'Erotismoa' ardatz hartuta dator aurten Durangoko 45. Euskal Liburu eta Disko Azokea

Bizkaie! 2010-11-18 14:49   Kulturea

Abenduaren 4tik 8ra Durangoko Landako Gunean egingo dan Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azokarako gero eta gitxiago falta da. Zehetasun guztiak gaur emon ditue prentsaurrekoan.

Abenduaren 4tik 8ra Durangoko Landako Gunean egingo dan Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azokarako gero eta gitxiago falta da. Zehetasun guztiak gaur emon ditue prentsaurrekoan Nerea Mujika, Gerediaga Elkarteko presidenteak, Jon Irazabal, Durangoko Azokako zuzendariak, Josune Ariztondo, Bizkaiko Foru Aldundiko kultura diputaduak, Aitziber Irigoras, Durangoko Alkateak, Lurdes Auzmendi, Hizkuntza Politikarako sailburuordeak, Gorka Martinez, BBK Fundazinoko arduradunak, eta Jose Miguel Mera, Eroski Fundazinokoak.

Erakustazokako saltokiez harago, Azokan hiru gune egongo dira: Aretoa, Ahotsenea eta Haur Literatura Aretoa.


Aretoa


Azokako Areto Nagusia da. Kokapen barria dauka edizino honetan. Erakustazoka barruan egokitutako aretoa da, sarrera nagusitik, Gerediaga Alkartearen gunearen atzean. Egitarau nagusiaz gan, erakusleen aurkezpenetarako aretoa da.


Haur Literatura Aretoa


Kokapen barria dau edizino honetan: erakustazokearen ondoko eraikinean, Elkartegian. Abenduaren 5etik 8ra zabalik izango da, azokako ordutegi beragaz. 2-12 urte arteko umeei zuzendutako gunea da. Umeak literaturearen mundura modu aktibo batean hurrerarazoteko helburua dauka, euskeraz irakurteko gogoa biztuz, ipuinen magian barneratuz, musikaz jolas egiteko aukera emonaz... Durangoko Azoka barruan euren gustuko txoko atsegina bermatzeko ekimena da.


Ahotsenea


Erakustazokearen ondoan, karpapeko gunea da. Sortzaileen gunea. 2008an, sortzaileen eskutik hasitako ekimena da eta sortzaileei Durangoko Azokan publikoaren aurrean zuzenean eta hurbiltasunez euren lanak aurkezteko gunea eskainiko deutse.


Nobedadeak

Azokan, danetara, 138 erakusle, 285 stand eta 505 nobedade izango dira. Azken horreen artean, liburuak 339, diskoak 85, aldizkariak 30, bideoak 20, CD-ROMak 9 eta bestelakoak 22 izango dira.


Herrialde konbidaua: Kurdistan

Abenduaren 5eko egitarauan edizino honetako herrialde konbidatuko idazle eta musikariek parte hartuko dabe. Kurduen hizkuntzea eta kulturea hurretik ezagutzeko aukerea izango da, beraz.

Kurduereak eta euskereak bizi daben errealidade desbardinetatik abiatuta, bi hizkuntzen erronkei buruzko mahai-ingurua izango da. Ronayi Önen kurduera irakaslea eta kurduera irakasteko liburuen egileak parte hartuko dau. Adierazpen askatasunari buruzko mahai-ingurua be egingo da Eser Uyansiz-en parte hartzeagaz. Azadiya Welat egunkari kurduko zuzendaria da. Ipar Kurdistanen (Turkiaren menpeko Kurdistan) kurduera hutsez argitaratzen dan egunkari bakarra da eta jazarpen handia bizi izan dabe. Eser-en aurreko bi zuzendariak, berbarako, espetxean dagoz egunkarian argitaratutako artikuluakaitik PKK gerrillako kide izatea leporatuta. Euskal Idazleen Elkarteak antolatuta, idazle kurduen eta euskaldunen poesia errezitaldia egingo da. Bide batez, Hegats aldizkariak Kurdistaneko literatugintzeari buruz argitaratutako ale berezia be aurkeztuko dabe. Haur Literatura Aretoan, bestetik, Zinar Ala eta Siwar Ala Espainian bizi diran bi aktibista kurduk gaztetxuenei Kurdistaneko kanta laburrak eta jantzak erakutsiko deutsiez. Azokarako argitaratzen diran nobedadeen artean Mem eta Zin liburua nabarmendu daiteke. Ahmed Khanik idatzitakoa da XVII. mendean eta Txalaparta argitaletxeak Urtzi Urrutikoetxeak eta Manuel Martorellek egindako itzulpena argitaratu dau. Epopeia kurdua da, kurduen Romeo eta Julieta bat.


Argizaiola Saria 2010: Imanol Urbieta

Gerediaga Elkarteak 1992tik emoten dau Argizaiola Saria. Euskerearen eta euskal kulturearen alde pertsonek, erakundeek eta taldeek egindako lana goraipatu eta eskertzeko saria da.

Azoka egunetan ekitaldi berezia egiten da saria emoteko. San Agustin Kultur Gunean egiten dan omenaldiak 'Gauean argi' izena hartu dau. Aurten, abenduaren 4an, iluntzeko 20:30ean egingo da. Atarte kultur alkarteak diseinau dau omenaldia.

Imanol Urbieta musikagile eta pedagogoak jasoko dau 2010eko Argizaiola Saria, baina, omenaldi digitala be egingo jako. Bere ekarpenak goraipatu eta erea ezagutzen dabenen topalekua izateko jaio da imanolurbieta.blogspot.com bloga.

Durangoko Azokarako berenberegi sortu dan bloga izan arren, gerora Imanol Urbietari buruz jakiteko Sarean izango dan beste leku bat izango da.


Durangoko Argizaiola saridunak urtez urte

1992 Jon Bilbao.
1993 Bernardo Estornes.
1994 Eusko Ikaskuntza / Euskaltzaindia.
1995 Euskal zinemagintza: Koldo Larrañaga, Benito Ansola, Pio Caro Baroja, Fernando Larrukert, Nestor Basterretxea eta Euskadiko Filmoteka.
1996 Antonio Zavala.
1997 Bittor Kapanaga.
1998 Juan Jose Agirre.
1999 Jose Maria Jimeno Jurio.
2000 Klaus F. A. Niebel.
2001 Juan San Martin.
2002 Labayru Ikastegia.
2003 Gerardo Bujanda.
2004 Jose Luis Alvarez Enparantza 'Txillardegi'.
2005 Gotzon Garate.
2006 Jakin Aldizkaria.
2007 Maiatz Aldizkaria.
2008 Juan Zelaia.
2009 Hasierako andereñoak: Izaskun Arrue (Araba), Libe Goñi (Iparralde), Izaskun Gastezi (Nafarroa), Karmele Esnal (Gipuzkoa) eta Begoña Aranguren (Bizkaia).

Datu azpimarragarri legez, eta Durangoko Azokearen eredua gure mugetatik kanpo atarateko ahaleginean, Gerediaga Alkartea Cultugal Galiziako kulturen foroan izango da datorren asteburuan.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu