XXII. BIlbao Hiria Lehiaketeak baditu irabazleak
2010-11-29 16:37 MusikeaPop-Rock modalidadeko lehenengo saria Bilboko The Riff Truckers taldeak irabazi dau; Metalekoa Gipuzkoako Gamora taldeak irabazi dau; eta Beste Joera Batzuen kategoriako lehen saria Holandako Okkernoot taldearentzat izan da.
Bilbao Hiria Pop-Rock, Metal eta Beste Joera Batzuen Lehiaketearen 22. edizinoak baditu irabazleak. Pop-Rock modalidadeko lehenengo saria Bilboko The Riff Truckers taldeak irabazi dau; Metalekoa Gipuzkoako Gamora taldeak irabazi dau; eta Beste Joera Batzuen kategoriako lehen saria Holandako Okkernoot taldearentzat izan da.
Gainera, Pop-Rock modalidadean Bilboko Yelow Big Machine eta Getxoko Mobydick taldeak geratu dira bigarren eta hirugarren. Metal alorrean, Gipuzkoako Hiverland taldeak jasoko dau bigarren saria.
Bilbao Hiria Lehiaketearen azken edizino honetan 818 taldek emon eben izena on-line jarritako baldintzak beteta. Euskal taldeez gan, Estaduko eta Europako zenbait taldek be izena emon eben lehiaketako hiru kategorietan parte hartzeko eta epaimahai profesionalak 38 talde aukeratu zituan. Irailean, urrian eta zemendian, banda horreek zuzenean jo eben Bilborock aretoko eszenatokian, 16 kontzertutan.
Bilboko Udaleko Enplegu, Gazteria eta Kirol Saileko zinegotzi eta epaimahaiko buru Jon Sustatxa jaunak adierazo dau lehiaketearen finalera euskal talde asko heldu izana nabarmendu behar dala: 'uste dot lehen aldiz Bilbao Hiria Lehiaketan Pop-Rockeko hiru finalistak, Metaleko hiru finalistak eta Beste Joera Batzuen modalidadeko finalistetako bi, euskal taldeak izan dirala. Sekula ez da horrenbeste euskal talde izan finaletan. Horrek erakusten dau argi eta garbi euskal taldeek kalidade handia eta maila tekniko bikaina dabela. Gainera, talde gehien aurkezten diran modalitatean, Pop-Rockean, hain zuzen, aurten 562 talde aurkeztu ziran eta hor hiru finalistak Bizkaikoak izan dira, bi Bilbokoak eta bestea Getxokoa'.
Epaimahai profesionalak kontzertuetara entzule asko joan izana nabarmendu dau; batez be, bertako taldeek jo dabenean. Era berean, euskal taldeen eta metal-banden kalidade handia nabarmendu gura izan dau epaimahaiak. Nazinoarteko banden maileak, ostera, behera egin dau.
Entzuleen batez besteko edadea 28-29 urtekoa izan da eta emakumeen banda gehiagok parte hartu dabe aurten; danetara, zortzi izan dira emakumeez osotutako taldeak.
Entzuleek bandarik onena aukeratzeko botoa kontzertuetan batu zan. Zuzeneko kontzertuetara joandakoen artean % 30ek emon dau botoa. Zozketa bat egin zan botoa emon ebenen artean eta sei abonu emon jakezan irabazleei BBK Live 2011ra joan ahal izateko.
Pop Rock kategoriako hiru talde finalisten kontzertua ETB3ko Gazte Live kanalean emitidu eben. Metal eta Beste Joera Batzuen finalisten kontzertuak ikusgai dagoz Bilborocken webgunean: www.bilbao.net/bilborock eta Stereozonarenean: www.stereozona.tv
Lehiaketako lehenengo saria lortutako hirurek Congrio Soft saria irabazi dabe, hau da, i-Phone eta i-Pop Touch sistemetarako sustapeneko aplikazino barri bana, Apple-ren AppStore bidez doban banatuko dana. Aplikazino hori oso lagungarria da musikari gazteentzat, hasten dagozan taldeentzat eta musika-ekimen barrientzat. Gainera, beste 15 sari banatuko dira parte-hartzaileen artean, gehienak zuzenean joteko aukerea emoten dabenak.
1988ko urrian hasi zan Bilbao Hiria Pop-Rock Lehiaketea eta ordutik urtez urte gero eta partaidetza handiagoa izan da. Lehen edizinoetan, batez beste, 170 talde izaten ziran izena emondakoak eta aurten 818 izan dira.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!