Split 77 taldearen izaerea laburbiltzen dauen diskoa kalean da

Dabi Piedra Robledo 2010-11-23 14:41   Musikea

Sei urte diskorik atara barik egon da Bilboko laukotea eta, lan barriagaz, 'heldutasunera heldu' dirala nabarmendu dabe. Hirugarren diskoa dabe eta izen berezirik be ez deutsie jarri, Split 77 baino ez, azken finean, taldearen esentzia batu dabe eta. 'Nahi izan dogun diskoa egin dogu, geure burua topau eta onartzeko prozesua burutu dogu', azaldu dabe taldekideek Bilboko Kafe Antzokian egindako aurkezpenean.

Sei urte diskorik atara barik egon da Bilboko laukotea eta, lan barriagaz, 'heldutasunera heldu' dirala nabarmendu dabe. Hirugarren diskoa dabe eta izen berezirik be ez deutsie jarri, Split 77 baino ez, azken finean, taldearen esentzia batu dabe eta. 'Nahi izan dogun diskoa egin dogu, geure burua topau eta onartzeko prozesua burutu dogu', azaldu dabe taldekideek Bilboko Kafe Antzokian egindako aurkezpenean.

Estiloaren aldetik, disko hetereogeneoa da Split 77-ren hau, 'geure lengoaia bilatzen ibili gara, askatasun osoz bide barriak topetan', azaldu dabe. Hamalau urteko ibilbidea egin dau Bilboko taldeak eta hirugarren diskoa da honakoa. 'Lehenengoa, ikasketa diskoa izan zan; bigarrenean, ateak zabaldu genduzan eta, hirugarren honetan, bidean ikasitako guztia batu dogu, geure influentzia guztien nahasketea da'.

Diskoaren diseinuan be, argi eta garbi geratzen da Split 77 taldeak islatu gura izan dauen ideia, hau da, lan honetan laukotearen esentzia bilatu nahi izan dabela. Izan be, diskoaren azalean agertzen dan testu bakarra Split 77 izena da, beste letra edo irudi barik. 'Diskoaren izena be, taldearen izena da, nahita egin dogu publikoak jakin dagian barruan dagoana gu geu garela'.

Danetariko estilo eta musika baliabideak alkarregaz topauko doguz Split 77-ren disko barrian baina, edozelan be, zati bitan banatu leitekez hamar kantak: lehenengo zatia rockeroagoa eta bigarrena elektronikoagoa dirala kontau dabe taldekideek. Kanta bi ingelesez abesten ditue eta ganerako guztiak, euskeraz.

Sei urteko itxaronaldi eta guzti dator, beraz, Split 77 taldearen disko barria, 'sei urteotan lau bateria jole euki doguz, egokia topau arte ezin izan dogu diskorik ganoraz preparau', esan dabe taldekideek. Musikearen mundua aldatzen doala be igarri dabe eta egoera barria ikusita, eurek jarri dabe diskoa produziduteko dirua. Kontzertuei emongo deutsie lehentasuna, 'kontzertuetan dago indarra gaur egun, diskoa dendetan be banatuko dogun arren'.

Split 77-ren disko barriaren aurkezpen kontzertua barikuan, hilaren 26an, emongo dabe Bilboko Kafe Antzokian, iluntzeko bederatzi eta erdietatik aurrera. Publikoak zelan erantzungo dauen ez dakie, baina baikor dagoz, 'disko hau geuretzat egin dogu baina uste dogu jenteak ulertuko dituala islatu gura izan doguzan kontzeptuak'.

Aurrerago, abenduaren 10ean, barriz, Durangoko Plateruena Kafe Antzokian joko dau Split 77 taldeak Seiurtegaz batera.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu