EHUren Bardintasunerako I. Planak unibersidadeko jarduera guztietan genero-ikuspegi osotua txertatuko dau

Bizkaie! 2010-12-17 15:31

Iñaki Goirizelaia EHUko erretorearen eretxiz, 'Gizonen eta Emakumeen arteko Bardintasunerako I. Plan hau osotu eta gerora Euskal Herriko Unibersidadean aplikau izana ez da, huts-hutsean, lege-arau bat betetzearren egindako lana. Oso garrantzitsua da, nire ustez, ideia hau azpimarratzea: instituzinoen agindu bati bide emoteaz gan, sendotasun erabatekoaz sinisten dogun printzipio bat berresten ari gara'.

Euskal Herriko Unibersidadeak Gizonen eta Emakumeen arteko Bardintasunerako I. Plana aurkeztu dau gaur. Unibersidade-eremuan gai hori gidatu nahi dauen eta unibersidadeko jarduera guztietan genero-ikuspegia txertatu nahi dauen dokumentua da gaur aurkeztutakoa. Ekimenaren helburu nagusia da unibersidadeko jarduera guztietan bardintasunaren printzipioa txertatzea.

Bardintasunerako I. Planak, beraz, erakunde akademikoak datozen hiru urteetan gauzatuko dituan helburuak, estrategiak eta ekintzak batzen ditu, gizonen eta emakumeen arteko bardintasuna lortzeko aurrerapausuak emoteari begira. Planaren ezaugarriak 'egingarria, dinamikoa, zeharkakoa eta integratzailea' izatea dira.

Era berean, esku hartzeko lau eremu finkatu ditu bere helburuak lortzeko: irakaskuntzea, ikerkuntzea, gizarteko eta laneko hartu-emonak eta eremu instituzionala. Arlo horreetan guztietan, pausuak emongo dira, genero-ikuspegia ezagutzaren sorreran eta transmisinoan txertatzeko, unibersidadeko jarduera guztietan gizonen eta emakumeen arteko tratu- eta aukera-bardintasuna bermatzeko eta EHUk genero-bardintasunaren alde hartutako konpromisoa agirian ixteko.

EHUren Gizonen eta Emakumeen arteko Bardintasunerako I. Planak hainbat ekintza aurreikusi ditu, helburu horreek bete daitezan. Horreen artean dagoz irakasleentzako laguntza-gida bat osotzea, euren irakasgaietan genero-ikuspegia txertatu daien; ikerketeagaz lotutako Jardunbide egokien eskuliburua osotzea, jakintza-arlo guztientzat; Jarduteko protokoloak diseinetea, bardintasunaren kontrako edozein ekintzaren kontra jo ahal izateko; hizkuntzearen erabilera ez-sexistea sustatzea, bai irakaskuntzan zein unibersidadeko araudian, ekitaldi publikoetan eta barruko eta kanpoko komunikazinoetan.

EHUk ekintza ugari egin izan ditu genero-bardintasunaren arloan baina Gizonen eta Emakumeen arteko Bardintasunerako I. Plana da Bardintasunerako Zuzendaritzeak eginiko ekintza garrantzitsuena, 2006ko bagilaren 15ean eratu zanetik. Plana osotzeko zereginean, 2009ko maiatzean sortutako Bardintasunerako Batzordeak parte hartu dau, eta unibersidade-komunidade osoaren ekarpenak be oso garrantzitsuak izan dira.

EHUko Gobernu Kontseiluak garagarrilaren 22an egindako bileran onartu eban plana; behin onartuta, dagoeneko erabilgarri dago. Holan, bertan xedatutakoa dagoeneko praktikan jarri da, batez be, Unibersidade Hedapenerako eta Gizarte Erantzukizuneko Erretoreordetzearen mendeko Bardintasunerako Zuzendaritzaren bitartez.

Iñaki Goirizelaia EHUko erretorearen eretxiz, 'Gizonen eta Emakumeen arteko Bardintasunerako I. Plan hau osotu eta gerora Euskal Herriko Unibersidadean aplikau izana ez da, huts-hutsean, lege-arau bat betetzearren egindako lana. Oso garrantzitsua da, nire ustez, ideia hau azpimarratzea: instituzinoen agindu bati bide emoteaz gan, sendotasun erabatekoaz sinisten dogun printzipio bat berresten ari gara'.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu