Erotismoa umorez zipriztindua, edo belaunaldi literario barri baten aldarria
2010-12-16 14:04 KultureaHamaika autore, danak emakumezkoak, eta hamar ipuin, horixe da Orgasmus liburuaren oinarria. Txalaparta argitaletxeak dakar lan barria, LitEROtura bildumearen barruan eta euskal literaturan eragiteko eta belaunaldi barrien ikuspegia erakustera dator.
Hamaika autore, danak emakumezkoak, eta hamar ipuin, horixe da Orgasmus liburuaren oinarria. Txalaparta argitaletxeak dakar lan barria, LitEROtura bildumearen barruan eta euskal literaturan eragiteko eta belaunaldi barrien ikuspegia erakustera dator. 'Noizean behin, haize erauntsiak eta ekatxak eragingo dituen liburuak behar doguz geuk be', azpimarratu dau Edorta Jimenez LitEROtura bildumako arduradunak.
Orgasmus liburuko ipuinek erotismoa daukie ardatz, beti be umoreari tarte eginda. Istorio bakotxa munduko leku baten kokatu dabe. Irati Jimenezek, liburuaren autoreetako batek, orain hile batzuk izena emon eutsan euskal idazle gazteek osotutako belaunaldiari, Orgasmus belaunaldia, Erasmus ikasketa-programearen izenagaz berba jokoa eginda. 'Euskal literaturearen zati batetik jaso dogun tratua ez da bidezkoa izan, goitik beherako begirada asko jasan behar izan doguz idazle gazteok, batik bat emakumezkook, zergaitik izan behar dogu gitxiago?', galdetu dau Irati Jimenezek. Horren kontrako erantzuna ei da liburua, baina Katixa Agirrek, parte hartu dauen beste idazle batek, argitu gura izan dauenez, 'ez da erantzun ozpindua, umorez zipriztindutako istorioak idatzi doguz, hemen gagozala azpimarratu eta geure mundu ikuskerea erakutsiz hori bai'. Edorta Jimenez harago joan da eta 'euskal literaturan dagoan misoginia' salatu dau.
Liburuaren hitzaurrea, belaunaldi barriaren manifestutzat jo leiteke, lau orrialdetan laburbatzen dira eta orgasmus belaunaldia dalakoaren testuingurua, kezkak eta idaztera bultzatzen dituan arrazoiak. Gero, idazle bakotxak ipuin bat dakar eta danetariko istorioak, gaiak eta autoreak nahasten dira. Emakumezkoek egindako literatura erotikoa da gehienbat, Edorta Jimenezek azaldu dauenez, 'emakumezkoen ipuin erotikoak batu ahal izatea amesa izan da orain arte'. Azkanaldion agertu diran eretxiei aurre egiteko, mota horretako manifestu bat kaleratzea ezinbesteko ikusi dabe hamaika idazleek, 'besteei begira egon beharrean, guk geuk izentau gura izan dogu belaunaldia, eta nortasuna emon, lehenago beste batzuek egin eben legez, Pott Bandak edo Lubakik esaterako'. Hitzaurrea manifestutzat jo baleiteke be, Irati Jimenezek azpimarratu dau eurek ez dabela berba hutsetan geratu nahi eta, horregaitik, hitzaurreko ideiak baieztatu eta sakondu egiten dira liburuko istorioetan, 'ondo dago kontzeptuak eta ideiak azaltzea, baina gero zeozer be egin behar da, idatzi kasu honetan'.
Erotismoaren gaiari ikuspuntu umoristikoa emon deutsie, 'izena bera be, Orgasmus, txantxa baten oinarrituta dago, geure bizipenak erotismotik eta umoretik landu doguz', azaldu dau Katixa Agirrek. Diseinua be aitatu dau Edorta Jimenezek, 'diseinu berezia da, azpimarratzekoa, eta irudiak be badaukaz liburuak'.
Hamaika idazle batu ditue Orgasmus libururako: Irati Goikoetxea, Katixa Agirre, Judit Zuloaga, Garazi Arrula Ruiz, Tania Hearst, Petra Schelm, Irati Elorrieta, Irantzu Ezkerro, Garazi Goia, Irati Jimenez eta Iratxe Esnaola. 'Danetariko idazleak, nork bere bizipenak daukaz, batzuk ezagunak eta besteak ezezagunak', laburbatu dau Edorta Jimenezek. 'Gustura sentidu naz zerrenda horren barruan', autortu dau Irati Jimenezek. Ipuin gehienak atzerrian kokatuta dagoz, idazleek atzerrian bizitako esperientziak pisu handia dauka liburuan. 'Gure sasoian, atzerriko hizkuntzak ikastea helburua zan euskal idazleontzat, gaur eguneko idazle gazteek, barriz, atzerrian ikasteko aukerea dabe, edo atzerrian bizitekoa, hizkuntza asko naturaltasunez berba egiten ditue, eta horrek bekaizkeria eragin deutso autore zaharrago askori', azaldu dau Edorta Jimenezek, Orgasmus belaunaldiaren deskribapena egiteko orduan.
Aste batzuk dira Orgasmus liburua argitaratu zala, Durangoko Azokan salduenetakoen zerrendan be sartu da. 'Ozta-ozta ekarri eben inprentatik Durangora eta, beraz, ez dogu gaur arte aurkezpenik egiteko astirik izan', argitu dau Edorta Jimenezek. Zeresana emoteko jaio da liburua, eta euskal literaturan lekua egiten dabilen belaunaldi bat ezagutzeko aproposa izan leiteke.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!