziak jorratzen ditue eta 2010 urte amaieratik salgai dago Omerta, Mafia taldearen lehenengo diskoa.


1.- Talde gaztea da Mafia baina lehendik be beste talde batzuetan ibilitakoak batu zarie proiektu hau aurrera eroateko. Bakarkako ibilbidean lantzen dozun musikeagaz ez dauka zerikusirik Mafia taldearen estiloak... Zergaitik abiarazo dozue talde barri hau?

Orain pare bat urte hasi edo, 2008an hasi ginan proiektu barri honegaz. Alkar ondo ezagutzen ginan gure artean eta antzerako estiloak gustoko genduzala ikusita, gustoak konpartidutea eta gure barruko sentimentuak askatzea erabagi genduan. Eneko eta ni alkarregaz ibilitakoak gara Nabari taldean, Gabri be Enekogaz ibili zan Black Dog taldean eta Iñakigaz hartu-emon estuak geunkazan.


2.- Taldearen izena eta diskoaren izenburua be bereziak dira. Nondik nora datoz?

Izenari buelta asko emoten ibili ginan. Egia esan izena aukeratzeko geunkazan proposamen eta ideien artean, bateren batek Mafia proposatu ebanean, argi ikusi genduan hori izango zala taldearen izena. Joku asko emoten dau izenak. Eta diskoaren izenburua Facebooken egin genduan ideia eskaera batetik atara dogu; gure jarraitzaileei eskatu geuntsen izenburu bat aukeratzeko eta, azkenean, Odei Arrizabalaga berriztarraren proposamenak irabazi dau, Omerta, hain zuzen be; mafia siziliarraren ohore kodeareari egiten deutso erreferentzia eta isiltasunaren legea esan nahi dau.


3.- Rock & rolla, gitarra riffak eta landutako melodiak dira Mafia taldearen ezaugarriak? Zuon kantu batzuk entzun eta Metallica eta Guns and Roses jatorkuz burura. Zuon gustoko taldeak dira?

Musika gehiena dogu gustoko egia esan baina aitatzen dozuzan talde horreen zipriztinak ete dagozan gure musikan esaten deuskuenean, ohorea da guretzako talde handiak baitira eta, beraz, eskertzekoak dira konparazino edo aitamen horreek. Edozelan be, betiko euskal musikatik zeozelan aldentzea zan gure asmoa. Euskeraz abestuz baina orain arte euskeraz egin edo jorratu bako estilo bat bilatu nahi izan dogu. Uste dogu, maila apalean baino ez bada be, lortu dogula eta taldeari emon gura geuntsan ukutu amerikarra hortxe dagoala.


4.- Zuzenean eta lehiaketetan be ibilita zagoze eta finaletan eta bigarren postuak eskuratuta be bazagoze...

Orain arte aukerea izan dogun lehiaketa gehienetan partu dogu. Eta egia esan pozik gagoz lortutako emoitzakaz. Madrileko Volcom Band jousteko finalean bigarren sailkatzeak Madrilera joten joateko aukerea emon deusku, Bilborocken be ibili gara Villa de Bilbao Lehiaketako finalean eta holako eszenatokiak eskaparate onak izan dira guretzat.


5.- 'Pizti hauek' kantuan, Pako Eldelahar-en kolaborazinoa izan dozue? Zelan sortu zan aukera hau?

Ekain Elortza Los Angelesen biziten egon zan orain urte batzuk eta bere bitartez lortu genduan kolaborazino hau. Slide guitar bat sartu nahi genduan kantu horretan eta polita iruditu jakun diskoaren zatitxu hori Los Angelesen grabetea.


6.- Orain arte emon dozuezan zuzenekoetan jentearen ze erantzun ikusi dozue? Urtarrilaren 14an, Berrizen emongo dozuen kontzertua berezia izango da. Zeozer berezirik preparau dozue?

Orain arte egia esan kontzertu gitxi emon doguz eta jenteak normalean ez gaitu ezagutu izan. Espero dogu orain diskoa tarteko dala jentea gure kontzertuetara errazago etortea eta gure kantuak gero eta ezagunagoak egitea. Dinozun legez, Berrizkoa izango da gure lehenengo erronka garrantzitsua eta burubelarri gabilz zuzeneko hori preparetan. Espero dogu horren ostean bat bestearen atzetik etortea.


7.- Nabari, Black Dog, Shinova, Zer, Seiurte eta beste talde batzuetan ibili ostean eta Mafia taldeagaz bazterrak astintzeko gogoz etorri arren, zeuon orain arteko proiektuetan jarraituko al dozue? Mafiak jarraipena izango dau?

Hasieratik planteau genduan Mafia proiektu paralelo bat legez. Bakotxak beste talde eta proiektu batzuk daukaguz baina Mafia taldean ederto pasetan dogu. Taldeak aurrera jarraituko dau eta beste talde eta proiektuakaz ahalik eta ondoen buztartzen saiatuko gara. Ez dogu nahi aukerarik galdu eta ez dogu proiektu bat bera be alde batera itxiko.


8.- Saltsa askotan ikusi zaitugu azken aldion, besteak beste, Santo Tomas eguneko Xaramela karaoke herrikoian, Anoetan, Reala-Athletic derbian... Zelako esperientziak izan dira?

Egia esan ez dakit ezetzik esaten. Zeozer proposatu ezkero, baiezkoa emoten dot beti. Euskerearen inguruan bertsino bat egiteko eskatu eustien Azkue Fundazinokoak eda ideia polita begitandu jatan; duda barik baiezkoa emon neban. Hortik etorri zan gero Anoetako derbian abestearena eta bainta Santo Tomas egunekoa be. Ederra da horrenbeste jente abesten ikustea norberak moldatutako kantu bat eta gainera euskerearen alde. Hunkigarria.


9.- Zeintzuk dira Etxe-ren erronkak?

Oraingoz Mafia taldeagaz zentrauta nago. Bakarkako proiektuarentzat ez da urte oso ona izan eta denpora baterako taldea geldi dago. Segurutik kontzertu akustiko batzuk emoten hasiko naz pare bat hile barru, baina ezelako presino eta prisa barik.


10.- Euskal musikagintzea osasuntsu ikusten dozu?

Ba nik bizi izan dodan urtea kontuan hartuta ezetz esango neuke. Egia esan kontzertu gitxi euki doguz eta ganera diskoak be ez dira saltzen. Badagoz talde batzuk ondo funtzionetan dabenak baina talde txikiek gero eta aukera gitxiago daukie. Espero dot musikeak bizi dauen egoera baltz honek beste arpegi bat erakustea ahalik eta azkarren eta zorioneko krisi orokorragaz batera musikea be zulotik ataratea.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu