Hotzetik sortutako uria

Testua Eta Argazkiak Zigor Aldama 2010-11-30 13:12   Bidaide

Termometroak 25 gradu marketan ditu zero azpitik eta ideiak be izozteko moduko hotza dago. Ideia horreen artean, Walt Disney ezagunaren irudiak topau geinkez eta, tartekatuta, enperadore txinatarren irudiak dagoz. Danak dira ikusgarriak. Harbin urian, txina ipar-ekialdeko Heilongjiang lurraldean, izotzean egindako artearen handitasuna ia deskribidu ezinekoa da.

Termometroak 25 gradu marketan ditu zero azpitik eta ideiak be izozteko moduko hotza dago. Ideia horreen artean, Walt Disney ezagunaren irudiak topau geinkez eta, tartekatuta, enperadore txinatarren irudiak dagoz. Danak dira ikusgarriak. Harbin urian, txina ipar-ekialdeko Heilongjiang lurraldean, izotzean egindako artearen handitasuna ia deskribidu ezinekoa da. Negua gero eta hurrago dago eta izotzaren artistak burubelarri dabiz ur solidoan egingo dituen eskulturen zirriborroak egiten.

Munduko izotz-jaialdirik garrantzitsuena, berez, tamainu errealean egindako uri paraleloa da. Urtarrilean hasiko da eta eguzkiak eskulturak urtu arte iraungo dau. Hemen, bisitariak egunez mundu zuria ikusiko dau eta, gauez, koloreek ikuskizun berezia eskaintzen dabe. Batzuek abangoardia topetan dabe eta laserrak erabilten ditue; beste batzuek, ostera, gurago ditue betiko farol gorriak. Duda barik, emoitza oso deigarria da eta ikutu berezia emoten deutso uriari, sobietar itxurako eraikin gris karratuz osotuta baitago, tartean tximinia zikinak eta etxeorratz erraldoi bat edo bestegaz, Txina industrialaren erakusle.

Zorionez, urteroko urtarrilaren 5ak, 1985tik, parentesi garrantzitsua marketan dau Harbin urian. Igaz, Neguko Joko Olinpikoen 2018. edizinoko hautagaitzan sartu gura izan arren, atzera egin behar izan eben azpiegitura falteagaitik. Baina ez deutse ardura. Izan be, Errege Magoak urtero etorten dira hona eraikin ikusgarriakaz.

Aurreko edizinoetan, Harresi Handia, Galazotako Uria, Potala Jauregia, Moskuko Plaza Gorria eta Eiffel Torrea irudikatu zituen izotzean, eta eskalan. Baina horreetarik batek be ez dau lortu 2007an Norman Bethune kanadiar irakaslearen omenez eregitako 'in memorian' eraikina: 250 metroko luzerea eta 8,5 metroko altuerea zituan. Hori guztia, zelan ez, material bakarragaz eginda: H2O.

Handitasuna garrantzitsua izan arren, berezitasunak detaile txikietan topauko doguz: ezkata zorrotzeko dragoiak, adierazkortasunez beteriko begiradadun arpegiak eta erabat apaindutako aldabak, besteak beste. Izotz-bloke batzuk kristala bezain gardenak dira, desionizautako uragaz sortuta dagozalako.

Asiar erraldoiean antolatzen dituen ekimen guztietan pasetan dan legez, izotz-jaialdi honetako gidariek egiten daben esfortzua itzela da. Ia ezinezko lana da, 'trabajo de chinos' esaten jakona. Danetara, 16.500 bat txinatarrek Songjiang ibaitik eskuz altzetan ditue izotz blokeak. Ordurako, ibaia izoztuta egoten da eta aurten 145.000 metro kubo inguru eta 18 eguneko lana behar izango da 2.000 pieza inguruk osotzen daben ikuskizuna -herrialdean negu-sasoian gehien bisitetan dana- martxan jarteko. Jaialdiari, 1999an, Eguzkiaren Ugartean egiten dan edur-eskulturen lehiaketea gehitu behar jako. Enpresaburuek ekimenari etekina zelan atara deskubridu dabe eta han eta hemen antolatzen ditue ikuskizunak.

Aurreikuspenen arabera, aurten miloe bat lagunek baino gehiagok bisitauko dabe jaialdia; horreetatik, % 90 txinatarrak izango dira. Kontuan izanda sarrerea 200 yuan (20 euro) ordaindu behar dala eta kopuru hori gitxieneko soldatearen herena dala, kopurua ez da bape txarra. 'Atzerritarren artean, japoniarrak, korearrak eta Asia hego-ekialdekoak dagoz; batzuek, sekula ez dabe izotzik ikusi eta harrituta egoten dira', dino Liu Ruiqiang-ek, Big World izeneko parke tematikoaren arduradunak. Danetara, 6 miloe euro jasotea aurreikusten dau. 'Orokorrean, gastuak kubriduteko baino ez dau emoten. Urte batzuetan, dirua galtzen dogu, baina uria promozionetako modu bakarra da'.

Jaialdiak txinatarrak aisialdiaz merkataritza-gune erraldoietatik kanpo disfrutetan ikusteko aukerea be emoten dau eta hori ez da bape arrunta izaten. Umeak izotzezko txirristatan behera ibilten dira, gazte ausartenak lasterketak egiten ditue uger -ura oraindino likido manteniduten dan guneetan-, eta nagusienak, goitik behera dozenaka erropa jantzita, inguruaz gozetan ahalegintzen dira, hotzari aurre egin ezinik. Tartean, zelan ez, yuan batzuk gastetako aukerea be badago, opari ez horren politak erosi eta herrialdea inbadidu dauen beroaldi konsumistan sartzeko.

Hori bai, urtero-urtero, galdera bera egoten da danen buruetan: noiz amaituko ete da Harbin-eko Izotz eta Edur Jaialdia? Erabagia meteorologiaren esku dago. Aldaketa klimatikoak, urterik urtera, iraupena laburtuarazo deutso. Hasieran, orain dala 25 urte, martira arte irauten eben eskulturek zutunik. Orain, zezeilaren erdialdera edo, figurak urtzen hasten dira. Beraz, ez da harritzekoa Harbin-eko enpresaburuek termometroak zero azpitik irautea nahi izatea.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu