Hemengo eta hango aire-konpainiak

Zigor Aldama 2010-12-15 14:30   Bidaide

Asian, aire-konpainiek bizi daben krisiari kontrara egiten jako aurre. Zerbitzuak murriztu eta hegazkinean dagoan oxigenoa arnasteagaitik kobrau beharrean, aire-konpainia tradizionalak bezeroarengana hurreratzen ahalegintzen dira, zerbitzu hobea eskaintzeko helburuagaz. Konpainia merkeetatik urruntzea da helburua, eta ez hareen jokabidea kopiau -Europan eta Amerikan egiten dan moduan-.

Jateko beroa eta metalezko mahai-tresnak ordu eta erdi eskaseko hegaldi ekonomiko batean. Ez da ames hutsa, ezta sasoi bateko eszenea be. Asian Airlines konpainiako OZ362 hegaldia da, Txinako uriburu ekonomikoa, Shanghai, Hego Koreako bihotz politikoagaz, Star Alliance taldeko konpainia honen 'hub' nagusia, batzen dituana. Boeing 747-400 honek, ganera, jarleku erosoak eta punta-puntako aisialdi-eskaintzea daukaz. Hori gitxi balitz, aireportuan be, tratua bikaina da, hegazkina aurreikusitakoa baino hamar minutu lehenago ailegau da helmugara eta txartelaren prezioa beste konpainiek eskaintzen dabenaren parekoa da.

Txanponaren beste aldea United Airlines konpainiaren 'Jumbo' hegazkinean topauko dogu. Konpainia hori be Star Alliance taldekoa da, eta hegazkin horrek Hong Kong — Singapur ibilbidea egiten dau. UA0895 hegaldia hasiera-hasieratik hasi da txarto. Hegazkina berandu ailegau da Estadu Batuetatik -aireportuko beharginen arabera, arazo hori oso ohikoa da-, eta, ganera, overbooking dalakoa dago. Boeing zahar honen barruko aldeak ez dauka zer ikusirik Asiar konpainiaren hegazkinaren abangoardia-diseinuagaz, azken hori hegaldi interkontinental bat egiteko ez izan arren be. Zerbitzua eskasa da eta hainbat kexa ditue. Askok eta askok erabagi dabe, honezkero, ez dabela barriro konpainia estadubatuarraren hegaldirik erosiko ze, ganera, txartelen prezioa ez da bape merkea.

Europan, hegazkinez bidaiatzea ez da orain urte batzutakoa. Itxaronaldi luzeak, grebak edonon eta edonoiz, gainkarguak edozegaitik, kontrol zorrotzegiak -ia surrealistak-, arpegi serioak eta tratu ez hain zuzenak, kilometroak korrika erlojupean, jateko eskasa eta karu, eta intentzino txarragaz diseinautako jarlekuak. Eta hori guztia, azken orduko atzerapenak, gela batean luzaroan egon behar izatea, turbulentziak, eta helmugara ailegau ondoren zure maletea zinta magikoan agertuko ete dan ez jakiteak eragiten dauen estresa sufridu baino lehenago. Ez da harritzekoa jenteak hegazkinez bidaiatzea ebitau gura izatea. Eta hasarre hori ez da bakarrik low cost hegaldien kontrakoa. Mendebaldeko aire-konpainia tradizionalek, tresna berberak erabilita, low cost horreei konpetentzia egitea erabagi dabe, eta konpainia batzuen eta besteen artean dagoan desbardintasuna ia igarri be ez da egiten. Ondorioz, sarritan, autobusa askozaz erosoagoa izaten da.

Halanda be, Asian, aire-konpainiek bizi daben krisiari kontrara egiten jako aurre. Zerbitzuak murriztu eta hegazkinean dagoan oxigenoa arnasteagaitik kobrau beharrean, aire-konpainia tradizionalak bezeroarengana hurreratzen ahalegintzen dira, zerbitzu hobea eskaintzeko helburuagaz. Konpainia merkeetatik urruntzea da helburua, eta ez hareen jokabidea kopiau -Europan eta Amerikan egiten dan moduan-. Gauzak holan dirala, hegaldien orduak errespetetan ditue, ibilbide gehienetan jateko beroa doban eskaintzen da, hegazkineko tripulazinoak ez dau arpegiko barrea galdu eta erreklamazino guztiak edukazinoz atendiduten ditue.

Hori bai, gitxitan jarri behar dira erreklamazinoak, ekonomikoki etenik barik hazten dagoan kontinentean, mundu mailako hamar aire-konpainia onenak baitagoz (beste biak Air New Zealand eta Qantas dira, biak Ozeanian), tartean Asiana hegokorearra, Skytrax erakundeak urtero argitaratzen dauen zerrendan lehenengoa. Erakunde hori entzute handikoa da eta hegaldi komertzialen aireportuen kalidadearen inguruko sariak emotea da bere zeregina. Aurten, bost izarreko aire-konpainia guztiek ekialdeko banderea daukie: Asiana, Cathay Pacific, Kinfisher Airlines, Malasysia Airlines, Qatar Airlines eta Singapore Airlines. Lau izar dituenen artean be, asiarrak dira nagusi (28tik, 12).

Aire-konpainia espainiarrak ez dagoz leku onean. Iberia, Spanair eta Air Europa hiru izar dituenen taldean dagoz, Aeroflot errusiarragaz, Air India edo Ethiopian Airways konpainiakaz. Enpresa estadubatuar gehienak be ez dagoz leku onean. Air France, British Airways, Lufthansa eta Swiss subertedunak dira eta lau izar ditue. Baina Airearen Olinpoan Asia da jaun eta jaube.

Ekialdeko aire-konpainiek ez ditue turista-mailako bidaiariak baztertzen, izan be, ezaugarri horreek dituen jarleku kopuruaren erdia munduko zonalde horretakoa da. Ahalmen ekonomiko gehiagoko bidaiariak erakarteaz gan, Korean Airlines konpainiak, kasurako, ia 150 miloe euro inbertiduko ditu aurten bere hegazkinen erosotasuna hobetzeko, batez be turista-mailan. Eta bidaiari guztiek jan ahal izango ditue jateko organikoak.

Bitartean, munduko beste aire-konpainia onenetariko batek, Cathay Pacific, 21 film eskainiko deutsiez hegazkinaren atzeko jarlekuetan doazen bidariei. Honezkero, Singapore Airlines-ek be egiten dau hori eta, ganera, filma geratu, atzerantz bota edota eszena konkretuak topetako aukerea dago, edozein DVD aparatutan moduan. 'Krisi ekonomikoa hegazkingintzeari eragiten hasi zanean, guk zerbitzuaren kalidadearen aldeko apustua egitea erabagi genduan, hori ezinbestekoa baita gure etorkizunerako', esaten eban The New York Times egunkarian Hong Kong-eko aire-konpainiako Produktu arduradun Alex McGowan-ek.

Hori gitxi balitz, aire-konpainia merkeen artean onena danaren jatorria argi dago, izenak dinoan moduan: Air Asia. Zergaitia ulertzea oso erraza da. Beste edozein low cost baten moduan funtzionau arren, Airbus A-320 hegazkin batean sartu, eta berehala konturatuko gara zergaitik dan desbardina 'konpainia gorria'. Narruzko jarlekuen arteko espazioa deigarria da, tripulazinoaren tratua bikaina, hegaldiak orduan dabiz eta jatekoen prezioak ez dira bape altuak (gitxitan hiru euro baino gehiago).

Ganera, Malasiako punta-puntako konpainia hegaldi interkontinentalak eskaintzen dituan lehenengoa da bere arloan. Bere 'hub' edo jatorritik egiten ditu, Kuala Lumpur-eko LCCT terminaletik, Australia edo Londreseko zenbait uriburutara. Ibilbide luzeagoak egiten dituan Air Asia X konpainia-ordezkatzailearen Airbus A-330 hegazkinean, bidaiariek Premium txartela erosteko aukerea daukie, jarleku-ohe gura izan ezkero, beti be konpainia tradizionalen economy txartelen prezioen parean.

Edozein modutara, Air Asia konpainiaren gorakadea ikusita, aurkariek, ezinbestean, full service dalakoa eskaini behar izan dabe. Malaysia Airlines eta Thai Airways konpainiek, kasurako, euren zerbitzua hobetzea erabagi dabe, batez be hegazkinean bertan. Lehengoak, kasurako, anbizio handiko erronkea jarri dau jomugatzat: planetako aire-konpainia arrakastatsuena eta errespetatuena izatea. Honezkero, hasi da martxan helburua lortzeko, eta Skytrax konpainiak hasieran emon eutsozan hiru izar izatetik bost izar izatera pasau da. Zerrenda horren goiko postuetan dagozan zorioneko konpainia guztiek legez, Malaysia Airlines-ek be eskaintza ekonomiko bikainak ditu, mendebaldeko konpainiakaz zuzen-zuzenean konpetiduteko modukoak. Gitxika-gitxika, gero eta ezagunagoa da eta, horregaz batera, bezero kopuruak be gora egin dau.

Adibideakaz jarraituta: Emirates konpainiak, bost izar lortu gura dituanen artean dagoana, hegazkingintzearen historian inoiz egin dan eskaerarik handiena egin eban bagilean: 32 ‘superjumbo’ Airbus A-380. Holan, honezkero dituanakaz gehi eskatutakoakaz, 90 hegazkin izango ditu, inork ez dituanak. Duda barik, Dubai-n egoitza daukan konpainiaren apustua oso sendoa da. Hori bai, zerbitzu bikaina eskaintzea da, oraingoan be, garrantzitsuena.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu