'Arratia inguruko Hiztegia' Arratiako euskerearen altxorra plazaratu dabe Angel Larreak eta Juan Rekaldek
2010-11-30 14:20 Euskerea berbagaiLan honegaz egileek nahi izan dabena da: arratierearen oparotasuna jaso eta, bide batez, euskera batuaren eraginez galtzear dagozan berbak promozionau, hor dagoan altxorra, biziteko modua jaso eta zabaldu. Arratierazko testu bat hartzen dauen edozeinek izan leikezan dudak argitzeko balio dauen tresna be bada hiztegia da, ahozko testua zein idatzizkoa denean.
Arratia inguruko Hiztegia - Geure Berbategie proiektua izenburuko liburua aurkeztuko dabe gaur Bilbon, Foru Aldundiaren Liburutegian, egile diran Angel Larrea Beobidek eta Juan Rekalde Izagirrek, Arratia Institutuko irakasleak. Ediciones Beta argitaletxeak argitaratu dau liburua; 928 orrialde dira, 25.000 berba-sarrera eta 200 argazki. Ahozko iturria ez eze, iturri bibliografikoa be erabili dabe egileek, izan be, 400 erreferentziatik gora izan dira.
1999an hasi ziran beharrean eta beraz, hamaika urte joan dira. Arratia eta inguruko berbak, esaerak jasoten ditu hiztegi honek baina ezizenak, toponimoak, onomastikoak eta kantuak zein ipuinak be sartu ditue. Proiektuari laster laguntzaileak gehitu jakezan (testuak zuzentzen, eta arlo informatikoan eta argazkilaritzan: Isabel Díaz de Ugarte, Iñaki Romero, Xabier Arauzo, Jon Albizbeaskoetxea, Aitor Iglesias eta Jose Angel Mintegui, besteak beste). Eta erakunde politikoen babes ekonomikoa be izan dau lan honek: Arratiako Mankomunidadea eta Udaletxeak eta Zeberioko Udala, eta Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Saila.
Hiztegi mardula da, eta lau atal ditu: Hitzaurrea, Sarrera, Corpusa eta Eranskinak. Gotzon Aurrekoetxea irakasleak egin dau Hitzaurrea. Sarrerea, Rekalde eta Larrea egileek egin dabe, zelan hasi zan proiektua, bere iturri bibliografikoak eta lanaren ezaugarri nagusiak azalduz. Corpusak hiztegiaren A eta Z letren arteko gorputz-atala osotzen dau. Azkenik, Eranskinak dagoz (gaztelania-euskera, onomastikoak edo personen izenak, ezizenak, animalien izenak, izaki mitiko eta fantastikoen izenak, eta, amaitzeko, letrak).
Datuen batze prozesuan ahozko iturriak garrantzitsuak izan dira. Informatzaileak 60 urtetik gorako gizon eta emakumeak izan dira, emakumeak gehiago, herri bakotxeko bat gitxienez eta lanbide desbardinetakoak. Iturri idatziei jagokenez, idazle arratiarren lanetan egindako ikerlana azpimarratzekoa da, horreetan topau dituelako hainbat berba inedito. Datu zehatza emotea gatxa izan arren, hiztegira 4.000-5.000 berba inedito batu ditue.
Lan honegaz egileek nahi izan dabena da: arratierearen oparotasuna jaso eta, bide batez, euskera batuaren eraginez galtzear dagozan berbak promozionau, hor dagoan altxorra, biziteko modua jaso eta zabaldu. Arratierazko testu bat hartzen dauen edozeinek izan leikezan dudak argitzeko balio dauen tresna be bada hiztegia da, ahozko testua zein idatzizkoa denean. Bestalde, idazle garbizaleen berbak, egun erabilten ez diranak be agertzen dira; ganera, ume eta gazteen berbak, argota be topau daitekez.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!