‘La espera’, Hortzmuga eta Arriaga Antzokiaren produkzino barriak Vitoria-Gasteizko Nazinoarteko XXXV Jaialdian hasiko dau bere ibilbidea

Bizkaie! 2010-11-18 10:08   Kulturea

Bilbon joan dan urrian eta ikuslego zabal baten aurrean estreinautako La espera. Nadar de noche antzezlanak Vitoria-Gasteizko Nazinoarteko Antzerki Jaialdian hasiko dau bere ibilbide barria, Jesus Ibañez de Matauko antzokian gaur, zemendiak 18, iluntzeko 20:30etan eskainiko dan emonaldiagaz hain zuzen be.

Bilbon joan dan urrian eta ikuslego zabal baten aurrean estreinautako La espera. Nadar de noche antzezlanak Vitoria-Gasteizko Nazinoarteko Antzerki Jaialdian hasiko dau bere ibilbide barria, Jesus Ibañez de Matauko antzokian gaur, zemendiak 18, iluntzeko 20:30etan eskainiko dan emonaldiagaz hain zuzen be. La espera lanak Josu Montero poeta eta idazlearen testua dau oinarri eta Raul Cancelok zuzendutako ikuskizun hunkigarria da.

La esperak euren patuaren zain dagozan hiru pertsonaia batzen ditu gela bateko bakardadea iradokitzen dauen espazio metaforikoan. Musikariarentzat (Joseba Apaolaza) itsasertzean dagoan etxeko ganbera da. Hiltzorian dagoala, bere azken orduak hantxe emotea erabagi dau, onartzen ez dauen etorkizuna bertan itxarotea, musikea egiten gozetako eta maitatzeko desioa ez jakozalako itzali. Atxilopean azken hamabost urte egon dan emakumearentzat (Arantza Goikoetxea), barriz, ziega da. Kartzelan emongo dituan azken orduen gotorlekua. Hirugarren pertsonaia bat be badago (Gurutze Beitia), baten erizaina, bestearen amaren espiritua, ikuslegoarentzat Sherezade... Eta guztien lagun, musikea, Alain Sancho saxojoleak taulagainean joten dauen oihua, pertsonaien arimea...

Raul Cancelo zuzendariaren eretxiz, Hortzmuga Teatroa eta Arriaga Antzokiaren arteko produkzino hau sortze prozesuan parte hartu daben guztien artean bizitako abenturea izan da: 'berau egituratzen dabenak batera eta era paraleloan hazten joan dira, bai testua, zein plastikea eta musikea, baina batez be antzerki jokalarien partaidetzeagaz, antzezlanak behar dauen poetika berezia islatzea lortu dabelako. Izan be, egituraketa klasikotik aldentzen dan ikuskizuna dogu, muina, konfliktoa protagonisten baitan dagoalako. Hori dala-eta, antzezle lana ohikotik aldentzea beharrezkoa zan, eta nik aurreikusi baino harago eroatea lortu dabe'.

Produkzino honetan sabo garrantzitsua dan musikearen egilea Shanti Basaurik azaldu dauenez, antzezlana sortzen zan heinean bere lana be egitean, impromptu-an sakontzea behartu dau: 'Arriskutsua lan egiteko erea, baina egiazkoa da emoitzea. Bestalde, Alain Sancho saxojolea lako musikaria eszenatokian izateak balio erantsia emoten deutso'.

Hortzmuga taldeagaz batera produkzino honen atzean dagoan Arriaga Antzokiko zuzendari artistikoa dan Emilio Sagik, bestalde, La esperan parte hartu dauen taldea goraipatu izan dau: 'Testua zoragarria da. Mintzen dauen poetikea dario. Bere gogortasunagaitik klasikoak gogora ekarten ditu nonbait, baina momentu komikoakaz be buztartzen da'.

Kontrako bidean doazen pertsonaia biren istorioa be bada, La esperako protagonistek bizitzaren aurrean daben jarrerea antzekoa da, Josu Montero antzerkigilearen esanetan: 'Desindustrializazinoaren seme-alabak dira biak, kontentagatxak, atzekoz aurrera bizi izan diran matxinoak, baina euren bizitzaren momentu jakin batean –antzezlana gertatzen dan gaua, hain zuzen– errealidadeagaz estropozu egingo dabe'.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu