Patxo Telleriaren ‘Dibertimenduak’ trilogia eta Oier Guillanen 'Herio heroi' eta 'Arra. Arraroa’ argitaratu ditue

Bizkaie! 2010-11-30 10:08   Kulturea

Liburu bi horreek, Artezblai Testu Bildumea osotzen daben beste hogei bat titulugaz batera Durangoko Liburu eta Disko Azokan aurkeztuko dira Euskal Herriko Antzerki Zaleen Alkarteak izango dauen standean.

Artezblai Argitaletxeak euskerazko Antzerki Testu Bilduman beste bi liburu gehitu ditu. Batetik, bilduma honen historian ohikoa dan Patxo Telleriak idatzitako Dibertimenduak trilogia egileak berak, Mikel Martinezegaz batera, Euskal Herriko areto gehienetan aurkeztu dituan Euskara Sencilloaren Manifiestoa, Larru Haizetara eta Euskarazetamol batzen ditu. Bestetik, bilduman izen barri bat sartu da, Oier Guillan, honek idatzitako Herio heroi antzezlan saritua eta Arra. Arraroa batzen dituan liburua.


Patxo Telleriaren Dibertimenduak Trilogia

Aldez aurretik, Antzerki Testu Bildumearen bederatzigarren alean eta Kontenedore baten istorioak testuagaz batera Euskara Sencilloaren Manifiestoa argitaratu baeban be, Patxo Telleriak ale bakarrean alkarregaz aurkeztuko ditu antzezlan horregaz hasitako ibilbide oparoari gehituz joan diranak, hau da, Larru Haizetara eta Euskarazetamol. Ez Dok Hiru Bikoteatroak, Mikel Martinezek eta Patxo Telleriak berak osotzen daben konpainiak, Euskal Herri osoan arrakasta handiz aurkeztutako euskerazko antzerki petoa eta jatorra da Dibertimenduak honen jatorria.

Liburuaren hitzaurrean Telleriaren eszena-bikotekidea dan Mikel Martinezek azaltzen dauenez, 'emonaldi pilo bat egin dogu eurekaz (500-600?) Euskal Herriko txoko guztietan, antzoki-areto-lokal-plaza oso desbardinetan eta ikusle asko eta era askotakoaren aurrean. Publikoak gozau egin dau beti eurekaz, antzerkiagaz eta euskereagaz (euskaldun izateagaz, behingoz). Eta geuk be gozau egin dogu antzezlanagaz eta publikoa gozetan ikusteagaz. Eta arrakasta horrn erruduna gidoiak dira, testuok, izan be antzezlan horreek gidoia dabe oinarri, funtsa, ardatza… Dana. (...) Hiru lan honeen oinarriak hiru izan daitekez: euskerea, euskerearen bizitza edo euskaldunon miseriak, eta umorea'.


Oier Guillanen Herio heroi eta Arra.Arraroa

Omo, Metrokoadroka, Mikelazulo, Labea edota Dejabu lagun hainbat proiektutan izan dan Oier Guillanen testu bik osotzen dabe Artezblai Bildumearen berrogeita hamaikagarren zenbakia. Alde batetik, Cafe Bar Bilbao antzerki sarian irabazle izandako Herio heroi antzezlan absurdua irakur daiteke, egileak autortzen dauenez 'senari jarraituta idatzitako testua da, ezelako planifikazinorik barik. Zer edo zer esateko barruko behar bati erantzuten deutso neurri handi batean'. Bigarrenean, ostera, beste bide desbardin bat hartu dau: Arra. Arraroa behar bikotx bati erantzunez sortutako lana da. Batetik aspaldian kezka eragin deustan gai baten inguruan hasi nintzan lanean: zer dan gizona izatea, eta horren inguruan gizonezkook sentidu izan doguzan presinoak. Jakin badakit jente asko dabilela honen inguruko gogoetea sozializetan; erreferentzia horreek interesgarriak iruditzen jatazan arren senari jarraitu deutsat oraingoan be, ez naz saiatu gaia modu arrazionalean lantzen. Bestetik lan honen estetikea hitzaurre honen hasieran aitatutako bilaketearen ildotik doa: poesia eta teatroaren arteko hartu-emonetan sakontzea. Testuaren forma bera poesiaren estetikara eroan dot, tonuak batzuetan poesiatik hartzen dau batez be, besteetan teatrotik esangura zorrotz batean'.


Euskerazko antzerkia Durangoko Azokan

Liburu bi horreek, Artezblai Testu Bildumea osotzen daben beste hogei bat titulugaz batera Durangoko Liburu eta Disko Azokan aurkeztuko dira Euskal Herriko Antzerki Zaleen Alkarteak izango dauen standean. Euskerazko antzerkiaren topagune bilakatuko dan gunean, besteak beste, hainbat egile izango dira, tartean Oier Guillan (abenduaren 5ean, goizean) eta Patxo Telleria, baina baita Galder Perez, Maite Agirre, Ander Lipus eta Alaitz Olaizola be. Gainera, Oier Guillanek abenduaren 8an, Ahotseneako standean Herio heroi-ren aurkezpena egingo dau.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu